XX. mendea

Fernando Urkia idazlearen sortetxea (zena)

Arbizuko Anttonekoan jaio zen Fernando Urkia Bakaikoa (Arbizu, 1896/04/16-Erroma, 1959/03/19) fraide eta idazlea. Gaur egungo etxea ez da, haatik, Urkia sortzen ikusi zuen berbera. Musikaren alorrean, egindako konposizio lanengatik eta organista izateagatik da ezaguna, baina Saltako apezpiku izatera ere iritsi zen. Euskaraz artikulu ugari idatzi zituen, Euskal Esnalean eta Argian esaterako, euskararekiko kezka agertuz, baita ohiturez eta historiaz ere. Ipuingintzari eta hiztegigintzari ere lotu zitzaion, eta saritutako bi antzerki lan ere utzi zizkigun. Askotan bezala, gerrarekin etorritako erbesteak eten zuen bere ekoizpena.

Herriko seme kuttun izendatu zuten, eta sortetxea dagoen karrikari gure protagonistaren izena eman. Etxea, beraz, Fernando Urkia karrikako 37.ean dago, Etxarriko bide zaharra zen hartan. Sasoi batez hura zen, Etxarritik etorrita, Arbizuko lehen etxea.

Gehiago jakiteko:

 


Blas Alegria idazlearen sortetxea (zena)

Lakuntzako Dendaberri etxean jaio zen Blas Alegria (Lakuntza, 1883/02/03-Lakuntza, 1947/10/12) Duela urte zenbait etxe hura eta ondokoa (Kaporraz) eraitsi, eta biek hartzen zuten lekuan eraiki zuten irudikoa. Lakuntzako koadjutore eta bikario izan zen apeztu ondoren, eta artzipreste ere bai. Sasoi batean Seminarioan irakasle aritu zen eta bertan euskara katedra hartzekotan egon bazen ere, ez zuen sekula hartu, ongi ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko.

Euskeraren Adiskideak elkarteko kidea izan zen, eta Euskal Esnalea eta Revista Internacional de los Estudios Vascos aldizkarietan argitaratu zituen bere idazkiak. Hainbat literatur lehiaketatan parte hartu zuen. Herriko eta inguruko ohituren gainean idatzi ohi zuen, euskararen gorazarre eta hizkuntza bizian, prosa eta poesia, eta antzerki lan batzuk ere utzi zizkigun, baita sermoiak ere, baina batzuk gerra denboran galdu ziren.

Dendaberri etxea zena

Etxea Lakuntzako plazan bertan zegoen, Uriz eta Abarrategi kaleen izkinan, pikotaren ondo-ondoan.

Gehiago jakiteko:

 


Jose Manuel Lasarte euskaltzalearen sortetxea

Etxe honetan, Apezenean, sortu zen Jose Manuel Lasarte Mugiro (Etxarri-Larraun, 1927/06/20-Iruña, 2007/04/17) apez euskaltzalea. Luzaiden, Berueten, Leitzan eta Uharte Arakilen apez egondakoa. Berueten euskarazko irratia sortu zuen (1958-1964). Leitzan Nekazari Eskolan zuzendari eta irakasle aritu zen euskaraz, eta 1965ean ikastola bat zabaltzeko ahalegina egin zuen. Uharten euskarazko mezak berreskuratu zituen. ‘Vianako Printzea’ instituzioko Euskararen Aldeko Sailak antolatutako hainbat festa eta sariketatan ere antolatzaile eta esatari ibili zen, hala nola, Etxalekun 1959an. Sailak euskara eskoletan sartzeko ahalegina egin zuenean, 1968an, kide izendatu zuen, Jose Mari Satrustegirekin batera. Idazki gutxi utzi bide zituen; horietako batzuk Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian. 1964an kide urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Etxea herri erdian dago, errepidean bertan. Lekunberritik etorrita, eskuin aldean.

Jose Manuel Lasarte Mugiro

Gehiago jakiteko:

 


Juan Goikoetxearen omenezko oroigarria Arbizun

Aurreko sarrera batean mintzatu ginen Juan Goikoetxea Zabalo (Lezaeta, 1905/11/18-Donostia, 1973/06/30) idazle, euskaltzale eta euskaltzain urgazle larraundarrari buruz. Arbizun 40 urtez apez egon zenean euskararen alde agertu zuen jarrerari esker besteak beste, herriak euskarari eutsi zion, inguruko herrietan erabilera apaldu bazen ere.

Hil ondorean, 1973ko urriaren 28an, Nafarroako Diputazioko ‘Vianako Printzea’ instituzioaren Euskararen Aldeko Sailak omenaldia egin zion Arbizun. Alkatea, apez berria, Jesus Ezponda diputatu larraundarra eta Martzelino Garde saileko burua izan ziren. Elizaren sarreran paratutako oroigarria mustu zuen diputatu jaunak, eta hor dirau:

GOIKOETXEA ZABALO’TAR JUAN
1933’TIK 1973’RA ARBIZU’KO ERRETORA
BERROGEI URTEZ
ERRI ONTAKO KRISTAU-SIÑISMENARI
EUSKERAREN BIDEZ EUTSI ZION

Egun hura honela gogoratu zuen Príncipe de Viana adizkariaren euskarazko gehigarriak (92. zkia., 3. or.):


Juan Goikoetxea idazle eta euskaltzalearen sortetxea

Juan Goikoetxea Zabalo (Lezaeta, 1905/11/18-Donostia, 1973/06/30) idazle eta euskaltzale larraundarra Uhaldea izeneko etxe honetan sortu zen. Apez aritu zen Arbizun 1933tik 1973ra, eta euskararen aldeko jarrera herrian euskarari eusteko berebizikoa izan zen. Nafarroako elizbarrutian erabiltzeko zenbait testu liturgiko ere euskaratu zituen, eta Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian ere frankotan idazten zuen, sekula sinatzen ez bazuen ere. Horrek zailtzen du bere idazlanak zein diren eta non argitaratu ziren jakitea. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1963an.

Juan Goikoetxea

Etxea aurkitzea erraza da, Lezaeta oso herri txikia delako. Bidetik ikusten da eta herrian Tolosako aldetik sartzen bagara, lehendabiziko etxea dugu.

Gehiago jakiteko:


Patxi Ondarraren sortetxea

Bakaikuko etxe honetan jaio zen Frantzisko Ondarra Erdozia (Bakaiku, 1925/05/19-Iruñea, 2005/07/31) irakasle, filologo, kaputxino eta euskaltzaina. Euskararen alorrean, dialektologian aritu zen, eta Nafarroako testu zaharrak aurkitu eta editatzeari ere ekin zion gogotsu. Ezagun dira Lizarraga Elkanokoaren idazkien gainean egindako lanak eta Polikarpo Iraizozkoarenak, beste askoren artean. Azken horrek utzitako jarlekua hartu zuen Ondarrak Euskaltzaindia.

       

Etxeak ez bide du izen berezirik, eta gaur egun bi bizitzatan banatua dago. Aurkitzea ez da erraza. Errepidetik abiatuta, iturria ikusiko dugu. Iturria ezker utzita, gora eginen dugu Galtzada karrikatik. Iturgain eta Iriondo karriken bidegurutzera ailegatzean, etxearen gibeleko aldea aurrez aurre izanen dugu.

Gehiago jakiteko:

 


Jose Mari Satrustegi euskalaria Arruazun

Satrustegi eta Barandiaran 1975ean

Jose Mari Satrustegi Zubeldia (Arruazu, 1930/11/30-Iruñea, 2003/03/27), ikerlari, etnografo, euskalari, apez eta euskaltzain osoa izan zen.

Lan ugari argitaratu zituen eta euskarari doakionez, euskal testu zaharrak biltzen eta ezagutzera ematen lan eskerga egin zuen, baita onomastikaren alorrean ere, eta Euskaltzaindian, euskara batuaren lehen urratsetan. Gainera, Nafarroan euskara gal ez zedin ere gogotsu egin zuen lan Nafarroako Diputazioko Vianako Printzea instituzioaren Euskara Sustatzeko Sailetik, baita apez egon zen herrietan ere. Literaturaren alorrean ere zenbait lantxo, kritika eta itzulpen egin zituen. Hari zor zaizkio, bestalde, Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituen Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarien sorrera. Lehenaren zuzendari izan zen urte luzez, eta artikulu anitz eman zituen argitara bertan.

Arruazun Satrustegirekin lotutako zenbait leku daude:

Satrustegiren sortetxea: Kuartelea, Karrika Nagusiko 17.ean

Bizitokia, erretiratu zenetik zendu zen arte: Milikonea, Karrika Nagusiko 18.ean.

Hilobia, Arruazuko hilerrian, Ekialdeko murruaren kontra.

JOSEMARI / SATRVSTEGI / ZUBELDIA / APAIZ ETA / EVSKALTZAINA / 1930-2003

 

Haren omenez egindako harria, Karrika Nagusian, sortetxearen ondoan.

JOSE MARIA / SARUSTEGI ZUBELDIA / (1930-2003) / seme kutun, apez eta euskaltzainari / ARRUAZU / zure herriak

 

Gehiago jakiteko:

 

 


Mirande Parisen (I)

Jon Mirande Aiphasorho (Paris, 1925/11/10-Paris, 1972/12/28) idazle oparo bezain heterodoxoa izan zen. Igela aldizkaria sortu zuen beste batzuekin batera, eta Haur besoetakoa lan polemikoa ere argitara eman zuen. Olerkigintzan nabarmendu zen, baita itzulpengintzan ere, Baudelaireren Zithal liliak eta Poeren Bela itzuli zituen, besteak beste.

Beste sarrera batean haren hilobiaren berri eman genuen. Oraingoan Miranderen bizitzarekin lotutako beste zenbait leku dakartzagu.

Capri karrika 6. Jaio zenetik sei urte bete arte, etxe honen azken solairuan bizi izan zen Mirande bere familiarekin.

 

Wattignies karrika 52. Hau izan zen Miranderen lehendabiziko eskola, etxetik oso gertu.

 

Traversière karrika 57. Saint-Antoine-des-Quinze-Vingts elizan izan ziren Miranderen ehorzketak. Aitzitik, idazleak elizkizunik ez bide zuen nahi…

 

Gehiago jakiteko:


Jon Mirande idazlearen hilobia

Jon Mirande Aiphasorho (Paris, 1925/11/10-Paris, 1972/12/28) idazlea Thiaisko hilerriko hobi honetan datza.

Mirande idazle oparo bezain heterodoxoa izan zen. Igela aldizkaria sortu zuen beste batzuekin batera, eta Haur besoetakoa lan polemikoa ere argitara eman zuen. Olerkigintzan nabarmendu zen, baita itzulpengintzan ere, Baudelaireren Zithal liliak eta Poeren Bela itzuli zituen, besteak beste.

Gizon poliglota eta eruditoa bere pentsakerak sasoiko abertzaltasun kristauarekin talka egin zuen maiz, eta ate zenbait ere itxi zizkion horrek. Azkenik, depresioak jota, bere burua hil zuen.

Thiaisko kanposantuko pertsonaia ezagunen zerrendan ageri da Mirande, eta horri esker erraz jakin daiteke bere hilobia 14. dibisioan, 12. lerroan dagoela, eta 37.a dela. Dena den, dibisioak planoan markatuak badaude ere, lerroak eta hobiak ez daude zenbatuak eta horrek oztopatzen du bilaketa; are gehiago, hobiaren egoera ikusita: huntzak jana eta hilarria kasik ezabatua. Denbora behar izan nuen aurkitzeko. Hala ere, behin aurkituta, dibisio horretan huntzaz estalia dagoen bakanetakoa da. Ailegatzeko modu hoberena Avenue du Nord-etik 14. dibisioan sartzen den atakatik sartzea da. Behin sartuta, bidexkan aurrera egin eta berehala gure ezker aldean ikusiko dugu. Beste bi izenekin batera, harlauzak hau dio: Mr Jean Mirande 1925-1972.

Ni izan nintzenean norbaitek bere nobelaren ale bat utzia zuen han, ordurako denborak eta aroak higatua.

Gehiago jakiteko:


Xalbador bertsolariaren hilobia

Iturria: Wikipedia

Urepeleko Xalbadorreneko hilobo honetan datza Fernando Aire Etxart “Xalbador” (Urepele, 1920/06/19-1976/11/07) bertsolari ezaguna. Plaza eta txapelketa askotan ibilia, zenbait idazlan ere utzi zizkigun. Ezagunena Odolaren mintzoa liburua da. Euskaltzain ohorezko ere izandatu zuten.

Hilerria elizaren alboan dago eta ez da handia. Erdialdean aurkitzen da hilobia.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu