Archive for apirila, 2013

Nikolas Ormaetxea “Orixe” idazlearen hilobia


orixe hilobia

Hemen datza Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” (Orexa, 1888/12/06-Añorga, 1961/08/09) idazlea. Fraile izateko ikasketak hasi zituen baina bide hori uztera behartua izan zen eta erbestea ezagutu zuen Espainiako gerra zibilaren ondoren. Euskaltzain ere izan zen 1959tik eta harreman gorabeheratsuak izan zituen, Krutwig, Zaitegi, Azkue, Mitxelena eta beste batzuekin.

Euskal Pizkundea deitu deneko idazlerik oparoenetarikoa eta azkarrenetarikoa izan da: filosofiaz, teologiaz, literaturaz eta hizkuntzalaritzaz aritu zen saiakera-egile, RIEV eta beste aldizkarietan idatzi zuen, eta genero desberdinak landu. Itzulpenak ere egin zituen, baina poesia epiko eta lirikoengatik da bereziki ezagun. Hor dira 1934an idatzitako Barne-muinetan liburua edo 1935ean egindako Euskaldunak ezaguna.

orixe

Ez zuten hasieratik hor ehortzi, baina gaur egun Orexako hilerrian dago Orixe. Hilerri txikia da eta erraz ikusten da hobia. Barne-muinetan liburutik ateratako “Zeru-argi” olerkitik ateratako pasarte hau du zizelkaturik: “Agur-fede-lurrean-nuen-itsu-mutil / zuri-esker-leizean-ez-nun-egin-amil“.

Informazio gehiago:


Louis-Lucien Bonaparte printzearen hilobia


Bonaparte atzetik_01

Panteoi honetan datza Louis-Lucien Bonaparte Bleschamp (Thorngrove etxea, Grimley (Worcestershire), Britania Handia, 04/01/1813-Fano, Italia, 03/11/1891).

Louis-Lucien Bonaparte_01

Familia aristokratiko bateko kide, Lucien Bonaparteren semea zen, eta Napoleon I.aren iloba. Horrek politikarako sarbidea ahalbidetu zion eta baita ikerketara dedikatzeko aukera. Euskalaritzan famatua da euskararen dialektuen gainea egindako ikerketengatik. Esan daiteke dialektologia helburu zuen lehen lan zientifikoen egilea dela. Oso lan sistematikoak burutu zituen, itzulpenak enkargatu, datu eta testu andanak bildu, mezenas eta argitaratzaile lanak egin, etab. Bilketa horiek oso famatuak egin diren euskalkien mapak (1,2) burutzeko oinarria izan ziren. Esan beharra da Bonaparteren euskalkien sailkapenak oraindik balioa duela euskalarien artean eta azken sailkapen eta mapen oinarri sendoa ere badela. Gainera, orduan euskarak zuen hedaduraren erakusgarri ona dira bere lanak.

Bonaparte bazterretik_01

Panteoia Londresko St. Mary hilerri katolikoan dago, St. Mary kaperaren ondoan, Kensal Green auzoan. Panteoian Louis-Lucien Bonaparteren bestelako senideak ere daude ehortziak, halanola Louis-Clovis semea eta Clémence bigarren emaztea. Hobia zinez gaizki kontserbatua dago eta idatzirik zer dakarren jakitea ez da erraza. edozein kasutan, horra traskribapen saiakera: “(…) in this sarcophagus rests / H Homme Prince Louis Lucien Bonaparte / of the grand (…) of the Legion of Honour and doctor of (…) / son of / Lucien Bonaparte / the most distinguished brother of Napoleon I and first prince(?) / early life a student of chemistry and until his old age devote / born at Thorngrove near Worcester 4th january 1813 / died at Fano in the march of Ancona Italy 3rd nov[ember 1891] (…)” Semearen hobian aipatzen da Luis Luziano filologoa zela.

Bonaparte aurretik_01

Hilobia aurkitzeko St. Mary hilerrira joko dugu. Kontuz ibili behar da ez okertzeko, itsatsirik dagoelako Kensal Green kanposantua, baina ezin da batetik bestera pasa, kontrako atetik sartuz gero. Kanposantuko St. Mary kapera eta bulegoak bizkar utzita aurrez aurre izanen dugu hobia, zuhaitz batzuen eta panteoi batzuen artean.

Azkenik, esker zorretan naiz bidaide izan ditudan Mikel Fernández eta Borja Ariztimuñorekin, horrelako abenturetan batere kexatu gabe sartzen baitira nirekin batera.

Informazio gehiago:

1 Comment more...

  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu