XVIII. mendea

Arrosako Kastoreneko ataburua

Arrosako (Nafarroa) Eihartze auzoko Kastorena etxeak honako ataburua du:

IOANNES
DE.HEGVI
PORTALADA
HVNEN
EGUILEA

ETA HAREN
ESPOSA.IEAN
NE.D’AR
ROSA

DOMINGO
TOMPERIZ

LAN
1787

Hots:

Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa Jeanne d’Ar[r]osa. Domingo Tomperiz L’an 1787.

* * *

Iduri duke Domingo hori hargina dela. Ez da ohikoa, haatik, harginek beren obrak ataburuetan sinatzea. Bestalde, Tomperiz deiturak Done Peritz formaren aldaera dirudi.

Bestalde, lehen testuetarik dugu, eremuan egun ere ohikoa den o>u bilakabidea sudurkariaren ondotik, erakuslean (hunen). Aipagarria da haren formaren erabilera, Linschmann-Aresti legea urratzen bide duena. Bere bihurkaria beharko genuke; are gehiago, Iparraldeko testuetan (begiratu OEH), baina, bada salbuespen bat, testu zaharretan ere betetzen dena: genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagma horrek eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez da aplikatzen delako erregela hori. Eta kasu honetan, hala da, [Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa] sintagma bakarra baita.

Lekua aurkitzeko, Baigorritik Arrosarako bidea hartuta, Ortzaizera joateko trenbidea gurutzatu baino lehen, hartu ezkerretara igotzen den aldapa eta berehala ikusiko duzu.


Bidarteko elizako harlauza

Bidarteko elizaren sarreran, kanpoan, inoiz eliza barnean egondako harlauza baten zati bat dago. Ohikoa da inoiz tonba izandako harriak eliza inguruko zolatzat berrerabiltzea, eta uste dut hau hori bera den. Duda dut, halere, etxe baten hobiaren berri ematen duen edo, seguruago, etxe horretakoek (egun Butuenia deritzon etxekoak?) elizan non jarri behar zuten markatu.

Honek ez du datarik, baina, itxuragatik, XVIII. mendearen bigarren erdikoa izan daitekeela uste dut, horretarako argudio sendorik eman ezinik.

Hala dio:

HAVDA
BVTVRE
NECOIA
RLEQVBA

Hots: Hau da Butureneko jarlekuba

Hona ekarri dut, fonologiari begira bi elementu aipagarri dituelako. Batetik, eremu horretan hilzorian dagoen hasperena (hau) ageri duelako, baina, batez ere, ageri duen kontsonante epentetikoagatik (jarlekuba). Ikusten denez, <u> eta <a> artean <b> ageri da. Horrelako epentesiak ohikoak dira egun, besteak beste  Sakanako euskaran, baina badakigu inoiz indartsuagoa izan dela: Beterrin, esaterako, gibelka ari da, baita Mendebalean ere. Baina, Lapurdin?

Lapurterazko testu zaharretan, XVII. mendeko lapurtera klasiko delakoan idatzitako horietan, ez da horrelako epentesirik ageri, Etxeberri Dorre salbuespen. Gaur egun ere, kostako mintzoetan ez da bildu. Haatik, erruz ageri zaizkigu XVIII. mendeko Lapurdiko gutun eta testu administratibo zenbaitetan, Le Dauphin ontzikoetan edo Elosegik argitara eman horietan, estaerako, baita Websterrek bildu ipuinetan eta Bonaparteren testigantzetan ere, XIX. mende mendean.

Hona, beraz, ezaugarri bat ahozkoan baliatzen zena, nola nekez islatzen den maila jasoko idatzian, XVIII-XIX. mendeko testuek (generoagatik segur aski) erruz dokumentatzen duten, eta gero desagertu.

 

(Milesker Dorotari eta Enekori!)


Baigorriko ataburua (beste bat)

Beste sarrera batean Baigorriko euskarazko ataburu batez mintzatu ginen. Gaurkoan beste etxe batekoa dakargu. Ataburuak hala dio:

IOANNESDE / SARRICVIEN

CATALINDE / IRIBARNE

IANCOASOR / HIT. 1749

Hau da:

Ioannes de Sarricuien

Catalin de Iribarne

Iancoas orhit, 1749

Orotariko Euskal Hiztegiak Janko aldaera Baigorrikotzat du hain zuzen ere, eta Le Dauphin ontziko gutunetan ere ageri da aldaera hori.  Orhit(u) aditza, hemen aditzoin forman ageri dena aginterazko zentzuan, arrotza da egungo Baigorrin, orroit(u) entzun baitaiteke haien ahotan. Badirudi, hala ere, orhitu dela Zuberoako eta Nafarroa Behereko autore zaharrek baliatu izan dutena, OEH ikusita. Etxeparek berak badakar, Jainkoaz orhitu esamoldean hain zuzen. Baigorrin oraindik hasperen zenbait entzun badaitezke ere, ozen ondokoak, honakoa bezala, nekez aurkituko ditugu egun.

Ataburua aurkitzea erraza da, Karrika Nagusian berean baitago, Behereko karrikan hain zuzen. Herriko etxea eskuin eta pilotalekua ezker utzita, plazatik atera karrikan behera, eta lehendabiziko etxean dago, ezker aldean, inoiz ate izandako leiho batean.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu