Nafarroa

Itzea: Baroja familiaren etxea

itzea
Beran dago etxe hau eta XVII. mende hondarrean eraikia da. 1912. urtean Pio Baroja Nessik erosi zuen eta geroztik familiaren etxea da. Carmen Nessi ama, Serafin Baroja Zornoza aita (etxea erosi zuten urtean hil zen), Ricardo Baroja Nessi anaia, Carmen Baroja Nessi arreba eta Julio Caro Baroja eta Pio Caro Baroja ilobak etxe horretan bizi izan dira. Egun Baroja familiaren ondarearen gordeleku da.

ateaitzea

Etxea aurkitzeko, herria zeharkatzen duen errepidea hartu eta bidegurutzean Ibardinerako bidea hartuko dugu (ez Lizuniagakoa), NA-1310 errepidea, alegia. 100 bat metrotara, eskuinaldean aurkituko dugu, izen bereko auzoan eta Xantelerreka errekaren ondoan.

AUÑAMENDI: Itzea


Aita Polikarpo Iraizozkoaren sortetxea



etxe

Iraizotz herriko etxe honetan sortu zen Agustin Zarratz Bermejo, Aita Polikarpo Iraizozkoa (Iraizotz, 1897-01-31/Lekarotz, 1980-01-05) apaiz kaputxinoa.

Euskatzain izendatu zuten eta bere lana literaturaren bidetik eta filologiarenetik egin du; itzultzaile ere ibili zen. Filologia erromanikoa ikasi zuen Suitzan. Olerkia eta prosa landu zituen, gai erlijiosoarekin usuen. Hizuntzalaritzan euskararen historiarekin lotutako kontuak jorratu zituen, ondarea biltzearekin batera.

Etxea herriko eskola izandakoa da eta azpiko oroigarriak hori agertzen du: AVE MARIA PURISIMA / ENSEÑANZA DE NIÑOS / A ESPENSAS DE MIGUEL ARISTREGUI Y CIGANDA / AÑO 1828.

oroigzah

Baina berriki Polikarpo Iraizozkoaren omenez beste oroigarri hau ezarri zen: AITA POLIKARPO IRAIZOZKOARI / ULTZAMAKO UDALAK / IRAIZOZKO HERRIAK / eta EUSKALTZAINDIAK / 1897-1997.

oroiberr

Etxea aurkitzea erraza da, nahiz eta ezkutatua egon. Errepidetik Iraizozen sartu eta herriko plazara ailegatuta, iturria, ostatua eta frontoia aise ikusiko ditugu. Frontisa etxearen paretetako bat da, beraz, aski dugu frontoiaren atzean begiratzea etxea aurkitzeko.

Aita Polikarpo Iraizozkoa BIDEGILEAK (PDF)


Fermin Irigarai “Larreko”-ren sortetxea


etxea
Fermin Irigarai Goizueta Larreko (Auritz, 1869/1/25-Iruñea, 1969/9/3) idazlea Auritzen jaio zen, irudian dugun Martinzurginenea etxean, Maistronea izenaz ere ezaguna dena. Etxean 1972. urtean egin zioten omenaldian ezarritako oroigarria ikus daiteke (ostoek estaltzen ez badute) eta hala dio: Dr. Pablo Fermin Irigarai: Larreko 1869-1969 euskal idalzeari Auritzko herriak 10-9-1972

oroigarrilarreko    ataburua

Etxea aurkitzea zinez erraza da. Auritzek kale nagusi bakarra du eta bertan dago, Orreagarako norabidea hartuta ezker aldean, elizari aurrez aurre.


Fermin Irigarai Larreko (PDF)

Ikusi halaber: Euskargazki: Irigarai familiaren hilobia


Piarres Ibarrart olerkariaren bizitokia

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Piarres Ibarrart (edo Dibarrart) Bettiri (Jatsu, 1838/2/15,13?-Baiona, 1919/5/5) Nafaroako Jatsuko Ithurraldean sortua, zapataria zen ogibidez. Bertsotan ibilia, Lore Jokoetan ere parte hartu zuen. Baigorrin elizako xantre ibili zen, hots, koruko bakarlari, 44 urtez, gaitzak hartua Baionan zendu zen arte. Baigorriko bizitoki, etxe hau izan zuen.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Oroitarriak dio: Bettiri Dibarrart Baigoriko chantreari Eskualzaleen Biltzarrak 1948. Etxea aise da aurkitzen. Elizako plazatik, errepide nagusitik (karrika Handia) frontoiko plazara bidean jarriko gara, eliza ezker utzita, Harispe Mariskalaren sortetxea pasako dugu. Errepide horretan bertan, ezkerraldean aurkituko dugu etxea, ibaia zeharkatzen duten zubietara ailegatu baino lehen.

 

Piarres Ibarrart (Lafitte)
Piarres Ibarrart (Wikipedia)
Piarres Ibarrart (Literaturaren Zubitegia)


Alexander Tapia Perurena poetaren hilobia

tapiaperurena

Alexander Tapia Perurena (Iruña, 1892/8/11-11?/5/1957) olerkaria Iruñeko San José hilerrian, Biritxitun, dago  lurperatua familiaren panteoian. Gerra aurreko poetetarik bat dugu. Bere heriotza data ez omen dago argi, hilobian maiatzaren 5a heldu da baina besteetan 11 edo 21a ageri da.

Tunba aurkitzen erraza da. Hilerriko sarrera nagusitik sartu, ekiladetik beraz, eta ezker egin behar dugu, hegoaldeko paretaren kontra tupust egin arte. Pareta ezkerrean dugula, ekialdetik mendebaldera doan bidea jarraituko dugu eta halako batean gure eskuinetara izanen dugu hobia.

*OHARRA: Familiaren intimitatea gorde nahian gainontzeko lurperatuen izenak ezabatu egin ditugu.

Alexander Tapia Perurena
Alexander Tapia Perurena BIDEGILEAK (PDF)


Irigarai Familiaren hilobia


irigarai

Iruñeko San Jose hilerrian, Biritxitun, euskal estiloko tunba honetan daude ehortzirik Fermin Irigarai Goizueta Larreko (Auritz, 1869/1/25-Iruña, 1949/9/3) euskal idazlea, eta haren semea, Aingeru Irigarai Irigarai A. Apat Etxebarne (Bera, 1899/3/1-Donostia, 1983/11/28) euskaltzale eta euskalaria.

Lehenak euskal kazetaritzari bultzada ederra eman zion eta Iparraldeko literatura ongi ezagutzen zuen. Euskaltzaindiaren sorreran ere parte hartu zuen. Bigarrenak euskal testu zaharrak bilatzen eta Nafarroako euskararen egoeraz kezkaturik egin zuen lan, orduko euskalariekin harreman handia izanik.

Familia euskaltzale honen pausoak lehenaren biloba eta bigarrenaren seme den Jose Angel Irigaraik jarraitzen du egun.

irigarai2

Tunbak honakoa dio: Au da Irigaraitarren il-obia. yainkoa baitan beude 1934garren urtean. Oroit iltzeaz zuhur baduzu. Tunba ezustean aurkitu nuen, eta ez nuke jakinen zehazki non dagoen esaten. Gogoan dut ekialdera begira dagoela. Aurkitzeko, sarrera nagusitik (ekialdetik) sartu eta hilerria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen bide nagusiarekiko elkartzut den bide batean dago. Argazkian ikus daitekeenez, atzean nitxoak ditu.

Fermin irigarai Larreko BIDEGILEAK (PDF)
Aingeru Irigaray Irigaray BIDEGILEAK (PDF)

Aingeru Irigaray HAINBAT ARTIKULU


Arturo Campionen hilobia

DSCF0521

Iruñeko San Jose hilerrian, Biritxitun, familiaren panteoian dago lurperatua Arturo Campión (Iruñea 1854ko maiatzaren 7a-Donostia 1937ko abuztuaren 18a?) euskalari, politikari eta idazle ezaguna.

DSCF0522

Antza, bere heriotza datarekin gorabeherak daude, izan ere, gaztelaniazko Wikipedian 1937ko abuztuaren 18an zendu zela esaten zaigu, Bidegileak bilduman (PDF) eta euskarazko Wikipedian urte bereko irailaren 5ean, eta hilarrian 1938ko abuztuaren 18ko data heldu da.

DSCF0525

Hilobia aurkitzea oso erraza da, hilerria handixe izanik ere. Ekialdetik sartu behar da, aparkalekutik. Ekialdean hainbat sarrera dago, erraustegiarena (eraikin berria) alde batera utzita, Etxe bat ikusiko dugu: hori da sarrera zaharra (burdinezko ateduna) eta hori bera hautatuko dugu sartzeko. Bidea zuzen segituz, Sarasate musikari ezagunaren mausoleora ailegatuko gara eta horren ondoan, zuhaitz baten atzean, dago hilobia, gaineko argazkiak erakutsi bezala.

Arturo Campion (PDF Bidegileak)

Euskofilia: Arturo Campionen sortetxea (2007-01-12)


Axular idazlearen sortetxea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Nafarroan den Urdazubiko etxe honetan Pedro Agerre Azpilikueta Axular (Urdazubi 1556-Sara 1644-4-8) euskal letren maisua jaio zela uste da. Izan ere, bada hura bere jaiotetxea ezin izan ziteleela dioenik, antza idazlearen garaian hor borda bat besterik ez baitzitekeen egon. Halere, argazkiko etxea Axular etxea da eta idazlearen jaiotetxetzat jotzen da.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Axular (oroitu “Atsular” irakurri behar dela) Sarako erretorea izan zen baina dudarik gabe euskararen obra gorena de Gvero liburuaren egilea delako da ezagun. Bere obran zerura behar bezala joateko nagikeriatan ez erortzeko aholkuak ematen dizkigu, prosarik ederrenean. Bertrand de Etxauz baigorriarrari esker lortu zuen Sarako erretoretza eta berari eskaini zion bere obra.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Oroitarriak hau dio: 1974 / AXULAR EUSKAL IDAZLE NAGUSI / AREN SORT-ETXEA 1556-1644 / AYUNTAMIENTO DE URDAX / DIPUTACION FORAL DE NAVARRA / ACADEMIA DE LA LENGUA VASCA /

Etxea ez dago herrian bertan, herrira bidean baizik. Baztan eta Iparraldea lotzen dituen  N121-b errepidetik abiatuta, Dantxarineara hel aitzin, Urdazubira sartzeko dagoen NA-4402 errepidea hartuko dugu. Herriraino ailegatu baino lehen, eskuin aldean muino baten gainean ikusiko dugu.

Pedro Agerre Axular

Euskargazkin honekin lotuta:

Axulartarren hilobia
Etxauzeko gaztelua


Etxauzeko gaztelua

OLYMPUS DIGITAL CAMERAOLYMPUS DIGITAL CAMERA

Baigorrin dago, eta ia herriko leku guztietatik ikusten da muino baten gainean. Etxe honetako familia bost mendez izan zen bailara horren jaun eta jabe. Familia honek seme aski ezagunak erditu ditu, baina segur aski ezagunena, Bertrand Etxauz izan zen. Baionako apezpiku izana 1599an, gero Tourseko artzapezpiku izan zen. Filologiaren munduan ezaguna da, Axularrek bere Gero eskaini baitzion eta Etxeberri Ziburukoak bere Elizara erabiltzeko liburua. Frantziako iraultza pasatuta, gaztelua saldua izan zen, eta Harizpe, Napoleonen mariskal ezagunak erosi zuen.

etxauztxakur     etxauzgela2

 

etxauzmahai

1850ean beste familia ezagun batek bereganatu zuen gaztelua, Abbadie d’Arrast familiak alegia, bere kideetarik batek, Antoine euskal kulturaren mezenasak Hendaiako Abadia gaztelua eraki zuen. Bere senide bat, Harry, Hollywooden zine zuzendari izan zen eta berari esker Charles Chaplin Charlot Etxauzen egon zen maiz. Azpiko irudia gazteluaren liburutegia da, mahai gainean dagoen telefonoa zaharra Charlotek berak ekarri zuen, bere ustez bertako telefonoek ez omen zutelako ongi deitzen.
etxauzliburu

Gaztelura ailegatzea ez da zaila. Baigorriko frontoiari begira jarrita, (frontoi handia, ez elizaren parean dagoena) frontisaren ezkerretik abiatzen den bidea hartu behar dugu. Segituan gaztelurako sarrera aurkituko dugu. Tamalez, duela gutxi gaztelua saldua izan zen, eta gaur egungo jabeak (Ameriketan bizi den dirudun bat) ez du bisitatzerik ez hurbiltzerik uzten. Gazteluaren aurrealdea ikusteko modu bakarra gaur egun, bidean pixka bat jarraituz dagoen baserriko lorategian sartzea da, hori bai, kontuz zakurrekin! Pena da, Nafarroaren historian hain garrantzitsua izan den gatzelua itxita egotea, aurreko jabeek gustora onartzen baitzituzten bisitariak.

etxauzgela1

etxauzarma
Goian: Armategia

etxauzerakusk
Goian: Nafarroako erresumaren historiari buruzko erakusketa. Behean: Nafarroako errege batek eskuizkribatutako gutuna
etxauzgutu


Ursuako dorretxea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gaur egun eraldatuxe dagoen dorretxe honetan kokatzen da aski ezaguna den kondaira bat. Kondaira horren berri ematen digun kanta zaharra ere badago, oso famatua egin dena gerora, Benito Lertxundik eta Mikel Laboak kantatu dutelako.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Gainera, etxe honetako semea da segur aski Pedro de Ursúa (1526-1561), ezaguna Colombian Pamplona bezalako hiriak sortu zituelako, eta El Doradoren bila aritu zelako.

Arizkunen dago, Ordoki auzoan. Aurkitzeko erraza da: Elizondo pasata, Erratzura doan bidegurutzea hartu behar da eskuinetara. Segituan ezkerraldean Ursuako Jaurerria deritzon hotelerako seinalea duen bidegurutzea topatuko dugu, baina ez gaitezen konfundi, hori ez baita dorretxea, hotela baizik. Beraz, bidegurutzea hartu gabe, aurrera jarraitu, Bozateko auzoan sartu arte. Auzoan bertan garelarik berehala ezkerretara errepidetik dorretxea ikusten da magal batean. Zuzenean hara doan doan bidexka bat hartu behar da, eta segituan ikuisko dugu.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
(Ermitaren barnean gertatu zen hilketa, kondairaren arabera)


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu