Joan Amendux Garrok euskaraz idatzitako epitafio gogorra utzi zigun XVI. mendean, bere paperen artean eskuzikribaturik. Hala dio (egungo grafian):

Hemen natza ortzirik, noizbait gozo eritzirik,
Herioak ustegabe doloreski egotzirik,
Ene anima Jangoikoagana beldurreki partiturik,
Lagun gabe bide luzean peril asko pasaturik,
Honak eta honrak bertan munduak edekirik,
Plazerak azkeno atsekabe bihurturik.
Ahaideak eta adiskideak arte gutis atzendurik
Ikusten tut, itsusirik, harretxe guzia deseginik,
Argi gabe illunbetan ustel eta kirasturik.
Nigar begi bapederak bere aldias oroiturik.
Nehork ere izanen estu nik estudan partidurik.
Ene anima duzuen gomendatu garitates mobiturik;
Zarraizkidate gero bertan hitzok ongi notaturik.
Josafaten baturen gara judizion elkarreki.
Bitarteo lo dagigun, bakea dela guzieki.

Amendux Iruñean sortu zen XVI. mendearen lehen erdian, jatorri baxenabartarreko familia dirudun batean. Haurra zela umezurtz gelditu zen, eta ordutik dena izan zen arazo eta kalapita. Lehengusu baten tutoretzapean Valtierrara joan zen, eta handik Tuterara ikastera. Ofizio bat ikastera Zaragozara joan zen baina, osasun arazoak tarteko, ez bide zuen arrakasta handirik izan eta sarritan itzuli zen Valtierrara. Flandrian egon ondoren mertzeria bat zabaldu omen zuen Iruñean, baina negozioetan arrakastarik izan ez, eta zor handiak batu zituen. Osabak bermatu zuen huts egindako negozio hori eta, ondorioz, gartzela ezagutu. Osabak, gero, Amendux bera espetxeratzeko eskaria egin omen zuen. Zenbait hilabetez egoera txarrean egon zen Amendux preso, Tafallan eta Iruñean. Irudian Tafallako presondegi zaharra dugu eta, oroigarriak gogora ekarri bezala, bertan egon zen preso gure idazlea. Atera ondoren hasi ziren familiarekiko auziak, hil arte eraman zituenak. Testuinguru lazgarri horretan idatzi zuen Amenduxek bere testua.

2019an, Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren urteurrenaren karira, Aziti Bihiak eta Kidekak musika paratu zioten olerkiari, eta honako bideoa grabatu:

Presondegi zaharra Miserikordia karrikako 15.ean dago, Tafallako alde zaharrean. Nafarroako Frantzisko plazatik (plaza nagusitik) Foruen plazara ezkerreko pasabidetik igaro eta aldapa gora jotzea aski dugu, lekua aurkitzeko.

Gehiago jakiteko: