Azkaine

Azkaineko elizako hilarri ezkutuak

Azkainen hilobi zahar ugari daude Andredena Mariaren eliza barneko zoruan. Euskarazko idazkunak dituztenak ere ez dira gutxi; beste herrietan baino gehiago, esanen nuke. Baina zoritxarrez, egoera onean kontserbatzen diren arren, gehienak elizako bankuek estaltzen dituzte, eta horri tenpluaren barneko iluntasuna gehitzen badiogu, ezinezkoa da hilobiek diotena irakurtzea. Merezi luke, dudarik gabe, banku guztiak mugitzea eta horiek denak behar bezala dokumentatzea, dagoeneko egin ez bada. Zer ez ote banku horien azpian gure zain!

Hobekien ikusten den harlauzak Azkain Errotako hilobiak edo jarlekuak zein diren zehazten du. Sasoi batean, familiei euren etxearen hobien gaineko espazioa zegokien meza entzuteko; bertan jarri behar zituzten euren jarlekuak, eta liskar ugari izaten ziren inork ez zegokion lekua okupatzen zuenean. Lauza aldarearen pare-parean dago, eta hala dio:

CETHAB / ERENECO / THONB / ATIC HU / NARAIN / OCOACA / SCAINER / ROTACO / AC DIRA
Zethabereneko thonbatik hunarainokoak Azkain Errotakoak dira

Gainerako hobien argazki hoberik ezin atera dezakedan bitartean, Colasek bere liburuan jasotako batzuk emanen ditut.

MIGVEL D / ETCHEVERZ LAROCHORE / NEQVO S / EPVLTVRA DA HAV 1692 / EGVINA
Miguel D’Etxeberz Laroxoreneko sepultura da hau. Egina 1692.

Ameriketara joandakoak “Indiano” izendatzeko ohitura aspaldikoa da, eta ohore handiko izendapena dirudi.

HAV DA / THOMBA MIGVEL D ARRAIOAGA / AZCAINGO / INDIANO IAVNARENA HILLA / OCTOB / REREN / 22 + 1651
Hau da thonba Miguel D’Arraioaga Azkaingo indiano jaunarena. Hila oktobreren 22, 1651.

Migelenea etxeko hobia dugu ondokoa:

MIGELENECO / THOMBA
Migeleneko thonba

Colasek bere liburuan jaso ez zituen batzuk ere aurkitu nituen, baina badirateke gehiago ere. Ezin izan ditut beti behar bezala eta osorik irakurri.

Hau XIX. mendekoa:

ROBERT / PETIT  / CHANGO / RENECO / YAUNA / HILLA / 1836
Robert Petit, Xangoreneko jauna, hila 1836.

Beste batzuen zatiak baino ez ditut bildu.

CO IAR / TOQ / V[I]A
…ko jartokia

edo beste hau:

HAV DA TOM / BA
hau da tomba…

 

*     *      *

Herskari hasperendunak (<th>) erruz ageri dira testuetan, baita o > u bilakabidea ere, erakusleetan ohi bezala (hunerainokoak).1651ko hilobiak erakusten digu oraindik ez dela Azkaine izenean berrinterpretaziorik gertatu (Azkain-en > Azkaine-n), eta Azkain da orainik izena (Azkaingo, eta ez Azkaineko). bestalde, <i> ondoko <l> palatalizatu egiten da eta <ll> bilakatu (hilla). Hilbobi batzuetan, kasu inesiboa (-ean) falta zaio urteari, baina ohikoa da hori frantsesez idatzitako hilobietan ere (fait + urtea), eta egitura horretatik kalkatua da, segur aski. Hilobi batean jartoki dugu, eta ez ohikoa den jarleku.

 


Azkaineko errota berriko ataburua

errota berria 1

Aurreko sarrera batean esaten genuenez, Azkaine eta inguruko herrietako ataburuetan datak, izenak, irudiak eta bestelakoak zizelkaturik aurkitzea ez da arraroa; haatik euskarazko testuak gutxi dira horrelakoetan, jendearen mintzoa hori izanagatik ere. Senpereko Ibarrungo errotaren ataburuak euskaraz du testua, baina ez da bakarra. Azkainen errota berriak ere badu euskarazko atabururik.

Eraikin handi hau 1936 arte egon zen martxan, ondoren Irungo pasionistek eskuratu eta Gerra Zibileko errefuxiatuak jasotzeko etxe bilakatu zuten. Ondotik eta orain arte, familiendako opor-etxe gisa erabiltzen da.

errota berria 2

Eraikina oso handia da eta 1675ko data darama ataburu batean. Iturri batzuek 1615 irakurtzen dute, baina ikusi eta zuek epaitu. Bestalde, bitxia litzateke errota “berria” izenekoa Azkaingo beste errota batzuk baino lehenago eraiki izana, ezta?

Ataburu errota berria

Edonola ere, hegoaldeko atearen gaineko ataburuak dakar euskarazko esaldia, Mateoren ebangelioko pasarte bat dakarrena. Hala dio:

[N]OLA NEVRTCEN BAITVÇV, / [H]ALA NEVRTHVCO ÇARE ÇV / Math7.

[Nola neurtzen baituzu, hala neurthuko zare zu]

errota berria ataburua

Ez dakigu, halere, ataburu hau bestea bezain zaharra den. Agian beranduagokoa da. Darabilen euskarak ere ez digu ataburuari data jartzeko gehiegi laguntzen, lapurteraz garai gehienetan ohikoak diren ezaugarriak baititu. Ezer aipatzekotan, zare adizkiak duke zeresanik: XVII. mendearen lehen erdian ez dute Etxeberri Ziburukoak eta Voltoirek baizik lekukotzen; ez dugu Materraren edo Axularren euskaran aurkitzen. Beranduago ugaria bada ere, kostaldeko euskarari begira dugu ugarien.

Errota aurkitzea ez da zaila, baina atentzio pizar bat behar du. Urdazuri ibaiaren adar baten ondoan dago. Azkain erdialdera Senpere eta Donibane Lohizune batzen dituen D918 errepidetik sartzen bagara, ibaia zeharkatuko dugu Ernest Fourneau karrikatik, eta segituan Errota Berria izeneko etxe handia ikusiko dugu ezkerretara. Hor dago ataburua. Edonola ere, bertatik sartu beharrean, hobe da oinez Ernest Fourneau karrikatik aurrera egitea eta biribilgunea zeharkatuta, ezkerretara dagoen bidexkatik joatea. Bide pribatua dela jartzen du baina… ez dago beste modurik. Hori eginda, aurrez aurre egingo dugu topo eraikinarekin eta ataburuarekin.

Gehiago jakiteko:

1 Comment more...

  • Iruzkin berriak

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu