Galatas ubillos I

Juan Antonio Ubillos Galatas (Amasa-Villabona, 1707-Arantzazu, 1789) Galatas edo Kalatras izeneko baserri honetan sortu zen. Hamabost urte zituela, 1722an, Arantzazuko komentuan sartu zen frantziskotar, 1755ean Teologian graduatu zen Alcala de Henareseko unibertsitatean eta filosofia eta teologia irakasle gisa aritu zen Tolosan lehenik eta Arantzazun gerora.

Galatas Ubillos II

Dakigula, lau lan idatzi zituen; hauetarik hiru latinez: Philosophia Rationalis (Donostia, 1755), Philosophia Transnaturalis (1758) eta Philosophia Naturalis (Gasteiz, 17??). Dena dela, euskaraz ere idatzi zuen billabonatarrak; hain zuzen ere, euskarari egindako ekarpena Fleuryren Catéchisme historique liburuaren itzulpena da, Cristau doctriñ berri-ecarlea christauari dagozcan eguia sinis-beharren-berria dacarrena. Jaun Claudio Fleuri abadeac arguitara atera zuanetic (Tolosa, 1785) izenburua eman zion eta horri esker, literatur-gipuzkeraren aitzindarietarik dugu Ubillos; Larramendiren jarraitzaileetarik hain zuzen.

Christau doctriñ berri ecarlea

Etxea aurkitzeko hainbat jakingarri behar dira. Andoainera bidean Villabona zeharkatzen ari garela, eliza ikusiko dugu eskuinetara. Elizaren eskuin aldetik doan bidea hartuko dugu eta autobidearen azpitik igaro bezain laster, ezker aldera joko dugu aldapa gora, Otsabi auzotik Otelarre auzora joateko. Fleming ikastetxera ailegatu eta hura eskuinean utzita, aurrera segi eta lehendabiziko bidegurutzean eskuin hartuko dugu. Segituan ikusiko dugu etxaldea, Otelarre auzoko 33. zenbakia duena.

Baserriaren horma nagusian bere jaiotza gogorarazten duen oroitarria dago Euskaltzaindiak bigarren mendeurrenaren karietara jarria. Hala dio: JUAN ANTONIO UBILLOS / GALATASKO SEME / ETA IDAZLEARI /II MENDEURRENEAN / BILLABONAKO UDALAK ETA / EUSKALTZAINDIAK / 1989-V-27″.

Ubillos oroigarri

Nire esker ona Urtzi Reguerori testu hau prestatzeko emandako laguntzagatik eta Aziti Bihia taldeari, berriz ere bidaide izan ditudalako.

Gehiago jakiteko: