Author Archive

Jon Mirande idazlearen hilobia

Jon Mirande Aiphasorho (Paris, 1925/11/10-Paris, 1972/12/28) idazlea Thiaisko hilerriko hobi honetan datza.

Mirande idazle oparo bezain heterodoxoa izan zen. Igela aldizkaria sortu zuen beste batzuekin batera, eta Haur besoetakoa lan polemikoa ere argitara eman zuen. Olerkigintzan nabarmendu zen, baita itzulpengintzan ere, Baudelaireren Zithal liliak eta Poeren Bela itzuli zituen, besteak beste.

Gizon poliglota eta eruditoa bere pentsakerak sasoiko abertzaltasun kristauarekin talka egin zuen maiz, eta ate zenbait ere itxi zizkion horrek. Azkenik, depresioak jota, bere burua hil zuen.

Thiaisko kanposantuko pertsonaia ezagunen zerrendan ageri da Mirande, eta horri esker erraz jakin daiteke bere hilobia 14. dibisioan, 12. lerroan dagoela, eta 37.a dela. Dena den, dibisioak planoan markatuak badaude ere, lerroak eta hobiak ez daude zenbatuak eta horrek oztopatzen du bilaketa; are gehiago, hobiaren egoera ikusita: huntzak jana eta hilarria kasik ezabatua. Denbora behar izan nuen aurkitzeko. Hala ere, behin aurkituta, dibisio horretan huntzaz estalia dagoen bakanetakoa da. Ailegatzeko modu hoberena Avenue du Nord-etik 14. dibisioan sartzen den atakatik sartzea da. Behin sartuta, bidexkan aurrera egin eta berehala gure ezker aldean ikusiko dugu. Beste bi izenekin batera, harlauzak hau dio: Mr Jean Mirande 1925-1972.

Ni izan nintzenean norbaitek bere nobelaren ale bat utzia zuen han, ordurako denborak eta aroak higatua.

Gehiago jakiteko:


Xalbador bertsolariaren hilobia

Iturria: Wikipedia

Urepeleko Xalbadorreneko hilobo honetan datza Fernando Aire Etxart “Xalbador” (Urepele, 1920/06/19-1976/11/07) bertsolari ezaguna. Plaza eta txapelketa askotan ibilia, zenbait idazlan ere utzi zizkigun. Ezagunena Odolaren mintzoa liburua da. Euskaltzain ohorezko ere izandatu zuten.

Hilerria elizaren alboan dago eta ez da handia. Erdialdean aurkitzen da hilobia.


Hiriberria etxeko ataburua

Baigorriko Hiriberria infanzon etxea da. Hartara, besteak beste, etxe horri atxikitako lurrek zenbait zerga salbuetsirik zituzten. Ataburuan etxea bera mintzo zaigu:

INFANCON / SORTVNIS
INFANCON / HILENNIS

Hots:

Infanzon sortu niz,
infanzon hilen niz.

Zoritxarrez ezin izan dugu ataburuaren irudi onik egin, baina balia bekigu Colasen irudi hau, erakusgarri.

Etxea Behereko Karrikan dago, plazan, frontoiari aurrez begiratuta ezker, Etxauziara igotzeko bideari itsatsita. Aurrean larraina du, eta ez da erraza ataburua ongi ikustea.


Arrosako Kastoreneko ataburua

Colasen irudia

Arrosako (Nafarroa) Eihartze auzoko Kastorena etxeak honako ataburua du:

IOANNES
DE.HEGVI
PORTALADA
HVNEN
EGUILEA

ETA HAREN
ESPOSA.IEAN
NE.D’AR
ROSA

DOMINGO
TOMPERIZ

LAN
1787

Hots:

Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa Jeanne d’Ar[r]osa. Domingo Tomperiz L’an 1787.

* * *

Iduri duke Domingo hori hargina dela. Ez da ohikoa, haatik, harginek beren obrak ataburuetan sinatzea. Bestalde, Tomperiz deiturak Done Peritz formaren aldaera dirudi.

Bestalde, lehen testuetarik dugu, eremuan egun ere ohikoa den o>u bilakabidea sudurkariaren ondotik, erakuslean (hunen). Aipagarria da haren formaren erabilera, Linschmann-Aresti legea urratzen bide duena. Bere bihurkaria beharko genuke; are gehiago, Iparraldeko testuetan (begiratu OEH), baina, bada salbuespen bat, testu zaharretan ere betetzen dena: genitiboaren aurreko izango litzatekeen sintagma horrek eta genitibodun sintagmak elkarrekin beste sintagma bat osatzen badute, ez da aplikatzen delako erregela hori. Eta kasu honetan, hala da, [Joannes de Hegi portalada hunen egilea eta haren esposa] sintagma bakarra baita.

Lekua aurkitzeko, Baigorritik Arrosarako bidea hartuta, Ortzaizera joateko trenbidea gurutzatu baino lehen, hartu ezkerretara igotzen den aldapa eta berehala ikusiko duzu.


Bidarteko elizako harlauza

Colasen irudia

Bidarteko elizaren sarreran, kanpoan, inoiz eliza barnean egondako harlauza baten zati bat dago. Ohikoa da inoiz tonba izandako harriak eliza inguruko zolatzat berrerabiltzea, eta uste dut hau hori bera den. Exe baten hobiaren berri ematen du eta, beraz, etxe horretakoek (egun Butuenia deritzon etxekoak?) elizan non jarri behar zuten markatu.

Honek ez du datarik, baina, itxuragatik, XVIII. mendearen bigarren erdikoa izan daitekeela uste dut, horretarako argudio sendorik eman ezinik.

Hala dio:

HAVDA
BVTVRE
NECOIA
RLEQVBA

Hots: Hau da Butureneko jarlekuba

Hona ekarri dut, fonologiari begira bi elementu aipagarri dituelako. Batetik, eremu horretan hilzorian dagoen hasperena (hau) ageri duelako, baina, batez ere, ageri duen kontsonante epentetikoagatik (jarlekuba). Ikusten denez, <u> eta <a> artean <b> ageri da. Horrelako epentesiak ohikoak dira egun, besteak beste  Sakanako euskaran, baina badakigu inoiz indartsuagoa izan dela: Beterrin, esaterako, gibelka ari da, baita Mendebalean ere. Baina, Lapurdin?

Lapurterazko testu zaharretan, XVII. mendeko lapurtera klasiko delakoan idatzitako horietan, ez da horrelako epentesirik ageri, Etxeberri Dorre salbuespen. Gaur egun ere, kostako mintzoetan ez da bildu. Haatik, erruz ageri zaizkigu XVIII. mendeko Lapurdiko gutun eta testu administratibo zenbaitetan, Le Dauphin ontzikoetan edo Elosegik argitara eman horietan, estaerako, baita Websterrek bildu ipuinetan eta Bonaparteren testigantzetan ere, XIX. mende mendean.

Hona, beraz, ezaugarri bat ahozkoan baliatzen zena, nola nekez islatzen den maila jasoko idatzian, XVIII-XIX. mendeko testuek (generoagatik segur aski) erruz dokumentatzen duten, eta gero desagertu.

 

(Milesker Dorotari eta Enekori!)


Piarres Lafitteren sortetxea

Piarres Lafitte (Luhuso 1901-Baiona 1985) apaiza etxe honetan sortua da: Luhusoko Salaberrian. Beloken ikasi zuen apaizteko, Xiberoan ere egon zen, Okzitaniako Tolosan… Hainbat euskal kazeta sortu zituen eta liburuak ere idatzi, gramatikaren eta batez ere literaturaren inguruan. 1949an euskaltzain oso izendatu zuten eta euskara batuaren sorkuntzan eragin zuzena izan zuen.

Etxea herriko sarreran dago, Itsasutik heldu bagara. D918 bidetik etorrita eliza aldera sartzeko ezkerrerako bidegurutzea hartu, eta berehala ikusiko dugu, eskuinetara.

Etxe honetan sortua da

Piarres Lafitte kalonje

eskualtzaina

Mendeurrenean Euskaltzaindiak

2001-09-21

Gehiago jakiteko:


Arrosako Aintziartea etxeko ataburua

Etxeetako ataburuetan askotan etxearen egileen edo eraberritzaileen izenak agertu ohi dira. Batzuetan mezu bat ere ekartzen dute, normalean frantsesez, latinez edo gaztelaniaz idatzirik; oso bakan egon ohi da euskaraz. Arrosako Aintziartea etxekoak, ordea, hala dio (barka irudien kalitatea):

BETRIDESTEVEDRVN

DAICO SEMEACENDO

BORANEGINNAANC

HARTPINTAPAGABEC

A 1785

Bat nator Xamarrek Etxea liburuan (206. or.) dakarren hitz banaketarekin, eta nik ere hala ulertu dut:

Betri de Estebe Drundaiko semea zen de[n]boran egina. Antxart, pinta paga beza. 1785

Nire ustez doboran hitzean <n> falta da, eta lehendabiziko <o>-k hutsa behar du izan. Bestalde, dudarik ez dago  horrek ardo neurriari egiten diola erreferentzia, baina zergatik aipatzen den jakitea ez da horren erraza. Xamarrek uste du Betri de Esteberen eta Aintziarten arteko apostu bat egon daitekeela tarteko. Menturaz etxearen eraikuntzarekin lotua.

Etxea aurkitzeko Baigorritik Arrosarako bidea hartuko dugu. Arrosara ailegatuta eta trenbidea eskuin dugula, erreka zeharkatzeko zubiraino ailegatuko gara. Hura zeharkatu gabe, aurrera eginen dugu trenbidea eskuin dugula, trenbide-pasagune bat aurkitu arte. Horretan ezker eginen dugu, Eihartze auzoan sartuz. Gero berriz ezker egin, eta bidegurutze batean ikusiko dugu etxea.


Baigorriko ataburua (beste bat)

Colasen irudia

Beste sarrera batean Baigorriko euskarazko ataburu batez mintzatu ginen. Gaurkoan beste etxe batekoa dakargu. Ataburuak hala dio:

IOANNESDE / SARRICVIEN

CATALINDE / IRIBARNE

IANCOASOR / HIT. 1749

Hau da:

Ioannes de Sarricuien

Catalin de Iribarne

Iancoas orhit, 1749

Orotariko Euskal Hiztegiak Janko aldaera Baigorrikotzat du hain zuzen ere, eta Le Dauphin ontziko gutunetan ere ageri da aldaera hori.  Orhit(u) aditza, hemen aditzoin forman ageri dena aginterazko zentzuan, arrotza da egungo Baigorrin, orroit(u) entzun baitaiteke haien ahotan. Badirudi, hala ere, orhitu dela Zuberoako eta Nafarroa Behereko autore zaharrek baliatu izan dutena, OEH ikusita. Etxeparek berak badakar, Jainkoaz orhitu esamoldean hain zuzen. Baigorrin oraindik hasperen zenbait entzun badaitezke ere, ozen ondokoak, honakoa bezala, nekez aurkituko ditugu egun.

Ataburua aurkitzea erraza da, Karrika Nagusian berean baitago, Behereko karrikan hain zuzen. Herriko etxea eskuin eta pilotalekua ezker utzita, plazatik atera karrikan behera, eta lehendabiziko etxean dago, ezker aldean, inoiz ate izandako leiho batean.


Plentziako Torre Barriko armarria

Plentziako Torre Barri dorretxeak Butroetarren eta Muxikatarren armak darakuskigu aitzinaldeko armarrian (barka irudien kalitatea: interneten bada irudi hoberik). 1603ko data du armarriak, eta azpian hiru lelo edo lema daude, euskaraz. Eneko Zuloaga filologo, hizkuntzalari eta adiskideak xeheki aztertu zituen esaldiok; beraz, transkripzio, interpretazio eta oharretan berak esandakoei jarraiki natzaie. Xehetasun jakinminez denak aski du bere lanera jotzea (azpian esteka).

Esaldiek honakoa diote:

  • Muxica, areriocaz agica
  • Butroe celangoa da oroc daquie
  • Garaianago, erria gordeago

Lehen biak 1596ko Refranes y Sentencias bilduman ere jasoak daude, aldaerak aldaera, eta oso interesgarriak dira darabilten hizkuntzaren aldetik. Gaur egungo euskarara ekarrita, segur aski horrela ulertu behar ditugu:

  • Muxika, areriookaz haginka.
  • Butroe zelangoa den orok dakite.
  • [Zenbat eta] garaianago (altuago), herria [hainbat eta] gordeago.

Armarrira ailegatzeko Plentziako alde zaharrera igo behar dugu (garaianago…), eliza dagoen plazara. Elizako ateari bizkarra emanda aurrez aurre ikusiko dugu dorretxea, egun oso zaharberritua.

Esan bezala, gehiago jakiteko:

 


Etsaingo azken euskaldunaren hilobia

Etsain herria Anue ibarraren hegoaldean dago, Iruñetik 20 bat kilometrotara, Baztango bidean eskuin hartuta. Ibarra XIX. mendearen hondarrean hasi zen erdalduntzen, eta gaur egun, bertako mintzoa egiteko gai diren hiztunak kontatzeko, aski da esku bakarreko hatzak baliatzea, Lingua Navarrorum blogean ikus daitekeenez (ikus hemen, hemen eta hemen). Etsainen, dirudienez, Landa etxeko Urbano Erro Yaben izan zen azken hiztuna, 1953an zendua. Horren kontzientzia bide zuten hilarria paratu ziotenek, datu hori hilarrian berean jaso baitzuten.

EMEN DATZA ERRO YABEN DAR URBANO LANDA ETXEKO SEMEA

GOYAN BEGO

ERRIONTAKO AZKENEN EUSKALDUNA

1953 URTE

Hobia hilerrian dago, San Juan batailatzaileari eskainitako elizaren gibeleko aldeari atxikirik. Eliza herritik aparte dago, gain batean. Txiki-txikia da hilerria, beraz, aise aurkitzen ahal da harria, sartu eta eskuinetara.

Paula Kasaresen liburuari esker (352. orr.) izan dut honen berri, eta berak dakarren argazkia nik egin ahal izan dudana baino zinez hobea da. Edo ordutik harria higatu da edo, sinestekoago dena, argazkilari txarra naiz.

EGUNERATZEA

Hau argitaratu dudan egunean berean Leire Narbaizak gogora ekarri dit Xamarrek Orekan liburuan eta Euskara Jendea dokumental sortan ematen duela honen berri. Mila esker!


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu