Idazleak

Juan Antonio Ubillos idazlearen sortetxea


Galatas ubillos I

Juan Antonio Ubillos Galatas (Amasa-Villabona, 1707-Arantzazu, 1789) Galatas edo Kalatras izeneko baserri honetan sortu zen. Hamabost urte zituela, 1722an, Arantzazuko komentuan sartu zen frantziskotar, 1755ean Teologian graduatu zen Alcala de Henareseko unibertsitatean eta filosofia eta teologia irakasle gisa aritu zen Tolosan lehenik eta Arantzazun gerora.

Galatas Ubillos II

Dakigula, lau lan idatzi zituen; hauetarik hiru latinez: Philosophia Rationalis (Donostia, 1755), Philosophia Transnaturalis (1758) eta Philosophia Naturalis (Gasteiz, 17??). Dena dela, euskaraz ere idatzi zuen billabonatarrak; hain zuzen ere, euskarari egindako ekarpena Fleuryren Catéchisme historique liburuaren itzulpena da, Cristau doctriñ berri-ecarlea christauari dagozcan eguia sinis-beharren-berria dacarrena. Jaun Claudio Fleuri abadeac arguitara atera zuanetic (Tolosa, 1785) izenburua eman zion eta horri esker, literatur-gipuzkeraren aitzindarietarik dugu Ubillos; Larramendiren jarraitzaileetarik hain zuzen.

Christau doctriñ berri ecarlea

Etxea aurkitzeko hainbat jakingarri behar dira. Andoainera bidean Villabona zeharkatzen ari garela, eliza ikusiko dugu eskuinetara. Elizaren eskuin aldetik doan bidea hartuko dugu eta autobidearen azpitik igaro bezain laster, ezker aldera joko dugu aldapa gora, Otsabi auzotik Otelarre auzora joateko. Fleming ikastetxera ailegatu eta hura eskuinean utzita, aurrera segi eta lehendabiziko bidegurutzean eskuin hartuko dugu. Segituan ikusiko dugu etxaldea, Otelarre auzoko 33. zenbakia duena.

Baserriaren horma nagusian bere jaiotza gogorarazten duen oroitarria dago Euskaltzaindiak bigarren mendeurrenaren karietara jarria. Hala dio: JUAN ANTONIO UBILLOS / GALATASKO SEME / ETA IDAZLEARI /II MENDEURRENEAN / BILLABONAKO UDALAK ETA / EUSKALTZAINDIAK / 1989-V-27″.

Ubillos oroigarri

Nire esker ona Urtzi Reguerori testu hau prestatzeko emandako laguntzagatik eta Aziti Bihia taldeari, berriz ere bidaide izan ditudalako.

Gehiago jakiteko:


Mixel Xurio idazlearen sortetxea


martzeenea

Mixel Xurio Azkaineko Martzeenea etxe honetan sortu zen (Azkaine, ??-Donibane Lohizune, 1718-4-26). Erlijio-ikasketak egin eta Donibane Lohizuneko bikario gisa aritu ondoren, bertako erretore izendatu zuten 1702an, eta bertan aritu zen hil artean. Xurioren obra bakarra ezagutzen da: Jesu-Christoren imitacionea, Tomas Kempiskoaren lanaren itzulpena, 426 orrialde hartzen dituena. Lapurdiko kostaldean erretore-lanetan zebilela idatzi bide zuen, baina ez zen argitaratuta ikustera iritsi, Xurio hil eta bi urtera kaleratu baitzen, 1720an, André Droillet apezpikuaren baimenarekin eta Bordeleko Guillaume Boudé Boéren etxean. XVIII. mendearen hasierarako, kontrarreforma katolikoa hedatzeko lanean aritu ziren lapurtar idazle klasiko nagusiak (Materre, Etxeberri Ziburukoa, Axular, Argaignaratz, Harizmendi eta abar) zenduak ziren. Lapurdik bizitako literatur loriaren gainbehera gertatu zela azaldu ohi dute euskal literaturari buruzko eskuliburuek, baina lanik argitaratu zen orduan ere. Xurioren Imitacionea adibide ezin hobea da; izan ere, XVIII. eta XIX. mendeen artean hamar berrargitalpen baino gehiago izan zituen.

Martzeenea, Martzeenia edo Martzenia, Jean Elizalde “Zerbitzari”-ren sortetxearen ondo-ondoan dago, gaur egun Sainte Marie eskola denean. Azkaineko plazan gaudela, pilotaleku gibeletik behera doan karrika hartuko dugu. Aldaparen amaieran, bidegurutzean aurkituko dugu etxea. Bertan sortu ziren, orobat, Mixelen ahaide Martin eta Pierre Xurio. Etxeko oroigarriak honakoa dio: “Michel Chourio / Imitacionea eskuaralat itzuli / zuenari 1720 / Eskualtzaleen-Biltzarrak”

xurio oroigarria

Bihoakio, halaber, nire esker ona testu honen egile ere izan den Eneko Zuloagari eta bidaide izan dudan Idoia Lazkanori.

Gehiago jakiteko:


Jean Elizalde “Zerbitzari” idazlearen sortetxea

Malo baita

Azkaineko etxe honetan sortu zen Jean Elizalde Salaberri “Zerbitzari” (Azkaine, 1883/08/29-Gerezieta, 1961/05/05). Larresoron hasi zituen apaiz ikasketak eta gero Biarnon. Hainbat herritan egon zen apaiz, eta goiz piztu zitzaion idazteko grina. Oso idazle polifazetikoa izan zen eta obra zabala du: prosa, poesia, antzerkia, itzulpengintza eta kazetaritza jorratu zituen, Eskualduna eta Eskualdun Ona bezalako agerkarietan lehenik, eta Gure Herrian gero. Lehen Mundu Gerlaz idatzi kronika ezaguna da.

Testu franko euskaratu zituen, erlijiosoak batez ere, Ichtorio Saindua kasu, edo Banhar deitu salbaiak (1936). Atsotitz mordoa ere bildu zuen eta antzerkigitzan ere ibili zen, Gaxuxa edo Mikolas bezalako obrekin, besteak beste. Haurrendako ere idazten zuen beste batzuekin batera sortu zuen Herria aldizkarian, eta poesia ere egin zuen, abertzaletasuna eta erbestea eta ohiturak bezalako gaiak ikutuz.

Euskaltzain urgazle izendatu ondoren, 1930ean oso bilakatu zen.

malo

Etxea, Malo baita edo Itzala izenez ezaguna, erraza da aurkitzen. Plazara begira jartzen bagara, eliza eskuinetara izanen dugu eta frontoia ezkerretara. Frontoiaren paretaren atzetik jeisten den bidea hartu baino ez dugu, eta aldaparen amaieran, ezkerretara, ikusiko dugu etxea. Ataburuan oroigarri bat du: “Jean ELISSALDE / “ZERBITZARI” / ESKUALZALEA / 1883-1961″
elizaldeoroigarri

Gehiago jakiteko:


Jean-Pierre Duvoisin idazlearen hilobia

Duvoisin hobia

Hemen dago ehortzirik Jean-Pierre Duvoisin (Ainhoa, 1810/05/15-Ziburu, 1891/01/30). Familia oneko idazle honek Larresoroko apaizgaitegian egin zituen ikasketak baina ez apaizteko: aduanako mugazain bukatu zuen. Herriz herri ibili zen bere lanean, baina ezaguna baldin bada, idazle oparoa izan zelako da.

Artikuluak idazten zituen prentsan eta orduan aski esanguratsu ziren Antoine d’Abbadie edo Augustin Chahorekin elkartrukatutako gutunak ere gordetzen dira. Horiekiko harremanari esker ezagutu zuen Louis-Lucien Bonaparte printzea eta harentzako aritu zen gogor lanean. Hori horrela, itzulpen franko egin zituen, baina baita bereak diren lanak ere. Bereak dira, esaterako, berandu argitaratutako Baigorriko zazpi liliak (1832) edo 1858ko Laborantzako liburua. Itzulpenak ugari dira eta bere lumak euskaratutako idazleen artean ditugu Cervantes, Fénelon edo Demostenes besteak beste. Euskarazko lan zenbait lapurdiko euskarara ekarri zituen, Bonaparteren aginduz zenbaitetan, baina honen manurik garrantzitsuena, dudarik gabe, Bibliaren lapurterazko itzulpena da, bi Testamentuena, eta Duvoisinek agindua bete zuen: atalka argitaratu zuen Bonapartek 1859 eta 1865 bitartean Londresen, Bible Saindua edo testament zahar eta berria, egun arte ereduzko itzulpena dena.

Duvoisin

Hilobia Ezpeletako hilerrian dago, eliza inguruan. Hilerria epistolako aldetik gurutzatzen badugu, elizaren abside ondora ailegatu bezain laster aurkituko dugu hobia, lehen Miss Frantzia izandako Agnès Soureten ehortz-lekutik gertu. Hainbat pertsona daude hor ehortzirik, Duvoisinen ama eta senideak batez ere. Hilobiak, gureari dagokionean, hala dio xume: “Jean Pierre Duvoisin / Homme de Lettres / décédé le 30 1 1891”.

Gehiago jakiteko:


Jean Hiriart-Urruti idazlearen sortetxea

Joanesederra 1

Jean Hiriart-Urruti (Hazparne, 1859/01/30-Baiona, 1915/11/04), Hazparneko Joanesederraenea izeneko etxe honetan munduratu zen.

“Manex” aitzindaria dugu euskal kazetaritzan. Lapurdin bertan erlijio-ikasketak egin zituen, 1881ean apaiztu zen eta hainbat urtez hizkuntza klasiko zein modernoak irakatsi zituen Larresoroko seminarioan. 1907an Baionako katedraleko kalonje Gratien Adema “Zaldubi” hil zenean, hazpandarrak hartu zuen bere lekua.

hiriart urruty

Hiriart-Urruti XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako euskal kazetaria dugu, garai hartan erlijioaren eta gizarte tradizionalaren gertatutako aldaketez jardun zuena, baita haserre biziz jardun ere (gorri eta xurien arteko gatazkak puri-purian zeuden eta elizarentzat garai latza izan zen, estatuak eskumenak eta indarra kentzen jarraitu baitzuen. Hazpandarraren izena Eskualduna astekariarekin (8.000 harpidedun zituen 1908an eta, nagusiki, laborarien artean zabaltzen zen) dago lotuta ezinbestean: argitalpenaren zuzendari izateaz gain, artikulu nagusiak eta hainbat testu idatzi zituen hogeita bost urtez. Bizimodu tradizionalaren ohiko elementuen (erlijioa, familia-eredu klasikoa, euskara, etab.) defendatzaile sutsua izan zen, baina bere burua ez zuen abertzaletzat. Are gehiago, Frantzia aldarrikatu zuen bere aberri gisa eta sasoiko frantziar armadaren jardunaren eta politika inperialisten alde egin zuen.

Hiriart-Urrutik ez zuen libururik idatzi, baina XX. mendean zehar zenbait bildumatan bildu ziren bere kazeta-lan eta bestelako testuak: Lafittek Zer eta zer (1944), Mintzaira, aurpegia, gizon! (1971) eta Zezenak errepublikan (1972) bildumak prestatu zituen. 1995ean Iñaki Caminok Gontzetarik jalgiaraziak antologia berria prestatu zuen Klasikoak bildumarako, eta 2004an kaleratu zuen Xabier Altzibarrek orain arteko bilduma mardulena: Ni kazeta-egilea naiz. Artikulu, berri, istorio. Euskarazko kazetaritzaren oinarriak ezarri zituen Hiriart-Urrutik bere lanetan. Kanpoko ereduez gain (Venillot, Saint-Beuve, La Bruyère, Bossuet, etab.), euskal prosalari zaharrak (Axular, Oihenart) eta garaikideak (Elizanburu, Duvoisin, Ithurri) ere ezagutzen zituen, eta horiengandik edanda lortu zuen bere idazkera landua. Estiloari dagokionez, zehaztasuna, dotorezia eta indarra (haserre-kutsukoa sarritan) aipa daitezke. Ondoko hamarkadetako kazeta-egile eta prosalarien aitzindari izan zen.

Joanesederra 2

Sortetxea Hazparneko Hazketa auzoan dago. Herritik abiatuta D21 errepidea hartuko dugu Beskoitzerantz, Hazketara. Lehen errotondatik aurrera segituko dugu eta ezkerretara segituan aurkituko dugu bide bazterrean gelditzeko sargune bat. Hor autoa utzi eta oinez aldapa gora egin behar da langa pasatuta. Muinoan ageriko zaigu Joanesederraenea. Errazagoa da kokapen zehatza mapan ikustea.

Mila esker Aziti Bihia euskal filologo gazteen ekarte jaioberriari, bidaide bikainak izan baitira!
Sarrera honetan Eneko Zuloagak idatzi du testua.

Gehiago jakiteko:


Nikolas Ormaetxea “Orixe” idazlearen hilobia


orixe hilobia

Hemen datza Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” (Orexa, 1888/12/06-Añorga, 1961/08/09) idazlea. Fraile izateko ikasketak hasi zituen baina bide hori uztera behartua izan zen eta erbestea ezagutu zuen Espainiako gerra zibilaren ondoren. Euskaltzain ere izan zen 1959tik eta harreman gorabeheratsuak izan zituen, Krutwig, Zaitegi, Azkue, Mitxelena eta beste batzuekin.

Euskal Pizkundea deitu deneko idazlerik oparoenetarikoa eta azkarrenetarikoa izan da: filosofiaz, teologiaz, literaturaz eta hizkuntzalaritzaz aritu zen saiakera-egile, RIEV eta beste aldizkarietan idatzi zuen, eta genero desberdinak landu. Itzulpenak ere egin zituen, baina poesia epiko eta lirikoengatik da bereziki ezagun. Hor dira 1934an idatzitako Barne-muinetan liburua edo 1935ean egindako Euskaldunak ezaguna.

orixe

Ez zuten hasieratik hor ehortzi, baina gaur egun Orexako hilerrian dago Orixe. Hilerri txikia da eta erraz ikusten da hobia. Barne-muinetan liburutik ateratako “Zeru-argi” olerkitik ateratako pasarte hau du zizelkaturik: “Agur-fede-lurrean-nuen-itsu-mutil / zuri-esker-leizean-ez-nun-egin-amil“.

Informazio gehiago:


Joan Inazio Iztueta idazle eta dantza-maisuaren sortetxea

Iztueta sortetxea 2

Iztuetaenea edo Kapagindegi / Kanpandegi izenez ezaguna den Zaldibiako etxe honetan jaio zen Joan Inazio Iztueta Etxeberria (Zaldibia, 1767/11/29-Zaldibia, 1845/8/18).

Iztueta sortetxea 1

Oso ezaguna da Gipuzkoako dantzen gainean egindako biltze, irakaste eta arautze lanengatik; gaur egunean bere ekarpenaren eragina nabarmena da horretan. Horrezaz gain, aurreko gaiekin, antropologiarekin eta historiarekin lotutako testuak ere utzi dizkigu, euskaraz gehienak. Famatuena, Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburua, 1824an atera zen lehen aldiz. Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia 1847an, hil ondoan atera zen. Horrekin batera, bere eskuizkribu, gutun eta olerkiak ere gorde dira eta gehienak egilea hil ondoan argitaratu izan dira. Olerkirik ezagunena emazte Kontxesiri egindakoa da.

Zaldibian plaza bat du bere izenean eta bertan dagoen oroigarriak hala dio: “Juan Ignacio Iztueta-koari / Zaldibi-ko eŕily: “Times New Roman””>new”>iak bere eriotzaren eun urte / buruan eskeintzen dion oroigaria, leku au / “Plaza Iztueta” izendatuaz. / Zaldibin 1945 garengo uriaren 7an”.

Iztueta plaza_01

Hortik oso gertu dago jaiotetxea. Plaza herria erditik zeharkatzen duen Santa Fe kaleko 88.ean bertan dago. Oroigarri hau gure bizkarrean utzita, plazatxoan sartuko gara errepidea zeharkatuta eta bertan dagoen etxearen atzean justu aurkituko dugu Iztuetaenea.

Etxeak bi oroigarri ditu, fatxada banatan. Batek honakoa dio: “Juan Ignacio iztueta / “Guipuzkoako Dantzak” liburua egin zuanari / 1824-26 Eusko Ikaskuntzak 1929″.

EI Iztueta oroigarria

Sarrera nagusiaren ataburuan, ordea, beste hau dago: Goizaldi / Donostiko / euskal ere / siaren eŕi- / erti taldeak // Iztueta’r / Juan Ignazio’ri / Gipuzkoa’ko / dantzen irakas / le ta eragile // Azaroa’ren 29’an 1767-1967 oroi-omen jaia”.

Iztueta oroigarria 2

Informazio gehiago:


Olaso dorrea. Telesforo Monzon idazlearen sortetxea

Olaso 1

Aurreko sarreran Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Bergara, 1904/12/01-Baiona, 1981/03/09) idazlearen hilobia ekarri genuen: oraingoan bere sortetxea. Familia aristokratiko bateko semea zen eta Olaso deritzon Bergarako dorretxe honetan etorri zen mundura.

 

Olaso 2

XVI. mendean eraiki zen eta gerora moldaketak jasan ditu. Fundazio baten egoitza da eta Georges Lacombe hizkuntzalariaren ondare bibliografikoa jasotzen zuen, Monzonek erosi zuenetik. Euskaltzaindiak ondare hori katalogatu eta Bilboko egoitzara eraman zuen. Berriki Jakiunde akademiaren egoitza ofizial ere izendatu dute.

Olaso 3

Dorretxea Bergarako hiribilduan bertan dago, San Pedro kaleko 2.ean, izen bereko elizaren ondoan eta plazatik oso gertu.

Informazio gehiago:


Telesforo Monzon idazlearen hilobia


Telesforo Monzon hilobia

Bergarako kanposantuan, familiaren panteoian datza ehortzirik Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Bergara, 1904/12/01-Baiona, 1981/03/09).

Familia aristokratiko batean sortua, horrek hain segur Madrilen ikasteko ateak zabaldu zizkion eta gerora politikan sartzekoak. Bereziki ezaguna da abertzaletasunaren barnean egindako bide politikoagatik. Horrezaz gain, euskalaritzari buruzko blog honetan ere badu lekurik, idazle gisa ere izan baitzuen bere eragina: esango nuke idazkeraren kalitateagatik baino, jorratutako gaiengatik izan zela ezagun. Prosa, poesia eta antzerkia landu zituen eta gai abertzaleko bere poema zenbait biziki ezagunak bilakatu dira, garaiko eta geroko kantariek frankotan abestu baitituzte; hor dira, besteak beste, Itziarren semea, Lepoan hartu eta segi aurrera edo Batasuna. Esango nuke 1947ko Gudarien Egiñak dela bere idazlanik ezagunena. Hizlari eta kazetetan idazle ere ibili zen. 1966an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Telesforo Monzon

Esan bezala, hilobia Bergarako hilerrian bertan dago. Matxiategi kaleko aparkalekuan autoa utzita, ekialdera begira dagoen ate nagusitik sartuko gara. Ezkerrera jo eta hegoaldeko murruaren kontra, Boni Laskurain karrikara ematen duena hain zuzen, berehala ikusiko dugu panteoia, familiaren armarria daramana, “Olaso y Monzon” iazkiarekin batera.

Informazio gehiago:


J. D. J. Sallaberry abokatuaren bizitokia

etxea sallaberry

Mauleko etxe honetan bizi izan zen Jean Dominique Julien Sallaberry abokatua (Maule, 16/05/1837-?, 25/11/1903). Artikulu eta testu zenbait idatzi bazituen ere, bere Chants Populaires du Pays Basque lanagatik da ezaguna, 1870ean Baionan argitara emana. Liburu horretan lehen aldiz jaso ziren idatziz Bereterretxeren Kantorea bezalako doinu famatuak, ahozko tradiziotik bilduak, eta beste batzuk nahita kanpo utzi.

oroigarria sallaberry

Etxea aurkitzea erraza da. Mauleko karrika nagusian dago, Victor Hugo karrikaren 25.ean hain zuzen. Oroigarri bat dago bertan: Etxe honetan bizi izan zen / Dans cette maison vecut / J. D. J. Sallaberry / 1837-1903 / Lege-gizona / advocat, notaire / Eüskal kantorearen sütazale / auteur du premier recueil de / chansons populaires basques (1870).

ataburua sallaberry

Informazio gehiago:


  • Iruzkin berriak

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu