Curtederia Armarria

Iturmendiko Kurtederia etxeak 1706. urteko armarri barroko hau du. Etxea Joseph de Galarza (1660-1734) herriko apaizak eraikiarazi zuen eta ondoren herriko apaizek erabili izan zuten.

Curtederia 1

Ohikoa da armarrietan inskripzioak kausitzea, baina ez da hain arrunta horiek euskaraz egotea. Honakoak goiko aldean latinezko testua dakar, eta azpian euskarazkoa, biak esanahi bersukoak.

Latinezkoak hala dio:

ECCE GALARZARVM NOTAM QUAE INVRVNT ARMA /
NOBILITATIS FILIIS POSTERITATIS SVAE /
SVMPTIBVS ABBATIS DJOSEPH DE GALARZA FIXA /
ADNITOREM DOMVS ORNATVMQUE SUAE /
ANNO M
DCCVI

(Gutxi gora beherako itzulpen propioa: Hona hemen Galartzatarren armak, zeintzuek geroko seme-alabentzako noblezia markatzen duten, Joseph Galartza jaun abadearen ondasunekin grabatuak, bere etxearen disdirarako eta apainketarako. 1706 urtea.)

Euskarazkoak, aldiz:

GALARZATARREN ARMAC DIRA /
ADORNVZ YRENI ARAZIAC /
DON JOSSEPE DE GALARZA /
ABBAD DE YTVRMENDIAC

Curtederia esaldia

 

Testuak, laburra izanik ere, badu zer aipa. Lehenik eta behin, Iturmendiren izen zaharra ageri da; Iturmendia artikuluduna: hala ageri da herriaren izena agiri zaharretan. Bestetik, deigarria da Galartzak apaiz kargua aipatzeko gaztelania erabili arren, behar den bezala ergatiboa gehitu izana: nonbait kargua izenaren parte da. Bestetik, yreni dugu. Errata bat izan liteke, eta ibeni espero genezake, baina aldaera hori, OEH begiratuta, iparraldean baizik ez da lekukotzen. Ifeni-k, baluke zentzu handiagorik eremu horretan. Zer diozue?
Curtederia 2

Etxea Iturmendiko Santa Marina kaleko 22.ean dago. San Migel eliza bizkarrean utzita zuzen jarraituta ezker aldean ikusiko dugu segituan.

Gehiago jakiteko: