Sailkatu gabea

Lehetxipia: Laurent Diharasarri eta Mayi Ariztia idazleen sortetxea

 

Sarako etxe honetan, Lehetxipian, sortu zen Jean Martin Laurent Diharasarri idazle eta apeza (Sara, 1848/04/01-Donibane Garazi, 1902). Kanboko apez zela, Ortzaizera aldatu zuen apezpikuak, auzi politikoetan sartzeagatik. Euskaraz testu erlijiosoak idazteaz eta itzultzeaz gain, luma zorrotza zuen Errepublikaren kontra aritzeko ere, eta diputatu izateko hautagai ere izan zen. Poesia ere idatzi zuen, Mauleko Lore Jokoetan saria jasoz.

Laurent Diharasarri (Iturria: Literaturaren Zubitegia)

Haren iloba zen Mayi Ariztia (Diharasarri sortua) ere etxe honetan jaio eta bizi izan zen (Sara, 1887/07/28-Sara, ??/09/1972). Ipuin ugari idatzi zituen, eta haietako asko Gure Herria, Anuario de Eusko Folklore eta Egan agerkarian plazaratu. 1934an Amattoren uzta ipuin bilduma kaleratu zuen frantses itzulpena lagun, han eta hemen jasotako kontakizunekin. Jose Migel Barandiaranen eta Aita Donostiaren kolaboratzaile eta berriemaile ere ibili zen.

Mayi Ariztia (Iturria: Literaturaren Zubitegia)

Etxea Uharka errekaren bazterrean dago, Isidoro Deunaren ermitaren ondoan. Sarako plazatik abiatzen bagara, eliza eta plaza bizkar utzi, eta behera eginen dugu, Hegoaldera. Bidexka batetik jeitsita topatuko dugu, bidegurutze batean.

Gehiago jakiteko:

Laurent Diharasarri

Mayi Ariztia


Izabako azken euskaldunak: Ubaldo Hualde

Ubaldo Hualde Martin (Uztarroze, 1871-Izaba, 1967-07-31) oso pertsonaia berezia izan zen. Hura izan zen Erronkaribarko euskararen azken hiztun osoetarik. Ongi ezagutzen zituen herri bateko eta besteko aldaerak, eta Koldo Mitxelena, Juan San Martin, Mariano eta Jose Estornes, Jose Mari Satrustegi, Ana Etxaide eta bestelako ikerlarien informatzailea eta laguntzailea izan zen, kantuak, esaerak eta hiztegia bilduz, baita idatziz ere. Askotan izabarrek Zuberoara laguntzeko eskatzen zioten, harremanetan euskara baliatu ahal izateko. Bitxikeria gisa, Ubaldo eta Prudentzio Hualde, Bidankozeko euskaldun eta Bonaparte printzearen informatzaile ezaguna, askazi urrunak ziren. Prudentzioren aita Ubaldoren aitonaren anaiaren semea zen.

Ubaldo ibarrarekiko pertsona arduratua zen. Hura izan genuen hango janzkera tradizionala egunero erabiltzen azkenetarikoa, eta gelditzen ziren azken jantziak gorde eta berriak egiteari ekin ziona, patroiak egiteko Madrilera jo behar izan bazuen ere. Izabako alkate ere izan zen, eta gerra denboretan hainbat salbatu zituen heriotzetik. Ubaldo izan zen, gainera, Idoiako baselizako patronatuaren azken burua.

Izabako Esandi etxea

Uztarrozeko Gregorio (Sanz, gaur egun) etxekoa izanik ere, 1899ko apirilaren 17an Inocencia Anaut Esandirekin ezkondu zen Izabako Esandi etxera eta han bizi, hil arte. Gaur egun etxe horretan haren bilobak, Fernando Hualde ikerlari eta biltzaileak, objektu etnografikoen bilduma ederra du. Etxea Burgiberria auzoan dago.

Ubaldo Hualderen hilobia

Ubaldo Izabako hilerrian datza, emaztearekin eta alabarekin batera. Hobia aurkitzeko, hilerrian sartu (Uztarrozeko bidean, zerrategi baten atzean), eta ezker aldera joko dugu.

Gehiago jakiteko:


Martzelino Garde Zarrakaztelun: sortetxea eta hilobia

Iturria: Zarrakaztelu.eus

Martzelino Garde Villafranca (Zarrakaztelu, 1925/10/02-Iruñea, 1990/05/06) apez euskaltzale nekaezina izan zen: beti omen zebilen euskaldunek euskara erabil zezaten indar egiten, baita apezen artean ere. Sorterrian hasi zen euskara ikasten baina Uztarrozen aritu zenean hango euskara landu, eta Erronkaribarko mintzoan poema ugari idatzi eta argitaratu zituen. Lehena El Pensamiento Navarron, 1954an. Euzko Gogoa eta Agur bezalako aldizkarietan ere aritu zen. 60ko hamarkadan Iruñeko ikastolen sorreran parte hartu zuen. 1973an, Pedro Diez de Ultzurrunek dimisioa aurkeztean, Nafarroako Diputazioaren Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarriaren ardura hartu zuen, baita Diario de Navarraren “Nafar izkuntza” atalarena ere, Irigaraik eta Satrustegik uko egin ziotenean. Euskaltzaindiak 1964 kide urgazle izendatu zuen, baina euskara batuari buruz zuen iritzia dela eta, Euskerazaintzatik hurbilago ibili izan zen.

Sortetxea Zarrakazteluko Aragoi etorbidearen 10.ean dago. Bertan oroigarri hau ikus daiteke, Zirika elkarteak eskainia:

MARCELINO GARDE VILLAFRANCA / EUSKALTZALEARI -1925 – 1990 / POR SU DEDICACION A NUESTRA LENGUA / EL EUSKARA / ZARRAKAZTELU 97-1-4 C.S.C ZIRIKA

Oroigarria 1990n Euskerazaintzak eskainitakoaren ordez paratu zen, hura paratu eta berehala desagertu baitzen. Hona zaharraren argazkia:

Iturria: Zarrakaztelu.eus

GARDE VILLAFRANCA. MARCELINO / APAIZA-SACERDOTE / CARCASTILLO 2-10-1925 + 6-5-1990 / AMANTE Y ESTUDIOSO DE NAVARRA / DEFENSOR Y MARTIR DEL EUSKERA / GORATZARREA-HOMENAJE 22-9-1990 / EUSKERAZAINTZA, ERRI-AKADEMIA DEL EUSKERA

Arripodasen apaiz zebilela hil zen Iruñean, baina gorpua sorterrian ehortzi zuten. Hilarri zahar bat dago Garderen hilobian, berak Bardean aurkitu bide zuena. Hobia aurkitzeko, hilerrian sartu, erdiraino joan eta ezker aldera joko dugu. Hilobian GARDE VILLAFRANCA ikus dezakegu idatzirik, bi lauburu, eta hostia bat. Harlauzan San Migel goiaingeruaren irudia dago, eta bi esaldi: GOYAN BEGO eta LA VERDAD OS HARA LIBRES.

Bihoakio nire esker ona Marcos Perez Abendañori, lekuak aurkitzeko emandako laguntzagatik.

     Gehiago jakiteko:


‘Fontes Linguae Vasconum’ aldizkariaren sortetxea

Pertsonen jaiotetxeak ekarri ohi ditut blog honetara. Gaurkoan, baina, aldizkari batena dakart; Fontes Linguae Vasconum: studia et documenta euskal hizkuntzalaritzako aldizkariarena. Horra istorioa.

Jose Mari Satrustegi etnografo, idazle eta euskalaria Urdiainen apez ibili zen 1964tik 1995ra. Tarte hartan irudiko apez-etxean bizi izan zen bere gelariarekin. 1968ko uztailaren 7an, San Fermin egunez, Jose Esteban Urangak, Nafarroako Diputazioko Bianako Printzea erakundeko buruak, Satrustegiri bisita egin zion Urdiaingo apez-etxean. Etniker-Nafarroa lanean hasia zela, eta ikerketen emaitzak argitaratzeko aldizkari bat sortu behar zela esan zion apezari, izan ere, Satrustegi Etnikerreko eta Bianako Printzea erakundeko kidea zen ordurako.

Solasak eta perpausak, azkenean, aldizkariaren izaera hizkuntzalaritzara lerratu zuen, etnografiara baino gehiago. Fontes Linguae Vasconum jarri zioten izena, Etxepareren liburua gogoan. Euskarari buruzko ikerketak eta euskal testu zaharrak emango zituen ezagutzera, horregatik gehitu nahi izan zion Satrustegik studia et documenta azpiizenburua. Hala, 1969an ikusi zuen argia aldizkariaren lehendabiziko zenbakiak, eta iaz egin zituen 50 urte. Apez arruazuarra izan zen beti aldizkariaren arduraduna eta hornitzaile nagusia, eta 1988tik aurrera zuzendari ere bai, 2003an hil zen arte.

Gai etnografikoek ere lekua behar zutela ahaztu gabe, hura baitzen bileraren jatorrizko xedea, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkaria sotzea ere erabaki zuten Urangak eta Satrustegik. Horrek ere 50 urte egin ditu, beraz.

Pasadizo hau guztia Satrustegik berak idatziz paratu zuen, lan honetan.

Urdiaingo apez-etxea ez dago elizaren ondo-ondoan. Eliza atzean utzita, gora eginen dugu Barrenkaletik, eta Portuko kalean aurkituko dugu, ezker.

 


Millanges familiaren inprimategia

Bordeleko Saint-James karrikaren 16.ean egon zen Simon Millangesek 1572an sortutako inprimategia. Simonen ondorengoek negozioaren jarraipena hartuta, inprimategi horretan ikusi zuten argia euskarazko obra klasiko ugarik, Kontrarreformaren eta lapurtera klasikoaren goraldian.

Eraikinak jatorrizko berpizkundeko ataria atxiki du.

Simon 1623an zendu zen eta haren seme Jacques Millangesek hartu zuen ardura. Obra hau inprimatu zuen:

Berehala hil zen Jacques, eta anaia Guillaume Millangesek jarraitu zuen 1624an. Honako lanak inprimatu zituen:

1649. urtean Jacques Mongiron-Millanges ilobak hartu zuen inprentaren segida eta lan hauek eman zituen argitara:

Gehiago jakiteko:

 


Hiriberria etxeko ataburua

Baigorriko Hiriberria infanzon etxea da. Hartara, besteak beste, etxe horri atxikitako lurrek zenbait zerga salbuetsirik zituzten. Ataburuan etxea bera mintzo zaigu:

INFANCON / SORTVNIS
INFANCON / HILENNIS

Hots:

Infanzon sortu niz,
infanzon hilen niz.

Zoritxarrez ezin izan dugu ataburuaren irudi onik egin, baina balia bekigu Colasen irudi hau, erakusgarri.

Etxea Behereko Karrikan dago, plazan, frontoiari aurrez begiratuta ezker, Etxauziara igotzeko bideari itsatsita. Aurrean larraina du, eta ez da erraza ataburua ongi ikustea.


  • Iruzkin berriak

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu