SAMSUNG

 

Duela hilabete eman zidan Juatxo Urdirotzek honen erreferentzia, baina bidaia guztietan geratzen zitzaidan Nabaz norabidetik at, Iruñetik bertatik bertara egonik ere… Azkenean, Pello Iraizozekin duela gutxi horri buruz mintzatzeak adorea emanik, gaur hartu dut inguratzeko erabakia. Tira ba.

Kontua da, herriko iturriak, oso kaligrafia onean, mezu bat ematen diola ur bila doan nabaztarrari (edo hobe esanda, “ematen zion”, 1967an zendu baitzen azken euskal hiztuna): “Fite ichera zazi”. Juantxo Urdirotzek esan zidanez, 60ko hamarkadan egindako auzolanean idatzi omen zuten. Hori horrela izanik ere, Pello Iraizozi giro lasaian entzundako istoriotxoa asko gustatzen zait, alegia, herriko apaizarena izan zitekeela testutxoa. Esan bezala, oso kaligrafia onean dago eta gainera, aski ongi dakigu, kanta askok iradokitzen diguten bezala, neskek zer nolako arriskuak pairatzen zituzten ur bila joaten zirenean… hor izaten ziren mutil gazteak zelatan. eta ez ziren arriskuok apaizen gustuko izanen, ez.

-¡Ay, madre, que me lo han roto!
-¡Hija, no me digas qué!
-El cantarico en la fuente,
¡pues qué se creía usté!

Maritxu, nora zoaz,
Eder galnt hori?
-Iturrira Bartolo
nahi badezu etorri.
-Iturrian zer dago?
-Ardotxo txuria.
-Biok edango degu
nahi degun guztia.

Goizean jaikirikan, argia gaberik,
Iturrira gan nintzen pegarra arturik.
Galai galtza xuri bat galdeka ondotik:
Arreba, biar aldezu bidian lagunik?”

SAMSUNG

Iturria, ez dago plazan, denek aise ikusteko moduan. Ezkutatuxe dago, berritzen ari diren ikuztegiaren atzean. Errepidetik ailegatuta, Larunberena etxea aurrez aurre izanik, etxea eskuinetik saihesten duen karrika hartuko dugu eta zuzen segitu behar da, etxe bat azpitik zeharkatzen duen tunela pasaz. Orduan ere, segi zuzen beldurrik gabe, eta han antzemanen duzu. Kasu eman lohiari! Dena dela, denborak harria higatu du eta gero eta gaitzagoa da bertan idatzitakoa irakurtzea. Ikuztegiarekin egin duten bezala, iturriak ere behar luke konponketatxorik…