Narbarteko etxe kapare honetan sortu zen Jose Maria Lakoizketa Santesteban (Narbarte, 1831/02/02/1831-Elbete, 25/12/1889) apez eta botanikoa. 1857an Narbarteko erretore bilakatua, orduan hasi zitzaion landareekiko zaletasuna. Elbeteko Jarola palazioan hil zen arte, herbario erraldoia osatu zuen, landareak bilduz, deskribatuz eta sailkatuz. Zeregina obsesio bilakatu zen ia, eta pertsona berezia zela diote ezagutu zutenek, Lakoizketako eroa izengoitia ere eman baitzioten. Egindako lanak ospea eman zion eta Societé Botanique de France, Sociedad Linneana Matritense eta Real Sociedad Española de Historia Natural erakundeetako kide izendatu zuten.

Jose Maria Lakoizketa. Iturria: Auñamendi

Bi lan argitaratu zituen: Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el Valle de Vertizarana (1884-1885) eta, blog honetara lekua egin dion Diccionario de los nombres éuskaros de las plantas en correspondencia con los vulgares castellanos, franceses y científicos latinos (1888). Lan honetan euskararen aintzinatasunaren eta aberastasunaren gorazarrea egiten da, etimologiak proposatzen dira (ez sobera zuzenak, egia esan), eta zenbait tradizio eta ohitura ere aipatzen. Lan hau Iribarrenen Vocabulario Navarro lanaren eta beste zenbaiten iturri ere izan da. Bitxikeria gisa, desagun euskarazko sermoi batzuk utzi zizkigun Javier Ramon Lakoizketa apezaren iloba zela Jose Maria.

Etxea Narbartekoa izanik ere, Legasatik hurbilago dago. Narbartetik Legasarako bidea hartuta, Legasa ezker ikustean, etxea eskuin aldean topatuko dugu. Bertizaranako armarriaz gain, oroigarri hau ikus daiteke aurrealdean:

LAKOIZKETA’R JOSE Mª
APEZ ZENARI.
1831KO II-2’AN 1889KO XII-25EAN.
ETXE ONTAKO SEME ZEN
LAKOIZKETA JAUNA. LANDARE
JAKINTZAN EUSKALDUN NAGUSIENA.
EUSKALDUNAK ZOR DIOGUN
AIPAMENAZ JASOTAKO OROITAŔIA.
1924’N URTEAN.

  Gehiago jakiteko: