XIX. mendea

Lehetxipia: Laurent Diharasarri eta Mayi Ariztia idazleen sortetxea

 

Sarako etxe honetan, Lehetxipian, sortu zen Jean Martin Laurent Diharasarri idazle eta apeza (Sara, 1848/04/01-Donibane Garazi, 1902). Kanboko apez zela, Ortzaizera aldatu zuen apezpikuak, auzi politikoetan sartzeagatik. Euskaraz testu erlijiosoak idazteaz eta itzultzeaz gain, luma zorrotza zuen Errepublikaren kontra aritzeko ere, eta diputatu izateko hautagai ere izan zen. Poesia ere idatzi zuen, Mauleko Lore Jokoetan saria jasoz.

Laurent Diharasarri (Iturria: Literaturaren Zubitegia)

Haren iloba zen Mayi Ariztia (Diharasarri sortua) ere etxe honetan jaio eta bizi izan zen (Sara, 1887/07/28-Sara, ??/09/1972). Ipuin ugari idatzi zituen, eta haietako asko Gure Herria, Anuario de Eusko Folklore eta Egan agerkarian plazaratu. 1934an Amattoren uzta ipuin bilduma kaleratu zuen frantses itzulpena lagun, han eta hemen jasotako kontakizunekin. Jose Migel Barandiaranen eta Aita Donostiaren kolaboratzaile eta berriemaile ere ibili zen.

Mayi Ariztia (Iturria: Literaturaren Zubitegia)

Etxea Uharka errekaren bazterrean dago, Isidoro Deunaren ermitaren ondoan. Sarako plazatik abiatzen bagara, eliza eta plaza bizkar utzi, eta behera eginen dugu, Hegoaldera. Bidexka batetik jeitsita topatuko dugu, bidegurutze batean.

Gehiago jakiteko:

Laurent Diharasarri

Mayi Ariztia


Lakoizketa etxea: Jose Maria Lakoizketa botanikoaren sortetxea

Narbarteko etxe kapare honetan sortu zen Jose Maria Lakoizketa Santesteban (Narbarte, 1831/02/02/1831-Elbete, 25/12/1889) apez eta botanikoa. 1857an Narbarteko erretore bilakatua, orduan hasi zitzaion landareekiko zaletasuna. Elbeteko Jarola palazioan hil zen arte, herbario erraldoia osatu zuen, landareak bilduz, deskribatuz eta sailkatuz. Zeregina obsesio bilakatu zen ia, eta pertsona berezia zela diote ezagutu zutenek, Lakoizketako eroa izengoitia ere eman baitzioten. Egindako lanak ospea eman zion eta Societé Botanique de France, Sociedad Linneana Matritense eta Real Sociedad Española de Historia Natural erakundeetako kide izendatu zuten.

Jose Maria Lakoizketa. Iturria: Auñamendi

Bi lan argitaratu zituen: Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el Valle de Vertizarana (1884-1885) eta, blog honetara lekua egin dion Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos, franceses y científicos latinos (1888). Lan honetan euskararen aintzinatasunaren eta aberastasunaren gorazarrea egiten da, etimologiak proposatzen dira (ez sobera zuzenak, egia esan), eta zenbait tradizio eta ohitura ere aipatzen. Lan hau Iribarrenen Vocabulario Navarro lanaren eta beste zenbaiten iturri ere izan da. Bitxikeria gisa, desagun euskarazko sermoi batzuk utzi zizkigun Javier Ramon Lakoizketa apezaren iloba zela Jose Maria.

Etxea Narbartekoa izanik ere, Legasatik hurbilago dago. Narbartetik Legasarako bidea hartuta, Legasa ezker ikustean, etxea eskuin aldean topatuko dugu. Bertizaranako armarriaz gain, oroigarri hau ikus daiteke aurrealdean:

LAKOIZKETA’R JOSE Mª
APEZ ZENARI.
1831KO II-2’AN 1889KO XII-25EAN.
ETXE ONTAKO SEME ZEN
LAKOIZKETA JAUNA. LANDARE
JAKINTZAN EUSKALDUN NAGUSIENA.
EUSKALDUNAK ZOR DIOGUN
AIPAMENAZ JASOTAKO OROITAŔIA.
1924’N URTEAN.

  Gehiago jakiteko:

 

 


Izabako azken euskaldunak: Ubaldo Hualde

Ubaldo Hualde Martin (Uztarroze, 1871-Izaba, 1967-07-31) oso pertsonaia berezia izan zen. Hura izan zen Erronkaribarko euskararen azken hiztun osoetarik. Ongi ezagutzen zituen herri bateko eta besteko aldaerak, eta Koldo Mitxelena, Juan San Martin, Mariano eta Jose Estornes, Jose Mari Satrustegi, Ana Etxaide eta bestelako ikerlarien informatzailea eta laguntzailea izan zen, kantuak, esaerak eta hiztegia bilduz, baita idatziz ere. Askotan izabarrek Zuberoara laguntzeko eskatzen zioten, harremanetan euskara baliatu ahal izateko. Bitxikeria gisa, Ubaldo eta Prudentzio Hualde, Bidankozeko euskaldun eta Bonaparte printzearen informatzaile ezaguna, askazi urrunak ziren. Prudentzioren aita Ubaldoren aitonaren anaiaren semea zen.

Ubaldo ibarrarekiko pertsona arduratua zen. Hura izan genuen hango janzkera tradizionala egunero erabiltzen azkenetarikoa, eta gelditzen ziren azken jantziak gorde eta berriak egiteari ekin ziona, patroiak egiteko Madrilera jo behar izan bazuen ere. Izabako alkate ere izan zen, eta gerra denboretan hainbat salbatu zituen heriotzetik. Ubaldo izan zen, gainera, Idoiako baselizako patronatuaren azken burua.

Izabako Esandi etxea

Uztarrozeko Gregorio (Sanz, gaur egun) etxekoa izanik ere, 1899ko apirilaren 17an Inocencia Anaut Esandirekin ezkondu zen Izabako Esandi etxera eta han bizi, hil arte. Gaur egun etxe horretan haren bilobak, Fernando Hualde ikerlari eta biltzaileak, objektu etnografikoen bilduma ederra du. Etxea Burgiberria auzoan dago.

Ubaldo Hualderen hilobia

Ubaldo Izabako hilerrian datza, emaztearekin eta alabarekin batera. Hobia aurkitzeko, hilerrian sartu (Uztarrozeko bidean, zerrategi baten atzean), eta ezker aldera joko dugu.

Gehiago jakiteko:


Fernando Urkia idazlearen sortetxea (zena)

Arbizuko Anttonekoan jaio zen Fernando Urkia Bakaikoa (Arbizu, 1896/04/16-Erroma, 1959/03/19) fraide eta idazlea. Gaur egungo etxea ez da, haatik, Urkia sortzen ikusi zuen berbera. Musikaren alorrean, egindako konposizio lanengatik eta organista izateagatik da ezaguna, baina Saltako apezpiku izatera ere iritsi zen. Euskaraz artikulu ugari idatzi zituen, Euskal Esnalean eta Argian esaterako, euskararekiko kezka agertuz, baita ohiturez eta historiaz ere. Ipuingintzari eta hiztegigintzari ere lotu zitzaion, eta saritutako bi antzerki lan ere utzi zizkigun. Askotan bezala, gerrarekin etorritako erbesteak eten zuen bere ekoizpena.

Herriko seme kuttun izendatu zuten, eta sortetxea dagoen karrikari gure protagonistaren izena eman. Etxea, beraz, Fernando Urkia karrikako 37.ean dago, Etxarriko bide zaharra zen hartan. Sasoi batez hura zen, Etxarritik etorrita, Arbizuko lehen etxea.

Gehiago jakiteko:

 


Louis-Lucien Bonaparte printzearen bizitokia

Bonaparte bizitokia

Etxe honetan bizi izan zen (segur aski) Louis-Lucien Bonaparte Bleschamp (Thorngrove etxea, Grimley (Worcestershire), Britania Handia, 04/01/1813-Fano, Italia, 03/11/1891).

Louis-Lucien Bonaparte_01

Familia aristokratiko bateko kide, Lucien Bonaparteren semea zen, eta Napoleon I.aren iloba. Horrek politikarako sarbidea ahalbidetu zion eta baita ikerketara dedikatzeko aukera. Euskalaritzan famatua da euskararen dialektuen gainea egindako ikerketengatik. Esan daiteke dialektologia helburu zuen lehen lan zientifikoen egilea dela. Oso lan sistematikoak burutu zituen, itzulpenak enkargatu, datu eta testu andanak bildu, mezenas eta argitaratzaile lanak egin, etab. Bilketa horiek oso famatuak egin diren euskalkien mapak (1,2) burutzeko oinarria izan ziren. Esan beharra da Bonaparteren euskalkien sailkapenak oraindik balioa duela euskalarien artean eta azken sailkapen eta mapen oinarri sendoa ere badela. Gainera, orduan euskarak zuen hedaduraren erakusgarri ona dira bere lanak.

Ezin ziurta dezaket hau izan zenik Bonaparteren bizitokia, baina hainbat peskiza eginda, hala dela dirudi. Izan ere, Bonaparte Londresen bizi izan zen, Norfolk Terrace karrikako 6an bizi zela badakigu, hark berak hala agertzen baitzuen. Zoritxarrez guretzat, XIX. mende bukaeran karrika horren izena desagertu eta  Westbourne Grove karrikari lotu zitzaion, etxeen zenbaketa ere hori doituz. Kalkulu batzuk eginda eta erreferentzia batzuk hartuta, orduko Norfolk Terrace karrikako 6a gaur egun Westbourne Grove karrikaren 120a dateke, hots, irudiko etxea.

Informazio gehiago:


J. D. J. Sallaberry abokatuaren bizitokia

etxea sallaberry

Mauleko etxe honetan bizi izan zen Jean Dominique Julien Sallaberry abokatua (Maule, 16/05/1837-?, 25/11/1903). Artikulu eta testu zenbait idatzi bazituen ere, bere Chants Populaires du Pays Basque lanagatik da ezaguna, 1870ean Baionan argitara emana. Liburu horretan lehen aldiz jaso ziren idatziz Bereterretxeren Kantorea bezalako doinu famatuak, ahozko tradiziotik bilduak, eta beste batzuk nahita kanpo utzi.

oroigarria sallaberry

Etxea aurkitzea erraza da. Mauleko karrika nagusian dago, Victor Hugo karrikaren 25.ean hain zuzen. Oroigarri bat dago bertan: Etxe honetan bizi izan zen / Dans cette maison vecut / J. D. J. Sallaberry / 1837-1903 / Lege-gizona / advocat, notaire / Eüskal kantorearen sütazale / auteur du premier recueil de / chansons populaires basques (1870).

ataburua sallaberry

Informazio gehiago:


Agosti Chahoren hilobia

Chaho


Joseph Augustin Chaho Lagarde idazlea (Atharratze, 1811ko urriaren 10a – Baiona, 1858ko urriaren 23a). Batzuentzat euskal nazionalismoaren lehen printzen adierazle da idazle erromantiko hau. Gurera bihurtuaz, euskarazko Ariel aldizkaria sortu zuen, eta Etudes grammaticales sur la langue euskarienne idatzi zuen Abbadierekin batera.

Chaho 1

 

Chaho 2

 

Chaho 3

Chaho 4

Baionako Saint Léon hilerrian dago lurperatuta. Hilerria koxkor xamarra da eta, ni bezala, bila eta bila egon nahi ez baduzue, haratx datu batzuk tunba aurkitzeko. Hilerriak bi sarrera ditu, Baltet Karrikatik edo Monseigneur Gieure karrikatik. Baltetetik sartu behar dugu, hots, iparraldetik. Ate horretatik sartuta eta hilerria iparretik hegora zeharkatzen duen bidetik bagoaz, ezkerraldeko tunben artean bilatu behar dugu. Bide nagusitik kalexkak ateratzen dira: bost kontatu behar ditugu, beraz, bosgarren kalexkan, ezker hartu. Kalexkaren erdialdera dago tunba eta Xahoren aurpegia Baionako katedralera begira dago.

Loturak:

 


Pierre Topet “Etxahun Barkoxe”-ren sortetxea zena

Etxahun Barkoxe (2)
Barkoxeko Etxahunian sortu zen, Pierre Topet (1786/07/26-1862/01/17). Gaur egun etxearen arrastoak baino geratzen ez badira ere, oroigarri batek esaten digu bertan egon zela XIX. mendeko poeta zuberotarraren jaiotza eta heriotza ikusi zituen etxea.

                      Barkoxe
Heben sorthü eta hil da pierra Topet Etxahun koblakaria 1786-1862

Barkoxeko lurretan egonik ere, etxearen aztarnok ez daude herrian bertan, eta  ez dira aurkitzen errazak. Barkoxera joateko biderik ohikoena, Sohütatik abiatu eta Hoki pasatzen duena da, baina badago beste bide bat Barkoxe eta Atharratze lotzen dituena. D347 errepidea da baina egia esan, bidexka baten antza handiagoa du: kotxean pazientzia pixka batekin egin daiteke eta oso polita da. Bide horretatik joan eta bide bazterrean ezkerretara aukituko dugu oroigarria.


Euskargazkin honekin lotua:

Pierre Topet “Etxahun Barkoxe”-ren hilobia


Pierre Topet “Etxahun Barkoxe”-ren hilobia

Barkoxe (4)

Pierre Topet Etxahun Barkoxe, izengoitia eman dion herri eta etxean, hots, Barkoxeko Etxahunian sortu zen 1786ko uztailaren 26an eta 1862ko urtarrilaren 17an zendu. Xiberoak eman duen olerkari eta bertsolari ezagunenetarikoa da. Bizitza gorabeheratsua izan zuen eta hori bere bertsoetan islatzen da. Bereak dira esaterako Mündian Malerosik edo Maria Solt ta Kastero bertsoak, Benito Lertxundik bere gisara Euskal Herri osoan ezagutzera emanak.

 

Barkoxe (2)

Tonba Barkoxeko hilerrian dago, elizari aurrez aurre jarriz gero, ezkerretara. Bere bertso ezagun baten zati bat irakur daiteke bertan.

Etxahun Barkoxe

 


Joseph Agustin Chahoren sortetxea

7_04

Atharratzen dago, errepidean berean. Gaur egun hotel bat dago bertan.

Josepe Agosti Xaho

1 Comment more...

  • Iruzkin berriak

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu