ataburua

Colliers-eko gazteluko ataburua

Collierseko gaztelua

Loirako Collierseko gazteluak ate nagusiaren gainean euskarazko inskripzio bat du. Muides-sur-Loire herrian dago, erreka bazterrean, eta ez dut, zoritxarrez, zuzenean bisitatzerik izan, baina hotela ere baden gazteluaren jabeek atsegin handiz bidali didate argazkia.

Loiran euskara aurkitzea ez da horren harrigarria, eraikinaren jabea nor izan zen badakigu. Jean-Philippe de Bela mauletarrak (1709-1976), Belako zaldunak, erakiarazi zuen 1751. urtean. Bela familia ezaguna da euskal letretan. Jean-Philipperen arbaso Jacques de Belak, Tablettes ezagunetan  galduak dauden euskal gramatika eta hiztegia txertatu zituen eta gainera euskal atsotitzak ere bildu zituen. Haren seme Athanase Belapeyrek Katexima Labürra idatzi zuen, Zuberoako euskaraz idatzitako lehen liburua. Bestetik, Jean-Philippe idazle eta militar ezaguna izan zen. Besteak beste Histoire des Basques luze bat idatzi zuen, Pariseko Biblioteka Nazionalean gordea, eta bertan hiztegi bat jaso zuen, euskara (zuberera, lapurtera eta gipuzkera Larramendiren bidez) eta beste hizkuntzetako hitzak ordena alfabetikoan biltzen zituena. Hiztegi horretako Zubererazko eta frantsesezko hitzak Txomin Peillenek argitaratu zituen. Agian besterik ere egin zuen euskaraz edo euskarari buruz…

Gainera, Jean-Philippe honen lehengusu batek, Philippek (1703-1765) ere, Maulen errota bat eraiki zuenean, ataburuan euskal testu bat txertatu zuen.

Izkirio garbia du Collierseko ataburuak:

Collierseko ataburua

LAKETOVRIC / ONTZANAGO

<k> eta <tz> grafema berezi samarrak dira XVIII. mende erdirako, nahiz eta ez diren ezinezkoak. Alta, interpretazioa ez da horren gardena. Wikipediak itzulpen aske hau ematen dio pasarteari: ‘Je me plais ici parce que je me sens bien’ eta beste webgune batean ‘Là où je vis, je suis bien’ dakarte. Bistakoa da itzulpenak ez direla oso egokiak eta emendakiik behar dutela. Laketurik ulertzen erraza bada ere, ontzanago horretan dago arazoa.

Batetik morfologia dago, eta hor hiru aukera: a) ontza nago, b) ontza-n nago eta c) ontza-n-ago. Lehen biek indikatibozko adizkia duten bitartean, azkena konparaziozko egitura da. Gainera b) eta c)-k inesiboa dute. Bestalde, ontza hitzaren esanahia dugu argitzeko. Gure ustean ontsa hitzaren aldaera berezia izan daiteke. OEH-ren arabera Pouvreauk lekukotzen du eta baita Oihenartek ere behin, nahiz eta ez zen seguruenik zubereraz XVIII. mende erdian baliatzen zen aldaera ohikoena. Badakigu, dena dela, Belak Oihenarten testuak ezagutzen zituela, baita ere bere lanetan aipatzen. Oihenartek ontza ez du adberbio gisa baliatzen, izen gisa baizik, eta ‘ongizate’ esan nahi du. Hori horrela, gure interpretazio proposamena honakoa da: b)-ko morfologiarekin, ongizatean gustura nago eta c)-koarekin, gustura (nagoenean), laketurik, ongizate handiagoa (dut), ontzanago.

Bada lekua beste interpretazioendako, jakina: zein da zurea?

 

1 Comment more...

Azkonegiko eiheraren ataburua

azkonegiko ataburua 1

Aurreko sarrera batean esan genuenez, ohikoa da ataburuetan inskripzioak aurkitzea, baina gutxi kausitzen ohi dira euskaraz. Erroten kasuan, baina, ohikoagoa zatekeen, Azkaingo eta Senpereko adibideek erakusten dutenez.

Azkonegiko eihera

Honakoa Maulekoa da, Azkonegi eihera edo errotakoa. Oso ataburu polita da, polikromia apur bat atxiki duen ikonografia aberatsekoa. Euskarazko testua ere bereziki polita da, baina horretan sartu aitzin, eihera eraikiarazi zutenez mintza gaitezen. Ataburuak berak dakarrenez, hauek dira ora ordaindu zutenak:

IHS / PHI / LIP /PE / DE / BELA

ELI / ZA / BETH DE / BELA / SPECT / 1757

[IHS, Philippe de Bela]

[Elizabeth de Belaspect, 1757]

(hainbat iturrik, Colasek barne, 1767ko data irakurri dute. ordurako Filipe hila zen, eta hala bada, hil ondoren eraikiko zuten errota. Ikus beherago)

Bela familia ezaguna da euskal letretan. Filiperen arbasoak, Jacques de Belak, Tablettes ezagunetan  galduak dauden euskal gramatika eta hiztegia txertatu zituen eta gainera euskal atsotitzak ere bildu zituen. Haren seme Athanase Belapeyrek Katexima Labürra idatzi zuen, Zuberoako euskaraz idatzitako lehen liburua. Ataburuko sinatzaile Filipe hau (1703-1765), haren lehengusu  Jean-Philippe de Bela, “Belako zalduna“-ren anaia da. Idazle eta militar oparoa izan zen zalduna, nahiz eta bere eskutik zuzenean ezer gutxi argitaratu. Besteak beste Histoire des Basques luze bat idatzi zuen, Pariseko Biblioteka Nazionalean gordea, eta bertan hiztegi bat jaso zuen, euskara (zuberera, lapurtera eta gipuzkera Larramendiren bidez) eta beste hizkuntzetako hitzak ordena alfabetikoan biltzen zituena. Hiztegi horretako Zubererazko eta frantsesezko hitzak Txomin Peillenek argitaratu zituen. Agian besterik ere egin zuen euskaraz edo euskarari buruz…

Azkonegiko ataburua 2

Errotako ataburura itzulita, goiko aldean, eskuinetara, eta aski higaturik, esaldi polit hau irakur daiteke:

HOVRIC GAVE · BI / HIRIC · ELLIRO EHO / HOVR · DENIAN · IRIN / HOBERIC · EZIN · ICATEN / AHAL[L] MUNDIAN

[Hurik gabe bihirik e(z) liro eho; hur denian irin hoberik ezin izaten ahal mündian]

(Gaur egun inskripzioa aski higatua dago, baina Baionako Euskal Museoan gordetzen den kopiak eta kopia egin zenean Colasek ateratako artikuluak (vide infra), testua argitzen lagundu digute)

Ezaugarrietan sakon sartu gabe, aipa dezagun *iron aditzaren forma (liro) erabilera potentzialean, ohikoa orain gutxi arte, edo forma mugagabea (hur denian), artikulurik gabea, zenbakaitza den izen sintagman. Aipagarria, bestalde, ahalerarako forma perifrastikoa (izan ahal).

Ez da oso erraza ataburua aurkitzea, errota aski ezkutatua baitago etxeen artean. Lextarreko plaza handitik herriko etxearen saihetsetik erreka zeharkatu eta ezker Victor Hugo karrika kausituko dugu. Hura kurritu Sohüta aldera, eta Beltzuntze etorbide bilakatuko da karrika hori bera bidegurutze batetik aurrera. Hura jarraitu eta gasolindegia pasata, eskuin aldean gora abiatzen den Arthez Lassalle karrika aurkituko dugu. Hori hartu bhar dugu 100 bat metroz eta ezkerretara sartzen den irteerarik gabeko karrikatxoa hartuko dugu. Hor dago errota, Arthez Lasalle karrikaren 11.ean, eskuin aldean. Ataburua ikusteko etxearen aurreko eremuan sartu behar dugu.

Informazio gehiago:

1 Comment more...

Azkaingo errota berriko ataburua

errota berria 1

Aurreko sarrera batean esaten genuenez, Azkaine eta inguruko herrietako ataburuetan datak, izenak, irudiak eta bestelakoak zizelkaturik aurkitzea ez da arraroa; haatik euskarazko testuak gutxi dira horrelakoetan, jendearen mintzoa hori izanagatik ere. Senpereko Ibarrungo errotaren ataburuak euskaraz du testua, baina ez da bakarra. Azkainen errota berriak ere badu euskarazko atabururik.

Eraikin handi hau 1936 arte egon zen martxan, ondoren Irungo pasionistek eskuratu eta Gerra Zibileko errefuxiatuak jasotzeko etxe bilakatu zuten. Ondotik eta orain arte, familiendako opor-etxe gisa erabiltzen da.

errota berria 2

Eraikina oso handia da eta 1675ko data darama ataburu batean. Iturri batzuek 1615 irakurtzen dute, baina ikusi eta zuek epaitu. Bestalde, bitxia litzateke errota “berria” izenekoa Azkaingo beste errota batzuk baino lehenago eraiki izana, ezta?

Ataburu errota berria

Edonola ere, hegoaldeko atearen gaineko ataburuak dakar euskarazko esaldia, Mateoren ebangelioko pasarte bat dakarrena. Hala dio:

[N]OLA NEVRTCEN BAITVÇV, / [H]ALA NEVRTHVCO ÇARE ÇV / Math7.

[Nola neurtzen baituzu, hala neurthuko zare zu]

errota berria ataburua

Ez dakigu, halere, ataburu hau bestea bezain zaharra den. Agian beranduagokoa da. Darabilen euskarak ere ez digu ataburuari data jartzeko gehiegi laguntzen, lapurteraz garai gehienetan ohikoak diren ezaugarriak baititu. Ezer aipatzekotan, zare adizkiak duke zeresanik: XVII. mendearen lehen erdian ez dute Etxeberri Ziburukoak eta Voltoirek baizik lekukotzen; ez dugu Materraren edo Axularren euskaran aurkitzen. Beranduago ugaria bada ere, kostaldeko euskarari begira dugu ugarien.

Errota aurkitzea ez da zaila, baina atentzio pizar bat behar du. Urdazuri ibaiaren adar baten ondoan dago. Azkain erdialdera Senpere eta Donibane Lohizune batzen dituen D918 errepidetik sartzen bagara, ibaia zeharkatuko dugu Ernest Fourneau karrikatik, eta segituan Errota Berria izeneko etxe handia ikusiko dugu ezkerretara. Hor dago ataburua. Edonola ere, bertatik sartu beharrean, hobe da oinez Ernest Fourneau karrikatik aurrera egitea eta biribilgunea zeharkatuta, ezkerretara dagoen bidexkatik joatea. Bide pribatua dela jartzen du baina… ez dago beste modurik. Hori eginda, aurrez aurre egingo dugu topo eraikinarekin eta ataburuarekin.

Gehiago jakiteko:

1 Comment more...

Ibarrungo errotako ataburua

Ibarrun errota ataburua

Lapurdiko herrietan franko dira erreka bazterretan eraikitako errotak, maiz etxebizitza bilakaturik egun. Senperen ere badira zenbait, ezagunena eliza ondoan dagoen Plazako Errota, segur aski.

Baina oraingoan Senpereko Ibarrun auzoko errotari erreparatuko diogu. Izan ere, orain etxebizitza pribatu den errota hori 1652an eraiki zen auzolanean. Hala azaltzen du errotaren harrizko ataburuan zizelkaturik kausi daitekeen idazkiak.

Ibarrun errota 2

Ohikoa da zonaldeko arkitekturan ataburuetan eglearen izena eta urtea agertzea, baina ez da horren ohikoa testu hori euskaraz ikustea, nahiz eta urte batzuk lehenago gertuko Saran Axularrek Gero idazlan mardula egin izanak jendea euskaraz mintzo zela eta batzuk irakurtzeko ere gai zirela erakusten duen.

Ataburuak honakoa dio:

HAV·DA·ERROTA SEN / PERECO·HERRIAC ERA / GVINARACIA 1652

Euskararen aldetik ezer gutxi dago aipagarri: Grafian harrigarri gerta dakiguke herskari aurretik <n> idatzi izana <np> bilkura berezi eta grafikoki berria eratuz. Fonetikari so, egun egiten den euskararekin alderatuz, hasperenaren indarra salatzen duten <h>ak ditugu. Gainera, eragin arazi forma pleonastikoa dago, –ra– eta arazi faktitiboak batera dakartzana. Garaiko autore lapurtarrek bi forma arazleak dituzte, baina gutxitan biak batera. Dena dela, baliteke ordurako eragin aditzaren –ra– faktitiboa emankorra ez izatea, izan ere eragin arazi hori bera Etxeberri Ziburukoak, Gazteluzarrek edo Aranbillagak badute, baina ez dute pleonasmorik agertzen beste aditzekin.

ibarrun errota 1

Errota aurkitzeko Ibarrungo plazatik, frontoitik abiatuko gara. Frontoiari eta errepide nagusiari bizkarra emanda, aurrera egingo dugu eta plzan bertan Igel eta Frontoi karrika elkartzen diren puntuan izanen gara (arbol bat dago bidegurutzea  n). Ezkerretara Igel karrikatik aurrera eginen dugu eta 250 bat metrotara eskuin aldean, ikusiko dugu etxearen ataka, paretan margotutako frontoi arrosa txikia eta etxea bera.

Mila esker, Idoia, pazientzia handiko bidaide.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu