Haltsuko hilerria txikia da. XVIII. mendeko tunba batek bederen euskarazko hitzak ditu. Dagoeneko aski higaturik dago testua eta hobiari elementu modernoagoak gaineratu zaizkio, baina irakur daiteke oraindik.

MARTIN DISTIART CATA
LINA DELICA
LDE MIGELET
CHEGAICO TUM
BA FAIT 176[7]

Hots:

Martin D’istiart, Katalina D’elizalde, Migeletxega(ra)iko tunba. Fait 1767.

Colas-ek egindako irudia

Hizkuntzaren adetik aipagarri, pare bat gauza. Horrelako testu epigrafikoetan oso ghedaturik ageri zaigu bokalen arteko dardarkariaren (<r>) galera (Migeletxegaraiko > Migeletxegaiko). Bestalde, tunba hitzak ez du herskari hasperendunik (<th>), beste adibide batzuetan bezala. Egiletza data, bestalde, frantsesez eman da (fait ‘egina’). Ohikoa da hizkuntza aldaketa horrelakoetan.

Hilerria Andre Mariaren elizaren inguruan dago. Elizari parez pare begiratuta, hilobia ezkerreko aldean aurkituko dugu.