Archive for uztaila, 2014

Frantzisko Ignazio Lardizabal idazlearen jaiotetxea


Lardizabal etxea 1

Zaldibiako Zubiaurre izeneko etxe honetan jaio zen Frantzisko Ignazio Lardizabal Urretabizkaia (Zaldibia, 1806/07/05-Zaldibia, 1855/08/20) idazlea.

Lardizabal etxea 2

Apaiz ikasketak Lazkaon hasi zituen, eta bertan Frai Bartolome Santa Teresa ezagutu, eta gero Madrilen eta Burgosen. Sorterriko apaiz izan zen hil arte. Bere idazlan famatuen eta arrakastatsuena Testamentu Zarreco eta Berrico condaira (Tolosa, 1855) izan zen, Royaumont-en biblian oinarritutako eta Larregiren eta Ubillosen ereduaren eragina duen bibliaren kontakizuna. Bestalde, hil eta berehala Larramendiren eraginpean burututako Gramatica Vascongada (Donostia, 1856) argitaratu zen, gipuzkeran oinarritua baina inguruko euskalkien gehigarriak ere badituena. Lan horiei esker garaiko gipuzkeraren autorerik nabarmenetarikoa dugu. Bereak dirateke, orobat eta gutxienez, Historia de San Miguel Excelsis de Aralar eta Maria Santisimaren amodio ederraren novena idazlanak, galduak gaur egun.

Lardizabal condaira

Etxea aurkitzea erraza da. Izenak dioen bezala, zubiaren aurrean dago, herrian bertan. Santa Fe kaleko 10. zenbakia du. Plazatik abiatuta eliza ezker utzita, errekara ailegatuko gara. Lehendabiziko zubitxotik erreka zeharkatu eta aurkituko dugu. Euskaltzaindiak bertan jarritako oroigarriak hala dio: “Frantzisko Ignazio / Lardizabalen / jaiotzaren 1806-1855 / bigarren mendeurrena / Zaldibia, 2006-VII-30”

Lardizabal oroigarria

Informazio gehiago:


Kurtederia etxeko armarria


Curtederia Armarria

Iturmendiko Kurtederia etxeak 1706. urteko armarri barroko hau du. Etxea Joseph de Galarza (1660-1734) herriko apaizak eraikiarazi zuen eta ondoren herriko apaizek erabili izan zuten.

Curtederia 1

Ohikoa da armarrietan inskripzioak kausitzea, baina ez da hain arrunta horiek euskaraz egotea. Honakoak goiko aldean latinezko testua dakar, eta azpian euskarazkoa, biak esanahi bersukoak.

Latinezkoak hala dio:

ECCE GALARZARVM NOTAM QUAE INVRVNT ARMA /
NOBILITATIS FILIIS POSTERITATIS SVAE /
SVMPTIBVS ABBATIS DJOSEPH DE GALARZA FIXA /
ADNITOREM DOMVS ORNATVMQUE SUAE /
ANNO M
DCCVI

(Gutxi gora beherako itzulpen propioa: Hona hemen Galartzatarren armak, zeintzuek geroko seme-alabentzako noblezia markatzen duten, Joseph Galartza jaun abadearen ondasunekin grabatuak, bere etxearen disdirarako eta apainketarako. 1706 urtea.)

Euskarazkoak, aldiz:

GALARZATARREN ARMAC DIRA /
ADORNVZ YRENI ARAZIAC /
DON JOSSEPE DE GALARZA /
ABBAD DE YTVRMENDIAC

Curtederia esaldia

 

Testuak, laburra izanik ere, badu zer aipa. Lehenik eta behin, deigarria da Galartzak apaiz kargua aipatzeko gaztelania erabili arren, behar den bezala euskal artikulua eta ergatiboa gehitu izana. Bestetik, yreni dugu. Errata bat izan liteke, eta ibeni espero genezake, baina aldaera hori, OEH begiratuta, iparraldean baizik ez da lekukotzen. Ifeni-k, baluke zentzu handiagorik eremu horretan. Zer diozue?
Curtederia 2

Etxea Iturmendiko Santa Marina kaleko 22.ean dago. San Migel eliza bizkarrean utzita zuzen jarraituta ezker aldean ikusiko dugu segituan.

Gehiago jakiteko:


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu