eleizalde sortetxea

Bergarako etxe honetan sortu zen Luis [Koldo] Eleizalde Brenosa (Bergara, 1878/06/09-Bilbo, 1923/07/24).

Karlista gaztetan eta gero EAJ-ko kide, euskararen hedatzearen alde egin zuen lan eta bereziki kezkatua agertu zen euskararen galerarekin eta euskarazko eskolen eta unibertsitatearen beharra ikusi zuen, horretarako beharrezkoa zen materiala sortuz. Testuinguru horretan idatzi zituen La lucha por el idioma propio (1919), Metodología para la restauración del euzkera (1919), Morfología de la conjugación vasca sintética (1913), Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas (RIEVen argitaratua), Notas acerca del léxico y de las flexiones simples del P. Mendiburu en su obra “Otoitzgayak (1907), Razas, lengua y nación vasca (1914) edo El problema de la enseñanza en el País Vasco (1919).

eleizalde_01
Iturria: Auñamendi

Horrezaz gain, toponimia lanak egin zituen, literaturgintzan Landibar (1918) eleberria idatzi zuen eta hainbat itzulpen burutu.

Gisa berean, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sortzaile izan zen.

eleizalde oroigarria

Etxea Goenkaleko 3.ean dago, Ariznoako San Pedro elizaren ondoan. Eusko ikaskuntzak oroigarri bat jartzea erabaki zuen bere bostgarren kongresua ospatu zenean eta oroigarriak hor dirau. Honakoa dio: “Etxe onetan Eleizalde’tar Koldobika jayo zan. Bere eriaren jakintza-aldezko gogo sutsuari oroimen au eskeintzen dautso Eusko Ikaskuntza’k / En esta casa nac[ió D.] Luis de Eleizalde. A su esfuerzo constante por la cultura del país dedica este recuerdo la Sociedad de Estudios Vascos. 7-IX-1930”. Berezitasun gisa, aipa dezagun etxe honetan oinarritu zirela Bartzelonako El Poble Espanyol museoan dagoen Bergarako etxea eraikitzeko. Bartzelonakoak halere, solairu bat falta du.    

Informazio gehiago: