Donaixtin dago Hitategia etxea. Etxe hartako ataburuak hala dio:
MAITHA / GINCVA / BEIRA / BAQVIA / 1777
Hots,
Maitha jinkua, beira bakia. 1777.
Ataburu gehiagotan (aldaerak aldaera) kasui daitekeen formula dugu.

Colas-ek egindako irudia
XVIII. mendeko ataburu honetan hainbat ezaugarri fonologiko ageri zaizkigu; besteak beste, bokalen artean herskari ahostuna galdu da beira hitzean (< begira) eta ea > ia zein oa > ua bilakaturik ageri dira bakia eta jinkua hitzetan. Aipagarri dira, orobat, herskari hasperendunak (th), egun galduak, edo aginterarako aditz oinen erabilera (maitha(tu), begira(tu)). Bistan denez, hemen begiratu aditzak ‘zaindu’ esan nahi du (ik. OEH, 2. adiera).
Etxea Donaixtiko plazan berean dugu, elizaren eta etxearen gibeleko aldeak aurrez aurre direla. Ataburua ikusteko etxearen aurrealdera jo behar dugu, Herriko Etxea eskuin utzita. Briseteia ostatua da egun etxe hori.