Colasen irudia
Beste sarrera batean Baigorriko euskarazko ataburu batez mintzatu ginen. Gaurkoan beste etxe batekoa dakargu. Ataburuak hala dio:
IOANNESDE / SARRICVIEN
CATALINDE / IRIBARNE
IANCOASOR / HIT. 1749
Hau da:
Ioannes de Sarricuien
Catalin de Iribarne
Iancoas orhit, 1749
Orotariko Euskal Hiztegiak Janko aldaera Baigorrikotzat du hain zuzen ere, eta Le Dauphin ontziko gutunetan ere ageri da aldaera hori. Orhit(u) aditza, hemen aditzoin forman ageri dena aginterazko zentzuan, arrotza da egungo Baigorrin, orroit(u) entzun baitaiteke haien ahotan. Badirudi, hala ere, orhitu dela Zuberoako eta Nafarroa Behereko autore zaharrek baliatu izan dutena, OEH ikusita. Etxeparek berak badakar, Jainkoaz orhitu esamoldean hain zuzen. Baigorrin oraindik hasperen zenbait entzun badaitezke ere, ozen ondokoak, honakoa bezala, nekez aurkituko ditugu egun.
Ataburua aurkitzea erraza da, Karrika Nagusian berean baitago, Behereko karrikan hain zuzen. Herriko etxea eskuin eta pilotalekua ezker utzita, plazatik atera karrikan behera, eta lehendabiziko etxean dago, ezker aldean, inoiz ate izandako leiho batean.