Ubaldo Hualde Martin (Uztarroze, 1871-Izaba, 1967-07-31) oso pertsonaia berezia izan zen. Hura izan zen Erronkaribarko euskararen azken hiztun osoetarik. Ongi ezagutzen zituen herri bateko eta besteko aldaerak, eta Koldo Mitxelena, Juan San Martin, Mariano eta Jose Estornes, Jose Mari Satrustegi, Ana Etxaide eta bestelako ikerlarien informatzailea eta laguntzailea izan zen, kantuak, esaerak eta hiztegia bilduz, baita idatziz ere. Askotan izabarrek Zuberoara laguntzeko eskatzen zioten, harremanetan euskara baliatu ahal izateko. Bitxikeria gisa, Ubaldo eta Prudentzio Hualde, Bidankozeko euskaldun eta Bonaparte printzearen informatzaile ezaguna, askazi urrunak ziren. Prudentzioren aita Ubaldoren aitonaren anaiaren semea zen.

Ubaldo ibarrarekiko pertsona arduratua zen. Hura izan genuen hango janzkera tradizionala egunero erabiltzen azkenetarikoa, eta gelditzen ziren azken jantziak gorde eta berriak egiteari ekin ziona, patroiak egiteko Madrilera jo behar izan bazuen ere. Izabako alkate ere izan zen, eta gerra denboretan hainbat salbatu zituen heriotzetik. Ubaldo izan zen, gainera, Idoiako baselizako patronatuaren azken burua.

Izabako Esandi etxea

Uztarrozeko Gregorio (Sanz, gaur egun) etxekoa izanik ere, 1899ko apirilaren 17an Inocencia Anaut Esandirekin ezkondu zen Izabako Esandi etxera eta han bizi, hil arte. Gaur egun etxe horretan haren bilobak, Fernando Hualde ikerlari eta biltzaileak, objektu etnografikoen bilduma ederra du. Etxea Burgiberria auzoan dago.

Ubaldo Hualderen hilobia

Ubaldo Izabako hilerrian datza, emaztearekin eta alabarekin batera. Hobia aurkitzeko, hilerrian sartu (Uztarrozeko bidean, zerrategi baten atzean), eta ezker aldera joko dugu.

Gehiago jakiteko: