Arrese Corella

XVI. mendean eraikitako etxe ederra da Corellako Arrese etxea. Garai desberdinetan berritua, Errenazimentuaren eta Barrokoaren ezaugarriak nabarmenak dira arkitekturan eta paretetako pinturetan ere. Peralta familiak eraiki zuen eta hainbat familiaren eskutan egon da. XX. mendean dagoeneko, María Teresa Sáenz-Heredia Artetak eta haren senar José Luis Arresek jarauntsi zuten eta ordutik da ezaguna Arrese izenez. Familia horrek arte eta bibliografia bilduma izugarria bildu zuen eta etxe horretan gordetzen da zati handi bat. Arrese fundazioa da horren kudeatzaile.

Armarria Arrese

Gure blogaren gaiari dagokionez, interesgarriena armarria da, etxearen izkinean dago kokaturik eta bi blasoiz osatua dago. Ezkerrekoan honakoa irakur daiteke euskaraz: “JAUNGOIKOA ETXE-ONTAKO JAUNA DA”. Armarri horrek, baina, okerreko interpretazioak egitera eraman gaitzake. Zenbaitek euskararen hedadura edo euskarak Corellan izan duen presentziaren aldeko argudio gisa erabili dute, XVI. mendeko eraikin batean ageri baita, baina kontuz. XVIII. mendeko armarrien estiloan zizelkatua dago, baina dudarik gabe XX. mendekoa behar du izan. Hizkuntzatik kanpoko argudiorik irmoena, dudarik gabe, Arresetarren eta Saenz-Herediatarren blasoiak dituela da, hots, ministro falangista izandako José Luis Arrese eta Primo de Riveratarren senide María Teresa Sáenz-Heredia Arteta senar-emazteen armarriak. Hori horrela, XX. mendekoa izan behar derrigorrez. Bestalde, euskal idatzia Arreseren armarrian dago: Arrese Bilbon jaio zen eta jatorri karlistakoa zuen familia, eta berak gehitu zuen inskripzioa bere armarrian. Azkenik, hizkuntzaren barneko argudioen artean erabakigarria da idatziak duen grafia, testua XX. mendean ongi sartuta ekoitzi zela ondorioztatzeko, eta ez lehenago.

Etxea Corellako San Miguel parrokiaren ondoan dago, San Miguel karrikan, Mariano José de Larra idazlearen bizitoki izandako etxearen parean. Gaur egun ezin da etxea barrutik bisitatu.

Gehiago jakiteko: