justo1

Bergarako etxe honetan sortu zen Justo Garate Arriola (Bergara, 1900/08/05-Mendoza (Argentina), 1994-07/02).

Ofizioz medikua bazen ere, euskalaritzari eta euskal kulturari tartea eskaini zien. Gerra Zibilean herbesterako bidea hartu behar izan zuen EAE-ANVko kide izateagatik eta han zendu zen. Ospa egin baino lehen, ikasle garaian Eleizalde, Irigarai eta bestelakoek sortu zioten euskararenganako grina eta Argentinan Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta beste ezagutu zituen.

Eusko ikaskuntzako kide izan zen eta euskal unibertsitatea sortzearen aldeko lana egin zuen.

justo garate
Justo Garate. Iturria: Euskomedia

Bere obra itzela da kopuru aldetik, bai liburu bai artikuluetan. 1933an Guillermo de Humboldt: Estudio de sus trabajos sobre Vasconia idatzi zuen, 1935an Ensayos euskarianos, La época de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel 1936an edo El viaje español de Guillermo de Humboldt (1799-1800) 1946an, besteak beste.

Artikuluak Euzkadi egunkarian, Eusko Ikaskuntzaren Deya aldizkarian, Gernikan, Euzko Gogoan, RIEV-en Euskeran, Herriaren Adiskideen Elkarteko Buletinean [BSBAP], Eusko Jakintzan, Eusko Ikaskuntzen Institutu Amerikarraren Buletinean [BIAEV], Príncipe de Vianan, Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnografía de Navarra aldizkarietan, Oñate, Munibe, Vida Vasca, Estudios Vizcaínos, etab. azaldu ziren eta euskarari dagokionez, lexikografian, toponimian eta etimologian ibili zen batik bat. Egindako lanen ondorioz hainbat sari jaso zituen, halaber: Honoris Causa doktorea EHUn, ohorezko euskaltzain, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako ohorezko kide, eta abar. Bergarako herriak gainera seme kuttun izenatu zuen eta plaza bati bere izena eman.

oroi

Etxea Bergarako Barrenkaleko 27.ean dago eta 1987an ezarritako oroigarriak honakoa dio: “Justo Garate Arriola jauna sendagile-kulturgizon ospetsua etxe honetan jaio zen 1900.go dagonillaren 5ean”.

Informazio gehiago: