Lapurtera

Azkaingo errota berriko ataburua

errota berria 1

Aurreko sarrera batean esaten genuenez, Azkaine eta inguruko herrietako ataburuetan datak, izenak, irudiak eta bestelakoak zizelkaturik aurkitzea ez da arraroa; haatik euskarazko testuak gutxi dira horrelakoetan, jendearen mintzoa hori izanagatik ere. Senpereko Ibarrungo errotaren ataburuak euskaraz du testua, baina ez da bakarra. Azkainen errota berriak ere badu euskarazko atabururik.

Eraikin handi hau 1936 arte egon zen martxan, ondoren Irungo pasionistek eskuratu eta Gerra Zibileko errefuxiatuak jasotzeko etxe bilakatu zuten. Ondotik eta orain arte, familiendako opor-etxe gisa erabiltzen da.

errota berria 2

Eraikina oso handia da eta 1675ko data darama ataburu batean. Iturri batzuek 1615 irakurtzen dute, baina ikusi eta zuek epaitu. Bestalde, bitxia litzateke errota “berria” izenekoa Azkaingo beste errota batzuk baino lehenago eraiki izana, ezta?

Ataburu errota berria

Edonola ere, hegoaldeko atearen gaineko ataburuak dakar euskarazko esaldia, Mateoren ebangelioko pasarte bat dakarrena. Hala dio:

[N]OLA NEVRTCEN BAITVÇV, / [H]ALA NEVRTHVCO ÇARE ÇV / Math7.

[Nola neurtzen baituzu, hala neurthuko zare zu]

errota berria ataburua

Ez dakigu, halere, ataburu hau bestea bezain zaharra den. Agian beranduagokoa da. Darabilen euskarak ere ez digu ataburuari data jartzeko gehiegi laguntzen, lapurteraz garai gehienetan ohikoak diren ezaugarriak baititu. Ezer aipatzekotan, zare adizkiak duke zeresanik: XVII. mendearen lehen erdian ez dute Etxeberri Ziburukoak eta Voltoirek baizik lekukotzen; ez dugu Materraren edo Axularren euskaran aurkitzen. Beranduago ugaria bada ere, kostaldeko euskarari begira dugu ugarien.

Errota aurkitzea ez da zaila, baina atentzio pizar bat behar du. Urdazuri ibaiaren adar baten ondoan dago. Azkain erdialdera Senpere eta Donibane Lohizune batzen dituen D918 errepidetik sartzen bagara, ibaia zeharkatuko dugu Ernest Fourneau karrikatik, eta segituan Errota Berria izeneko etxe handia ikusiko dugu ezkerretara. Hor dago ataburua. Edonola ere, bertatik sartu beharrean, hobe da oinez Ernest Fourneau karrikatik aurrera egitea eta biribilgunea zeharkatuta, ezkerretara dagoen bidexkatik joatea. Bide pribatua dela jartzen du baina… ez dago beste modurik. Hori eginda, aurrez aurre egingo dugu topo eraikinarekin eta ataburuarekin.

Gehiago jakiteko:

1 Comment more...

Ibarrungo errotako ataburua

Ibarrun errota ataburua

Lapurdiko herrietan franko dira erreka bazterretan eraikitako errotak, maiz etxebizitza bilakaturik egun. Senperen ere badira zenbait, ezagunena eliza ondoan dagoen Plazako Errota, segur aski.

Baina oraingoan Senpereko Ibarrun auzoko errotari erreparatuko diogu. Izan ere, orain etxebizitza pribatu den errota hori 1652an eraiki zen auzolanean. Hala azaltzen du errotaren harrizko ataburuan zizelkaturik kausi daitekeen idazkiak.

Ibarrun errota 2

Ohikoa da zonaldeko arkitekturan ataburuetan eglearen izena eta urtea agertzea, baina ez da horren ohikoa testu hori euskaraz ikustea, nahiz eta urte batzuk lehenago gertuko Saran Axularrek Gero idazlan mardula egin izanak jendea euskaraz mintzo zela eta batzuk irakurtzeko ere gai zirela erakusten duen.

Ataburuak honakoa dio:

HAV·DA·ERROTA SEN / PERECO·HERRIAC ERA / GVINARACIA 1652

Euskararen aldetik ezer gutxi dago aipagarri: Grafian harrigarri gerta dakiguke herskari aurretik <n> idatzi izana <np> bilkura berezi eta grafikoki berria eratuz. Fonetikari so, egun egiten den euskararekin alderatuz, hasperenaren indarra salatzen duten <h>ak ditugu. Gainera, eragin arazi forma pleonastikoa dago, –ra– eta arazi faktitiboak batera dakartzana. Garaiko autore lapurtarrek bi forma arazleak dituzte, baina gutxitan biak batera. Dena dela, baliteke ordurako eragin aditzaren –ra– faktitiboa emankorra ez izatea, izan ere eragin arazi hori bera Etxeberri Ziburukoak, Gazteluzarrek edo Aranbillagak badute, baina ez dute pleonasmorik agertzen beste aditzekin.

ibarrun errota 1

Errota aurkitzeko Ibarrungo plazatik, frontoitik abiatuko gara. Frontoiari eta errepide nagusiari bizkarra emanda, aurrera egingo dugu eta plzan bertan Igel eta Frontoi karrika elkartzen diren puntuan izanen gara (arbol bat dago bidegurutzea  n). Ezkerretara Igel karrikatik aurrera eginen dugu eta 250 bat metrotara eskuin aldean, ikusiko dugu etxearen ataka, paretan margotutako frontoi arrosa txikia eta etxea bera.

Mila esker, Idoia, pazientzia handiko bidaide.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu