errota berria 1

Aurreko sarrera batean esaten genuenez, Azkaine eta inguruko herrietako ataburuetan datak, izenak, irudiak eta bestelakoak zizelkaturik aurkitzea ez da arraroa; haatik euskarazko testuak gutxi dira horrelakoetan, jendearen mintzoa hori izanagatik ere. Senpereko Ibarrungo errotaren ataburuak euskaraz du testua, baina ez da bakarra. Azkainen errota berriak ere badu euskarazko atabururik.

Eraikin handi hau 1936 arte egon zen martxan, ondoren Irungo pasionistek eskuratu eta Gerra Zibileko errefuxiatuak jasotzeko etxe bilakatu zuten. Ondotik eta orain arte, familiendako opor-etxe gisa erabiltzen da.

errota berria 2

Eraikina oso handia da eta 1675ko data darama ataburu batean. Iturri batzuek 1615 irakurtzen dute, baina ikusi eta zuek epaitu. Bestalde, bitxia litzateke errota “berria” izenekoa Azkaingo beste errota batzuk baino lehenago eraiki izana, ezta?

Ataburu errota berria

Edonola ere, hegoaldeko atearen gaineko ataburuak dakar euskarazko esaldia, Mateoren ebangelioko pasarte bat dakarrena. Hala dio:

[N]OLA NEVRTCEN BAITVÇV, / [H]ALA NEVRTHVCO ÇARE ÇV / Math7.

[Nola neurtzen baituzu, hala neurthuko zare zu]

errota berria ataburua

Ez dakigu, halere, ataburu hau bestea bezain zaharra den. Agian beranduagokoa da. Darabilen euskarak ere ez digu ataburuari data jartzeko gehiegi laguntzen, lapurteraz garai gehienetan ohikoak diren ezaugarriak baititu. Ezer aipatzekotan, zare adizkiak duke zeresanik: XVII. mendearen lehen erdian ez dute Etxeberri Ziburukoak eta Voltoirek baizik lekukotzen; ez dugu Materraren edo Axularren euskaran aurkitzen. Beranduago ugaria bada ere, kostaldeko euskarari begira dugu ugarien.

Errota aurkitzea ez da zaila, baina atentzio pizar bat behar du. Urdazuri ibaiaren adar baten ondoan dago. Azkain erdialdera Senpere eta Donibane Lohizune batzen dituen D918 errepidetik sartzen bagara, ibaia zeharkatuko dugu Ernest Fourneau karrikatik, eta segituan Errota Berria izeneko etxe handia ikusiko dugu ezkerretara. Hor dago ataburua. Edonola ere, bertatik sartu beharrean, hobe da oinez Ernest Fourneau karrikatik aurrera egitea eta biribilgunea zeharkatuta, ezkerretara dagoen bidexkatik joatea. Bide pribatua dela jartzen du baina… ez dago beste modurik. Hori eginda, aurrez aurre egingo dugu topo eraikinarekin eta ataburuarekin.

Gehiago jakiteko: