Bonaparte atzetik_01

Panteoi honetan datza Louis-Lucien Bonaparte Bleschamp (Thorngrove etxea, Grimley (Worcestershire), Britania Handia, 04/01/1813-Fano, Italia, 03/11/1891).

Louis-Lucien Bonaparte_01

Familia aristokratiko bateko kide, Lucien Bonaparteren semea zen, eta Napoleon I.aren iloba. Horrek politikarako sarbidea ahalbidetu zion eta baita ikerketara dedikatzeko aukera. Euskalaritzan famatua da euskararen dialektuen gainea egindako ikerketengatik. Esan daiteke dialektologia helburu zuen lehen lan zientifikoen egilea dela. Oso lan sistematikoak burutu zituen, itzulpenak enkargatu, datu eta testu andanak bildu, mezenas eta argitaratzaile lanak egin, etab. Bilketa horiek oso famatuak egin diren euskalkien mapak (1,2) burutzeko oinarria izan ziren. Esan beharra da Bonaparteren euskalkien sailkapenak oraindik balioa duela euskalarien artean eta azken sailkapen eta mapen oinarri sendoa ere badela. Gainera, orduan euskarak zuen hedaduraren erakusgarri ona dira bere lanak.

Bonaparte bazterretik_01

Panteoia Londresko St. Mary hilerri katolikoan dago, St. Mary kaperaren ondoan, Kensal Green auzoan. Panteoian Louis-Lucien Bonaparteren bestelako senideak ere daude ehortziak, halanola Louis-Clovis semea eta Clémence bigarren emaztea. Hobia zinez gaizki kontserbatua dago eta idatzirik zer dakarren jakitea ez da erraza. edozein kasutan, horra traskribapen saiakera: “(…) in this sarcophagus rests / H Homme Prince Louis Lucien Bonaparte / of the grand (…) of the Legion of Honour and doctor of (…) / son of / Lucien Bonaparte / the most distinguished brother of Napoleon I and first prince(?) / early life a student of chemistry and until his old age devote / born at Thorngrove near Worcester 4th january 1813 / died at Fano in the march of Ancona Italy 3rd nov[ember 1891] (…)” Semearen hobian aipatzen da Luis Luziano filologoa zela.

Bonaparte aurretik_01

Hilobia aurkitzeko St. Mary hilerrira joko dugu. Kontuz ibili behar da ez okertzeko, itsatsirik dagoelako Kensal Green kanposantua, baina ezin da batetik bestera pasa, kontrako atetik sartuz gero. Kanposantuko St. Mary kapera eta bulegoak bizkar utzita aurrez aurre izanen dugu hobia, zuhaitz batzuen eta panteoi batzuen artean.

Azkenik, esker zorretan naiz bidaide izan ditudan Mikel Fernández eta Borja Ariztimuñorekin, horrelako abenturetan batere kexatu gabe sartzen baitira nirekin batera.

Informazio gehiago: