Baigorriko ataburua

Baigorriko etxe honetan segur aski aurreko eraikinarena zen ataburua gorde eta eraikuntza berrian jarri zuten. Ohikoa da Baigorriko etxeen ataburuetan egilearen edo egileen izenak aurkitzea, edo etxea berritu dutenarenak, bai eta eraikitze edo berritze urtea ere. Baigorrin horrelako ataburuak latinez, frantsesez eta gaztelaniaz ere ikus daitezke, baina beti bezala, euskarazkoak bakan dira. Oraingoan euskarazko bat dakarkigu. IHRS Jesukristoren ikurra darama, irudi geometriko zenbait eta 1671ko data. Euskarazko testuak hau dio:

CVTIARE QUIN.DVGVN.BAQUIA.AS / QUI.DVGVLA.IOANNES.DIRIBARNE.

Batetik, ea>ia bilakabidearen adibide aski goiztiarra dugu baquia hitzean. Bestetik, Iribarnek adierazi nahi izan zigunaren zentzua osoki harrapatzea ez da lan erraza. Garbi dago etxe horretan duten bakearekin aski dutela, baina zer da CVTIAREQUIN? Lehen begiratuan “Gutiarekin” irakur liteke, eta gauzen eskasiarekin lotu (cf. Zerbitzari OEHn: Eta hari bezala gure gutia aski zauku atseginez betetzeko). Hala balitz, gauzen eskasiarekin duten bakea aski izanen litzaieke. Arazoa da testuko beste <g>-ak ikusita, G > C idatzi izana ez dela akats egiten erraza. Orduan zer da cutia? Bestalde, nire ustez dugula subjuntibotzat hartzea da zentzuzkoena: dugula = “izan dezagula”. Agian, dugun ere uler liteke CVTIAREQVIN horren aurretik, euskararentzako arruntegia ez den ordena batean.

Esan bezala, zentzu orokorra bai, baina ñabardurek ihes egiten didate.

Baigorriko ataburuaren etxea

Etxea Baigorriko karrika nagusian dago. Elizatik herriaren beste muturrean dagoen Behereko plazara iritsita aurrera jarraituko dugu, Behereko plaza utzita, Donibane Garazi eta Arrosa aldera, karrika nagusitik. 80 bat metrotara eskuin adean ikusiko dugu, errepidean berean.