Tag: euskara

Martzelino Garde Zarrakaztelun: sortetxea eta hilobia

Iturria: Zarrakaztelu.eus

Martzelino Garde Villafranca (Zarrakaztelu, 1925/10/02-Iruñea, 1990/05/06) apez euskaltzale nekaezina izan zen: beti omen zebilen euskaldunek euskara erabil zezaten indar egiten, baita apezen artean ere. Sorterrian hasi zen euskara ikasten baina Uztarrozen aritu zenean hango euskara landu, eta Erronkaribarko mintzoan poema ugari idatzi eta argitaratu zituen. Lehena El Pensamiento Navarron, 1954an. Euzko Gogoa eta Agur bezalako aldizkarietan ere aritu zen. 60ko hamarkadan Iruñeko ikastolen sorreran parte hartu zuen. 1973an, Pedro Diez de Ultzurrunek dimisioa aurkeztean, Nafarroako Diputazioaren Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarriaren ardura hartu zuen, baita Diario de Navarraren “Nafar izkuntza” atalarena ere, Irigaraik eta Satrustegik uko egin ziotenean. Euskaltzaindiak 1964 kide urgazle izendatu zuen, baina euskara batuari buruz zuen iritzia dela eta, Euskerazaintzatik hurbilago ibili izan zen.

Sortetxea Zarrakazteluko Aragoi etorbidearen 10.ean dago. Bertan oroigarri hau ikus daiteke, Zirika elkarteak eskainia:

MARCELINO GARDE VILLAFRANCA / EUSKALTZALEARI -1925 – 1990 / POR SU DEDICACION A NUESTRA LENGUA / EL EUSKARA / ZARRAKAZTELU 97-1-4 C.S.C ZIRIKA

Oroigarria 1990n Euskerazaintzak eskainitakoaren ordez paratu zen, hura paratu eta berehala desagertu baitzen. Hona zaharraren argazkia:

Iturria: Zarrakaztelu.eus

GARDE VILLAFRANCA. MARCELINO / APAIZA-SACERDOTE / CARCASTILLO 2-10-1925 + 6-5-1990 / AMANTE Y ESTUDIOSO DE NAVARRA / DEFENSOR Y MARTIR DEL EUSKERA / GORATZARREA-HOMENAJE 22-9-1990 / EUSKERAZAINTZA, ERRI-AKADEMIA DEL EUSKERA

Arripodasen apaiz zebilela hil zen Iruñean, baina gorpua sorterrian ehortzi zuten. Hilarri zahar bat dago Garderen hilobian, berak Bardean aurkitu bide zuena. Hobia aurkitzeko, hilerrian sartu, erdiraino joan eta ezker aldera joko dugu. Hilobian GARDE VILLAFRANCA ikus dezakegu idatzirik, bi lauburu, eta hostia bat. Harlauzan San Migel goiaingeruaren irudia dago, eta bi esaldi: GOYAN BEGO eta LA VERDAD OS HARA LIBRES.

Bihoakio nire esker ona Marcos Perez Abendañori, lekuak aurkitzeko emandako laguntzagatik.

     Gehiago jakiteko:


Juan Goikoetxearen omenezko oroigarria Arbizun

Aurreko sarrera batean mintzatu ginen Juan Goikoetxea Zabalo (Lezaeta, 1905/11/18-Donostia, 1973/06/30) idazle, euskaltzale eta euskaltzain urgazle larraundarrari buruz. Arbizun 40 urtez apez egon zenean euskararen alde agertu zuen jarrerari esker besteak beste, herriak euskarari eutsi zion, inguruko herrietan erabilera apaldu bazen ere.

Hil ondorean, 1973ko urriaren 28an, Nafarroako Diputazioko ‘Vianako Printzea’ instituzioaren Euskararen Aldeko Sailak omenaldia egin zion Arbizun. Alkatea, apez berria, Jesus Ezponda diputatu larraundarra eta Martzelino Garde saileko burua izan ziren. Elizaren sarreran paratutako oroigarria mustu zuen diputatu jaunak, eta hor dirau:

GOIKOETXEA ZABALO’TAR JUAN
1933’TIK 1973’RA ARBIZU’KO ERRETORA
BERROGEI URTEZ
ERRI ONTAKO KRISTAU-SIÑISMENARI
EUSKERAREN BIDEZ EUTSI ZION

Egun hura honela gogoratu zuen Príncipe de Viana adizkariaren euskarazko gehigarriak (92. zkia., 3. or.):


Hiriberria etxeko ataburua

Baigorriko Hiriberria infanzon etxea da. Hartara, besteak beste, etxe horri atxikitako lurrek zenbait zerga salbuetsirik zituzten. Ataburuan etxea bera mintzo zaigu:

INFANCON / SORTVNIS
INFANCON / HILENNIS

Hots:

Infanzon sortu niz,
infanzon hilen niz.

Zoritxarrez ezin izan dugu ataburuaren irudi onik egin, baina balia bekigu Colasen irudi hau, erakusgarri.

Etxea Behereko Karrikan dago, plazan, frontoiari aurrez begiratuta ezker, Etxauziara igotzeko bideari itsatsita. Aurrean larraina du, eta ez da erraza ataburua ongi ikustea.


  • Iruzkin berriak

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu