Wentworth Webster

Bidarteko elizako harlauza

Colasen irudia

Bidarteko elizaren sarreran, kanpoan, inoiz eliza barnean egondako harlauza baten zati bat dago. Ohikoa da inoiz tonba izandako harriak eliza inguruko zolatzat berrerabiltzea, eta uste dut hau hori bera den. Exe baten hobiaren berri ematen du eta, beraz, etxe horretakoek (egun Butuenia deritzon etxekoak?) elizan non jarri behar zuten markatu.

Honek ez du datarik, baina, itxuragatik, XVIII. mendearen bigarren erdikoa izan daitekeela uste dut, horretarako argudio sendorik eman ezinik.

Hala dio:

HAVDA
BVTVRE
NECOIA
RLEQVBA

Hots: Hau da Butureneko jarlekuba

Hona ekarri dut, fonologiari begira bi elementu aipagarri dituelako. Batetik, eremu horretan hilzorian dagoen hasperena (hau) ageri duelako, baina, batez ere, ageri duen kontsonante epentetikoagatik (jarlekuba). Ikusten denez, <u> eta <a> artean <b> ageri da. Horrelako epentesiak ohikoak dira egun, besteak beste  Sakanako euskaran, baina badakigu inoiz indartsuagoa izan dela: Beterrin, esaterako, gibelka ari da, baita Mendebalean ere. Baina, Lapurdin?

Lapurterazko testu zaharretan, XVII. mendeko lapurtera klasiko delakoan idatzitako horietan, ez da horrelako epentesirik ageri, Etxeberri Dorre salbuespen. Gaur egun ere, kostako mintzoetan ez da bildu. Haatik, erruz ageri zaizkigu XVIII. mendeko Lapurdiko gutun eta testu administratibo zenbaitetan, Le Dauphin ontzikoetan edo Elosegik argitara eman horietan, estaerako, baita Websterrek bildu ipuinetan eta Bonaparteren testigantzetan ere, XIX. mende mendean.

Hona, beraz, ezaugarri bat ahozkoan baliatzen zena, nola nekez islatzen den maila jasoko idatzian, XVIII-XIX. mendeko testuek (generoagatik segur aski) erruz dokumentatzen duten, eta gero desagertu.

 

(Milesker Dorotari eta Enekori!)


Wentworth Webster euskalariaren bizilekua

wenworetxe
Wentworth Webster (Uxbridge, 1828/06/16(26?)-Sara, 1907-04/02) Bechi-enea izeneko Sarako Lehenbizkai auzoko etxe honetan bizi izan zen. Webster apaiz anglikanoak bere bizitokia Saran ezarri zuen eta euskalaritza eta etnografian ibili zen.  Antoine d’Abbadie, Julien Vinson, Carmelo Etxegarai edo Bonaparte printzearen adiskide izan zen. Euskalaritzaren alorrean, berari zor diogu Altabizkarko kantuaren apokrifotasuna salatzea, edo Urteren gramatikaren argitalpena. Horrezaz gain ipuin bildumak, pastoralen inguruko lanak, euskal poesiari buruzko disertazioak eta abar baditu.

oroiwenwo

Esan bezala, etxea Lehenbizkai auzoan dago. oroigarriak honakoa dio: “Wentworth Webster / eskualdunen adiskide / kartsu eta iakintsuari / 1828 1907 / etche huntan bizi izan zen / hamabi urthe / Krespotegian hil zen”. Sarako plazatik nola joan azalduko dut (autoz joatea komeni da). Frontoia atzean dugularik, Herriko Etxeari aurrez aure begiratuko diogu (eliza eskuin geratuko zaigu). Ezkerretara ateratzen den kalea hartuko dugu. 100 bat metro ibili eta eskuin hartuko dugu, maldan behera. gisa horretan D406 errepidera ailegatuko gara. ezkerretara hartuko dugu errepide hori, Berara bidean. errepidea jaraitu eta kurba itxi bat eginen dugu ezkerretara. Bihurgune horren ostean dago bidegurutzea Lehenbizkaira sartzeko. Bidegurutzea ezkr hartu eta Lehenbizkaira sartuko gara. Handik 200 bat metrotara, ezkerraldean ikusiko dugu etxea.

Informazio gehiago:


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu