Ondarea

Nafarroako akitaniar inskripzioak



ummezahar1

Koldo Mitxelenak eman zion forma Akitaniera deitu izan den hizkuntzari eta Joaquin Gorrochateguiren ikerketetek osatu zituzten lehen ekarpen hauek. Akitaniar inskripzioak gutxi gora behera Garona ibaitik Soriaraino aurkitzen ahal ditugu. Kristo ondorengo lehen mendeetako latinez idatzitako testuen barnean agertzen dira akitanierazko hitz hauek eta erromatarrak ailegatu aurreko hizkuntza baten sustratuaren adibide dira. Geratu zaizkigun inskripzioetan jainko eta pertsona izenak ageri dira batez ere, esan bezala, testu latindarren barnean. Normalean harrizko aldareetan zizelkaturik ageri dira. Euskararendako duten interesa handia da, akitanieraren eta euskararen artean antzekotasun sistematiko eta sakonak agertu baitira.

ummezahar2

Nafarroan ere agertu dira testu latindarretan txertatutako izen akitaniarrak eta gaurkoan Nafarroako Museoan (Iruñean) gordetzen diren biren argazkiak jaso ditugu. Lehendabizikoa Lergan agertu zen eta hala dio:

VM.ME.SA.HARFI[lius]
NAR.HVN.GE.SI.A.BI
SVN.HA.RI.FI.LIO
ANN.XXXV.T.P.S.S.

 ummezahar3

Beltzez markaturik dira akitaniar izenak. Lehendabizikoan ume zahar-rekin lot daitekeen zerbait dugu eta ondoren bi izen: Narhungesi eta Abisunhari. Mitxelenak proposatzen duen itzulpena, horrelako zerbait litzateke: ‘Seme gehiena, Narhungesi, Abisunhariren semea’. Hasperenaren (h) prensentziak izen hauen interpretazio iberikoaren kontra egiten du, iberieraz ez baitago hasperenik.

selatse

Bigarren harrian I(unius) GERM ANUS S(T)ELA(T)SE V(otum) S(olvit) L(ibens) M(erito) irakur daiteke. ‘Iunius Germanusek S(t)ela(t)seri. Bere botua pozik bete zuen’. Jainko izen hau inskripzio gehiagotan ere ageri da, Barbarin herrian.

Horiek eta gehiago, eana bezala, Nafarroako Museoan dira ikusgai.

Gehiago jakiteko:

 


Nabazko iturriko idatzia

 

SAMSUNG

 

Duela hilabete eman zidan Juatxo Urdirotzek honen erreferentzia, baina bidaia guztietan geratzen zitzaidan Nabaz norabidetik at, Iruñetik bertatik bertara egonik ere… Azkenean, Pello Iraizozekin duela gutxi horri buruz mintzatzeak adorea emanik, gaur hartu dut inguratzeko erabakia. Tira ba.

Kontua da, herriko iturriak, oso kaligrafia onean, mezu bat ematen diola ur bila doan nabaztarrari (edo hobe esanda, “ematen zion”, 1967an zendu baitzen azken euskal hiztuna): “Fite ichera zazi”. Juantxo Urdirotzek esan zidanez, 60ko hamarkadan egindako auzolanean idatzi omen zuten. Hori horrela izanik ere, Pello Iraizozi giro lasaian entzundako istoriotxoa asko gustatzen zait, alegia, herriko apaizarena izan zitekeela testutxoa. Esan bezala, oso kaligrafia onean dago eta gainera, aski ongi dakigu, kanta askok iradokitzen diguten bezala, neskek zer nolako arriskuak pairatzen zituzten ur bila joaten zirenean… hor izaten ziren mutil gazteak zelatan. eta ez ziren arriskuok apaizen gustuko izanen, ez.

-¡Ay, madre, que me lo han roto!
-¡Hija, no me digas qué!
-El cantarico en la fuente,
¡pues qué se creía usté!

Maritxu, nora zoaz,
Eder galnt hori?
-Iturrira Bartolo
nahi badezu etorri.
-Iturrian zer dago?
-Ardotxo txuria.
-Biok edango degu
nahi degun guztia.

Goizean jaikirikan, argia gaberik,
Iturrira gan nintzen pegarra arturik.
Galai galtza xuri bat galdeka ondotik:
Arreba, biar aldezu bidian lagunik?”

SAMSUNG

Iturria, ez dago plazan, denek aise ikusteko moduan. Ezkutatuxe dago, berritzen ari diren ikuztegiaren atzean. Errepidetik ailegatuta, Larunberena etxea aurrez aurre izanik, etxea eskuinetik saihesten duen karrika hartuko dugu eta zuzen segitu behar da, etxe bat azpitik zeharkatzen duen tunela pasaz. Orduan ere, segi zuzen beldurrik gabe, eta han antzemanen duzu. Kasu eman lohiari! Dena dela, denborak harria higatu du eta gero eta gaitzagoa da bertan idatzitakoa irakurtzea. Ikuztegiarekin egin duten bezala, iturriak ere behar luke konponketatxorik…


Bergarako udaletxea

udaletxea

XVII. mendearen bigarren erdiko eraikin hau da Bergarako Udaletxea. Lucas de Longa arkitektuak diseinatu zuen eta harlanduzkoa da. Aurrealdean 1727an grabatutako Bibliatik hartutako bi inskripzio daude (En casa del que jura no faltará desventura / O que mucho lo de allá o que poco lo de acá) eta hiru armarri.

Duela urte batzuk osorik eraitsi zuten barnetik eta soilik eskailera bat eta areto nagusia, gaur egungo batzar gela, utzi zituzten bere horretan. Gure alorrerako hain zuzen ere batzar gela hori interesatzen zaigu. Dekorazioari begira, bergarar garrantzitsuen irudiekin apaindutako zenefa bat du sabaiak eta hego Euskal Herriko lau diputazioen armarriak ere ageri ditu.

batzargela

Hona ekarri badugu, halere, euskararekin lotura zuzena duelako da: areto horretan bertan eman zen lehen aldiz, 1764ko irailaren 11n hain zuzen, Peñafloridako kondeak idatzitako El borracho burlado antzerki lan elebiduna.

borracho

Bergarako Udaletxea San Martin Agirre plazaren 1.ean dago. Batzar gelara ikusteko aski da udaltzainei baimensa eskatzea eta beraiek erakutsiko dizuete.  


Baroja familiaren Itzeako hilobia

barojilobi

Hilerrian Itzea etxeak bere hilobia du, Berako gainontzeko etxeek bezala. Bertan daude lurperaturik Serafin Baroja Zornoza eta Carmen Nessi Goñi, Pio BarojaCarmen Baroja eta Ricardo Barojaren gurasoak. Azken hori, Julio Caro Baroja eta Julia Uzcudun, etxeko neskameatrekin batera ere hemen datza.

barojailarri

Hala dio hilobiak: Aquí yacen don Serafín Baroja y Zornoza ingeniero de minas 1840-1912 R.I.P. Carmen Nessi y Goñi 1849-1935. Oinean honakoa irakutzen da: Julia Uzcudun 1888-1968. Lurreko harlauzetan, honakoa dago: ezkerrekoan; Ricardo Baroja Nessi 1871-1953; eskuinekoan; Julio Caro Baroja 1914-1995.

itzeaburni

Esan bezala, hilerrian dago hilobia. Berako herritik kanpora dago: San Esteban da kalearen izena. Herrian sartu eta San Estebango elizaren ezkerraldetik abiatzen da kale hori, Irun aldera. Kapera bat du hilerriak eta bertan sarrera bat. Hobe dugu sarrera hori hartu beharrean, hilerriaren bestaldean dagoena hartzea, errepidea piska bat segituz. Ate horretatik sartuta, kapera eskuinean ikusten dugularik, ezkerrera dugun murruari itsasia dago tunba, hilerriaren zaintzaileak tresnak gordetzeko duen etxolaren ondoan. Nahiko egoera kaskarrean dago hilobia, egia esan.

 


Itzea: Baroja familiaren etxea

itzea
Beran dago etxe hau eta XVII. mende hondarrean eraikia da. 1912. urtean Pio Baroja Nessik erosi zuen eta geroztik familiaren etxea da. Carmen Nessi ama, Serafin Baroja Zornoza aita (etxea erosi zuten urtean hil zen), Ricardo Baroja Nessi anaia, Carmen Baroja Nessi arreba eta Julio Caro Baroja eta Pio Caro Baroja ilobak etxe horretan bizi izan dira. Egun Baroja familiaren ondarearen gordeleku da.

ateaitzea

Etxea aurkitzeko, herria zeharkatzen duen errepidea hartu eta bidegurutzean Ibardinerako bidea hartuko dugu (ez Lizuniagakoa), NA-1310 errepidea, alegia. 100 bat metrotara, eskuinaldean aurkituko dugu, izen bereko auzoan eta Xantelerreka errekaren ondoan.

AUÑAMENDI: Itzea


Euskaltzaleen Biltzarraren sorlekua

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Hendaiako etxe honetan, Herriko Etxe zaharrean egin zen Euskaltzaleen Biltzarra sortzeko bilera, 1901eko irailaren 16an. Oraino dirauen elkarte honek batik bat Iparraldean euskara sustatzeko xedea du eta bere historian zehar literatur-lehiaketak, argitalpenak eta materiale didaktikoak burutu ditu. Kide oso ezagunak izan ditu: Martin Landerretxe, Arturo Campion, George Lacombe, Zaldubi, Jean Etxepare, Louis Dassance, Telesforo Monzon, Piarres Lafitte, Piarres Xarriton

Esan bezala, eraikin hau Hendaiako Herriko Etxe ohia da eta hain justu oraingo Herriko Etxearen aurre-aurrean dago, Errepublika plaza eta Askatasunaren  kalearen kantoian.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA


Etxauzeko gaztelua

OLYMPUS DIGITAL CAMERAOLYMPUS DIGITAL CAMERA

Baigorrin dago, eta ia herriko leku guztietatik ikusten da muino baten gainean. Etxe honetako familia bost mendez izan zen bailara horren jaun eta jabe. Familia honek seme aski ezagunak erditu ditu, baina segur aski ezagunena, Bertrand Etxauz izan zen. Baionako apezpiku izana 1599an, gero Tourseko artzapezpiku izan zen. Filologiaren munduan ezaguna da, Axularrek bere Gero eskaini baitzion eta Etxeberri Ziburukoak bere Elizara erabiltzeko liburua. Frantziako iraultza pasatuta, gaztelua saldua izan zen, eta Harizpe, Napoleonen mariskal ezagunak erosi zuen.

etxauztxakur     etxauzgela2

 

etxauzmahai

1850ean beste familia ezagun batek bereganatu zuen gaztelua, Abbadie d’Arrast familiak alegia, bere kideetarik batek, Antoine euskal kulturaren mezenasak Hendaiako Abadia gaztelua eraki zuen. Bere senide bat, Harry, Hollywooden zine zuzendari izan zen eta berari esker Charles Chaplin Charlot Etxauzen egon zen maiz. Azpiko irudia gazteluaren liburutegia da, mahai gainean dagoen telefonoa zaharra Charlotek berak ekarri zuen, bere ustez bertako telefonoek ez omen zutelako ongi deitzen.
etxauzliburu

Gaztelura ailegatzea ez da zaila. Baigorriko frontoiari begira jarrita, (frontoi handia, ez elizaren parean dagoena) frontisaren ezkerretik abiatzen den bidea hartu behar dugu. Segituan gaztelurako sarrera aurkituko dugu. Tamalez, duela gutxi gaztelua saldua izan zen, eta gaur egungo jabeak (Ameriketan bizi den dirudun bat) ez du bisitatzerik ez hurbiltzerik uzten. Gazteluaren aurrealdea ikusteko modu bakarra gaur egun, bidean pixka bat jarraituz dagoen baserriko lorategian sartzea da, hori bai, kontuz zakurrekin! Pena da, Nafarroaren historian hain garrantzitsua izan den gatzelua itxita egotea, aurreko jabeek gustora onartzen baitzituzten bisitariak.

etxauzgela1

etxauzarma
Goian: Armategia

etxauzerakusk
Goian: Nafarroako erresumaren historiari buruzko erakusketa. Behean: Nafarroako errege batek eskuizkribatutako gutuna
etxauzgutu


Ursuako dorretxea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gaur egun eraldatuxe dagoen dorretxe honetan kokatzen da aski ezaguna den kondaira bat. Kondaira horren berri ematen digun kanta zaharra ere badago, oso famatua egin dena gerora, Benito Lertxundik eta Mikel Laboak kantatu dutelako.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gainera, etxe honetako semea da segur aski Pedro de Ursúa (1526-1561), ezaguna Colombian Pamplona bezalako hiriak sortu zituelako, eta El Doradoren bila aritu zelako.

Arizkunen dago, Ordoki auzoan. Aurkitzeko erraza da: Elizondo pasata, Erratzura doan bidegurutzea hartu behar da eskuinetara. Segituan ezkerraldean Ursuako Jaurerria deritzon hotelerako seinalea duen bidegurutzea topatuko dugu, baina ez gaitezen konfundi, hori ez baita dorretxea, hotela baizik. Beraz, bidegurutzea hartu gabe, aurrera jarraitu, Bozateko auzoan sartu arte. Auzoan bertan garelarik berehala ezkerretara errepidetik dorretxea ikusten da magal batean. Zuzenean hara doan doan bidexka bat hartu behar da, eta segituan ikuisko dugu.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
(Ermitaren barnean gertatu zen hilketa, kondairaren arabera)


Euskaltzaindiaren egoitza zaharra

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Aurreko batean euskaltzaindiaren egoitza nagusia aipatu bagenuen, oraingoan egoitza zaharra dakart. Bilboko Erribera kaleko 6.ean zegoen. Eraikina egun oso egoera txarrean dago, argazkian ikus daitekeenez.

Euskaltzaindia


Euskaltzaindiaren egoitza nagusia

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Bilboko Plaza Barrian dago, 15.ean, leku pribilegiatu batean. Bertan dago Azkue biblioteka ere. 1985 aldera estrenatu zuen Euskaltzaindiak egoitza hau, Arbieto kalean zegoen behin behinekoa eta akademiaren lehen egoitza izan zen Erribera kalekoa utziz.

Euskaltzaindia


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu