Gipuzkoa

Sebero Altube euskalari eta idazlearen sortetxea

seber altube

Arrasateko etxe honetan sortu zen Sebero Altube Lertxundi (Arrasate, 1879/11/08-Gernika, 1963/08/08/27).

Polifazetikoa izan zen. Musikaren alorrean dultzaineroa izan zen, musika bandako zuzendari Arrasaten eta Gernikan, Gernikako abesbatzaren sortzaile eta musika eskolaren abiarazle izan zen. Segundo Olaetarekin batera Elai Alai taldea sortu zuen. Politika alorrean EAJ-ko kide izan zen eta Gernikako alkate izatera iritsi zen.

altube

Euskararen munduan, idazle eta hizkuntzalaria izan zen. Euskaltzaindiko kide izan zen eta Euskera aldizkarian hainbat lan kaleratu zituen, horien artean Erderismos lan polemikoa, 1930ean liburu gisa atera zena. Bere lanetan hizkuntzalaritza orokorraren ekarpenak euskarara bihurtzen saiatu zen. Literatur alorrean bere lanik ezagunena Laztantxu eta Betargi da, gerra garaiko bikote baten inguruan mintzo dena.

Etxea Maalako errabaleko 2.ean dago, Arrasateko hiribildutik at eta Esteban Garibairen sortetxearen ondo-ondoan.

Informazio gehiago:


Bergarako udaletxea

udaletxea

XVII. mendearen bigarren erdiko eraikin hau da Bergarako Udaletxea. Lucas de Longa arkitektuak diseinatu zuen eta harlanduzkoa da. Aurrealdean 1727an grabatutako Bibliatik hartutako bi inskripzio daude (En casa del que jura no faltará desventura / O que mucho lo de allá o que poco lo de acá) eta hiru armarri.

Duela urte batzuk osorik eraitsi zuten barnetik eta soilik eskailera bat eta areto nagusia, gaur egungo batzar gela, utzi zituzten bere horretan. Gure alorrerako hain zuzen ere batzar gela hori interesatzen zaigu. Dekorazioari begira, bergarar garrantzitsuen irudiekin apaindutako zenefa bat du sabaiak eta hego Euskal Herriko lau diputazioen armarriak ere ageri ditu.

batzargela

Hona ekarri badugu, halere, euskararekin lotura zuzena duelako da: areto horretan bertan eman zen lehen aldiz, 1764ko irailaren 11n hain zuzen, Peñafloridako kondeak idatzitako El borracho burlado antzerki lan elebiduna.

borracho

Bergarako Udaletxea San Martin Agirre plazaren 1.ean dago. Batzar gelara ikusteko aski da udaltzainei baimensa eskatzea eta beraiek erakutsiko dizuete.  


Esteban Garibai historialariaren sortetxea

garibai sortetxea

Ustez Arrasateko etxe honetan sortu zen Esteban de Garibay y Zamalloa (Arrasate, 1533/03/09-Madril, 1599/1600?).

Familia onekoa, gaztetan Gasteizen eta Oñatin ikasi zuen eta gudarostean ibili zen. Arrasateko alkate ere izan zen. 1571an Los cuarenta libros del Compendio historial de las Chronicas y universal historia de todosreynos de los España lana argitaratu zuen Flandesen eta beranduago, Felipe II.a Espainiako erregearentzat hainbat lan egin ondoren, 1592an erregeak kronista izendatu zuen. Zenbait liburu kaleratu zituen baina “Grandezas de españa” lan mardulak oraindik osorik argitaratu gabe dirau.

garibay2
Iturria: Euskonews

Eusk
araren munduari begira, hain zuzen ere “Grandezas de España” horren barruan datozen memorietan Garibaik dio bi euskal errefrau bilduma egin zituela. Originalak galdu badira ere, Espainiako Biblioteka Nazionalean kopia bat gordetzen da. Errefrauak beranduago argitaratu dira eta badira egiletasunaren gaineko dudak.

Bestalde, bere kroniketan euskarazko eresiak ere tartekatu zituen, halanola, Milia Lasturkorena, Martin Bañezena edo Olasoko kanta.

Etxea Arrasateko harresietatik at dago, errebalean hain zuzen. Lehen Beheko errebalaren 13.a zena, egun Biteri etorbidea 5 da. Eraikina, erabat berritua, Gazte Bulegoaren egoitza da gaur eta inguruko etxeak eraitsita, eraikin modernoago bati atxikia ageri zaigu. Inoiz oroigarririk izan badu ere, gaur egun galdua du.

Informazio gehiago:


José Manterola euskaltzalearen sortetxea


DSCF1831

José Manterola Beldarrain (Donostia, 23/03/1849-Donostia, 29/02/1884) Donostiako alde zaharreko etxe honetan sortu zen.

manterolaaa
Iturria: Auñamendi

Gazte gaztetik agertu zuen euskararekiko zaletasuna eta Donostiako Udal Liburutegiko zuzendaria izan zen. Bere lanik ezagunena Cancionero Vasco da (1877-8) eta Euskal-Erria aldizkariaren sortzaile izan zen, garaiko mugimendu foruzale eta euskaltzalearen ildotik, orduko pentsalarien lanak jasotzen zituena. Atsotitzak biltzen eta iritzi artikuluak idazten ere jardun zuen, Lore Jokoen giro kulturalak bultzaturik.

Etxea Narrika kaleko 1ean dago, Boulebarraren izkinean.

Gehiago jakiteko:


Mikel Laboa kantariaren sortetxea

laboaetxe

Mikel Laboa Manzisidor (Donostia, 1934/06/15-Donostia, 2008/12/1) kantaria Gipuzkoako hiriburuko etxe honetan sortu zen.

laboaaurre

Mixel Labégueriek zabaldutako bidetik, “Euskal kantagitza berria” deitutakoaren bultzatzailea izan zen, bai bakarlari, bai Ez Dok Amairu taldearen bidez, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Artzetarrak edo Lourdes Iriondorekin batera. Euskal kanta tradizionalak musika berriaz kantatu zituen eta proposamen iraultzaleak ekarri zituen euskal kantagintzara.

laboaoroi

Oroigarriak hala dio: hemen jaio zen Mikel Laboa Manzisidor artista handia. Donostia 1934-2008. “Kantuz egin dezaten nitaz oroitzean”. Donostiako Kantu Jira. 2009ko otsaila

laboaarg
Iturria: Wikipedia

Etxea Iñigo eta San Juan kaleen izkinean dago, alde zaharrean. Egun ataria San Juan kaleko 15.ean du, baina ikusten da etxearen aurrealdea eta berezko ataria Iñigo kalean dagoela.

Gehiago jakiteko:


Jokin Zaitegi idazlearen bizitokia

zaitegietxe
Jokin Zaitegi Plazaola (Arrasate, 1906/07/26-Donostia, 1979/08/17) idazle eta itzultzailea Arrasateko etxe honetan bizi izan zen.

Prosan, poesian eta itzuplengintzan ibili zen. Zaitegiren poesia lan ezagunenak Goldaketan (1946) eta Berriz ere goldaketan (1962) dira. RIEV, Egan  zein Euzko-Gogoan (sortzaile izan zen) argitaratu zituen bere lan zenbait eta orduko pizkundeko autoreekin harremana izan zuen, Lizardi zein Lauaxetarekin, esaterako. Loiolan Euskal Elerti Bazkuna sortu zuen Andima Ibinagabeitia eta beste zenbaitekin batera. Itzultzaile gisa, besteak beste autore klasikoen lanekin aritu zen, Platon edo Sofokles kasu.

                                       zaitegii
Iturria: Auñamendi

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen.

zaitegiori

Etxea Arrasateko alde zaharrean dago, Erdiko kaleko 52.ean, aldapan gora goazela, eskuin aldean. Oroigarriak hala dio: “Etxe honetan bizi izan zen Iokin Zaitegi (1906-1979) Arrasateko seme kuttun, euskaltzale eta euskal kulturaren bidegilea. Arrasate, 2006-9-21”.

Informazio gehiago:

 


Luis Jauregi “Jautarkol” idazlearen sortetxea

jautarkoletxe
Errenteriako etxe honetan sortu zen Luis Ramon Jauregi Etxenagusia “Jautarkol” (Errenteria, 1896/06/21-Zarautz, 1971/02/02) idazlea eta apaiza. Comillasen egin zituen ikasketak eta bertan ezagutu zuen besteak beste”Orixe“. Berak sortu zion euskaraz idazteko zaletasuna.

              jautarkol
Iturria: uztarria.com

Euzkadi, Euskal-Erria, Irugarrengo Prantzizkotarra, Rentería, Euskal Esnalea edo Zeruko Argia bezalako kazetetan argitaratu zituen bere olerki eta artikuluak. Ipuinak ere idatzi zituen, baina Biozkadak olerki liburuak emanen dio ospearen bidea.

“Euskel Olerti jaietan” maiz aritu zen eta bertan elkartzen ziren orduko poeta ezagunak (Lizardi, Aitzol, Zaitegi, Loramendi etab.), “Euskal Pizkundea” deitu den horretan murgildurik. Gerrak ordea, isilaldi luze xamarra ekarri zion, bere olerkiak erbestean argitaratzen hasi ziren arte. Saiakerak eta itzulpenak ere egin zituen euskararen gorazarre, eta geroaz kezkaturik. Euskara batuaren beharra antzeman zuen eta euskaltzain urgazle izan zen.

jautarkoloroi

Etxea herriaren alde zaharrean, edi-erdian dago; Beheko Kaleko 2. zenbakian dago, Herriko Plazaren izkinean, elizatik hurbil. Oroigarriak hala dio: “Etxe honetan jaio zen Jauregi’tar Koldobika. Jautarkol olerkaria (1896-VI-21-1971-II-2) Errenteriako herriak jaiotzaren mendeurrenean esker onez (1996-VI-21)”

Informazio gehiago:
Hiru.com
Bidegileak (PDF)
Auñamendi
Literaturaren Zubitegia
Euskal Literaturaren hiztegia


Frantzisko Petriarena “Xenpelar” bertsolariaren bizitokia

xenpeetxe

Errenteriako etxe honetan bizi eta zendu zen Frantzisko Petriarena Berrondo Xenpelar bertsolaria (Errenteria, 1835/01/13-Errenteria, 1869/12/08). Gaur da bere heriotzaren urteurrena.

                         xenpelar
Iturria: Euskonews

Gazte-gazterik hasi zen bertsolaritzan eta ahozko bertsoez gain, bertsopaperak ere egin zituen. bereak dira, besteak beste, Pasaiako herritik edo Ia guriak egin du bertso ezagunak.

xenpearmarri

Xenpelarren iloba zen Josefa Antonia Aranberri Petriarena bertsolaria ere etxe horretan sortu zen

xenpeeusk

Etxe dotore hau Madalena kaleko 32.ean dago, Errenteriako alde zaharrean eta gaur egun Xenpelar kultur etxea dago bertan.

kulturetx

Informazio gehiago
:


Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren sortetxea

mitxelenasort
Errenteriako etxe honetan sortu zen Koldo Mitxelena edo Luis Michelena Elissalt (Errenteria, 1915/08/20-Donostia, 1987/10/11).

Aurkezpen beharrik izan ez arren eta berari buruz labur mintzatzea zail bada ere, saiatuko gara. Hizkuntzalari gisa aurkeztu arren, alor gehiago landu zituen: literatur kritika, zinema, eta abar. Bizitza osoa euskarari eskaini bazion ere, kultura handiko gizona izan zen eta hizkuntzalaritza zein literatura orokorrari buruz ere izan zuen zer esan.

mitxe
Iturria: Auñamendi

Ideologia abertzalekoa, gartzela bitan ezagutu zuen eta bertan pasatako denboraldiek estudiatzeko grina piztu zioten. Horrela Salamancako Unibertsitateko irakasle izan zen, Sorbonan ere ibili zen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzaileetarik bat da.

Baina dudarik gabe, euskal hizkuntzalaritzan gailendu zen. Euskal Filologia eta hizkuntzalaritzaren sustatzaile sendoena izanik, berari zor zaizkio aportaziorik ugarien eta sakonenak (Onomastikan, hizkuntzalaritza historikoan, hiztegigintzan, fonologian etab.) eta gaur egin oraindik mugarri ezin utzizkoa da. Liburu eta artikulu mordoa argitaratu zituen eta asko dira jaso zituen izendapen eta sariak. Euskaltzain oso izendatu zuten eta euskara batuaren sorreran partehartzaile garrantzitsua izan zen.

miltxeloroi

Etxea Errenteriako alde zaharrean dago, plazatik oso oso hurbil eta elizaren parean, Goiko kaleko 6. zenbakian hain zuzen. Bertan dagoen oroigarriak hala dio: “1915-1987 Hemen jaio eta bizi izan zen Koldo Mitxelena jauna, hizkuntzalari ospetsua izan zena eta Errenteria hiriko seme kuttuna. Errenteria 1988ko urriaren 11an”

Informazio gehiago:


Txirrita bertsolariaren bizitokia

txirrita

Errenteriako Txirrita baserrian bizi izan zen Jose Manuel Lujanbio bertsolaria (Ereñozu (Hernani), 1860/08/14-Altza (Donostia), 1936-07-03) eta harek eman zion izengoitia. Hala ere, jaio Ereñozuko Latze (Zar) baserrian jaio zen eta Altzako Gazteluenean hil.

800px-Txirrita_eta_Saiburu
Argazkia: Wikipedia

Tabernetako bertsolaria izan zen, alfabetatu gabea, baina berari zor zaio, beste batzuekin batera, bertsolaritza tabernetatik atera eta goreneranzko bidean ezarri izana, 1935ko bertsolari txapelketa nagusian txapeldunorde geratu ondoren, 1936an garaile suertatu baitzen. Bere bertsoak, bertso-paperen bidez, ezagunak zaizkigu gaur egun oraindik.

Txirrita baserria Errenteriako Txirrita-Maleo industriagunearen ondo-ondoan dago Txirrita bekoa kalean. Aldapa txiki bat igo behar da, baina bertan dago, lantegien ondo-ondoan. Aspaldi dago dokumentatua Txirrita toponimoa.

Informazio gehiago:


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu