Arrosa

Arrosako Kastoreneko ataburua

Colasen irudia

Arrosako (Nafarroa) Eihartze auzoko Kastorena etxeak honako ataburua du:

IOANNES
DE.HEGVI
PORTALADA
HVNEN
EGUILEA

ETA HAREN
ESPOSA.IEAN
NE.D’AR
ROSA

DOMINGO
TOMPERIZ

LAN
1787

Hots:

Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa Jeanne d’Ar[r]osa. Domingo Tomperiz L’an 1787.

* * *

Iduri duke Domingo hori hargina dela. Ez da ohikoa, haatik, harginek beren obrak ataburuetan sinatzea. Bestalde, Tomperiz deiturak Done Peritz formaren aldaera dirudi.

Bestalde, lehen testuetarik dugu, eremuan egun ere ohikoa den o>u bilakabidea sudurkariaren ondotik, erakuslean (hunen). Aipagarria da haren formaren erabilera, Linschmann-Aresti legea urratzen bide duena. Bere bihurkaria beharko genuke; are gehiago, Iparraldeko testuetan (begiratu OEH), baina, bada salbuespen bat, testu zaharretan ere betetzen dena: genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagma horrek eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez da aplikatzen delako erregela hori. Eta kasu honetan, hala da, [Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa] sintagma bakarra baita.

Lekua aurkitzeko, Baigorritik Arrosarako bidea hartuta, Ortzaizera joateko trenbidea gurutzatu baino lehen, hartu ezkerretara igotzen den aldapa eta berehala ikusiko duzu.


Arrosako Aintziartea etxeko ataburua

Etxeetako ataburuetan askotan etxearen egileen edo eraberritzaileen izenak agertu ohi dira. Batzuetan mezu bat ere ekartzen dute, normalean frantsesez, latinez edo gaztelaniaz idatzirik; oso bakan egon ohi da euskaraz. Arrosako Aintziartea etxekoak, ordea, hala dio (barka irudien kalitatea):

BETRIDESTEVEDRVN

DAICO SEMEACENDO

BORANEGINNAANC

HARTPINTAPAGABEC

A 1785

Bat nator Xamarrek Etxea liburuan (206. or.) dakarren hitz banaketarekin, eta nik ere hala ulertu dut:

Betri de Estebe Drundaiko semea zen de[n]boran egina. Antxart, pinta paga beza. 1785

Nire ustez doboran hitzean <n> falta da, eta lehendabiziko <o>-k hutsa behar du izan. Bestalde, dudarik ez dago  horrek ardo neurriari egiten diola erreferentzia, baina zergatik aipatzen den jakitea ez da horren erraza. Xamarrek uste du Betri de Esteberen eta Aintziarten arteko apostu bat egon daitekeela tarteko. Menturaz etxearen eraikuntzarekin lotua.

Etxea aurkitzeko Baigorritik Arrosarako bidea hartuko dugu. Arrosara ailegatuta eta trenbidea eskuin dugula, erreka zeharkatzeko zubiraino ailegatuko gara. Hura zeharkatu gabe, aurrera eginen dugu trenbidea eskuin dugula, trenbide-pasagune bat aurkitu arte. Horretan ezker eginen dugu, Eihartze auzoan sartuz. Gero berriz ezker egin, eta bidegurutze batean ikusiko dugu etxea.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu