Collierseko gaztelua

Loirako Collierseko gazteluak ate nagusiaren gainean euskarazko inskripzio bat du. Muides-sur-Loire herrian dago, erreka bazterrean, eta ez dut, zoritxarrez, zuzenean bisitatzerik izan, baina hotela ere baden gazteluaren jabeek atsegin handiz bidali didate argazkia.

Loiran euskara aurkitzea ez da horren harrigarria, eraikinaren jabea nor izan zen badakigu. Jean-Philippe de Bela mauletarrak (1709-1976), Belako zaldunak, erakiarazi zuen 1751. urtean. Bela familia ezaguna da euskal letretan. Jean-Philipperen arbaso Jacques de Belak, Tablettes ezagunetan  galduak dauden euskal gramatika eta hiztegia txertatu zituen eta gainera euskal atsotitzak ere bildu zituen. Haren seme Athanase Belapeyrek Katexima Labürra idatzi zuen, Zuberoako euskaraz idatzitako lehen liburua. Bestetik, Jean-Philippe idazle eta militar ezaguna izan zen. Besteak beste Histoire des Basques luze bat idatzi zuen, Pariseko Biblioteka Nazionalean gordea, eta bertan hiztegi bat jaso zuen, euskara (zuberera, lapurtera eta gipuzkera Larramendiren bidez) eta beste hizkuntzetako hitzak ordena alfabetikoan biltzen zituena. Hiztegi horretako Zubererazko eta frantsesezko hitzak Txomin Peillenek argitaratu zituen. Agian besterik ere egin zuen euskaraz edo euskarari buruz…

Gainera, Jean-Philippe honen lehengusu batek, Philippek (1703-1765) ere, Maulen errota bat eraiki zuenean, ataburuan euskal testu bat txertatu zuen.

Izkirio garbia du Collierseko ataburuak:

Collierseko ataburua

LAKETOVRIC / ONTZANAGO

<k> eta <tz> grafema berezi samarrak dira XVIII. mende erdirako, nahiz eta ez diren ezinezkoak. Alta, interpretazioa ez da horren gardena. Wikipediak itzulpen aske hau ematen dio pasarteari: ‘Je me plais ici parce que je me sens bien’ eta beste webgune batean ‘Là où je vis, je suis bien’ dakarte. Bistakoa da itzulpenak ez direla oso egokiak eta emendakiik behar dutela. Laketurik ulertzen erraza bada ere, ontzanago horretan dago arazoa.

Batetik morfologia dago, eta hor hiru aukera: a) ontza nago, b) ontza-n nago eta c) ontza-n-ago. Lehen biek indikatibozko adizkia duten bitartean, azkena konparaziozko egitura da. Gainera b) eta c)-k inesiboa dute. Bestalde, ontza hitzaren esanahia dugu argitzeko. Gure ustean ontsa hitzaren aldaera berezia izan daiteke. OEH-ren arabera Pouvreauk lekukotzen du eta baita Oihenartek ere behin, nahiz eta ez zen seguruenik zubereraz XVIII. mende erdian baliatzen zen aldaera ohikoena. Badakigu, dena dela, Belak Oihenarten testuak ezagutzen zituela, baita ere bere lanetan aipatzen. Oihenartek ontza ez du adberbio gisa baliatzen, izen gisa baizik, eta ‘ongizate’ esan nahi du. Hori horrela, gure interpretazio proposamena honakoa da: b)-ko morfologiarekin, ongizatean gustura nago eta c)-koarekin, gustura (nagoenean), laketurik, ongizate handiagoa (dut), ontzanago.

Bada lekua beste interpretazioendako, jakina: zein da zurea?