Archive for martxoa, 2013

Manuel Larramendi euskalariaren sortetxea



Etxea aurretik

Garagorri izeneko Andoaingo baserri honetan jaio zen Manuel Garagorri Larramendi (Andoain, 1690/12/25- LoiolaAzpeitia, 1766/01/29). Jesuslagun honek amaren abizena erabili izan zuen beti.

Formakuntza sendoa izan zuen eta franko bidaiatu zuen. Mariana Neoburgokoaren konfesore izatera iritsi zen, baina bere lanak euskararako zaizkigu bereziki interesgarriak. Hizkuntza honek izan duen apologiagilerik garrantzitsuena da ezbairik gabe. Foruen defentsan eta euskara gainontzeko hizkuntzen pare jartzeko izandako eztabaiden fruitu hainbat lan argitaratu zituen. Euskararen alorrean, Larramendik atondu zituen hizkuntza moderno batek garai hartan izan behar zituen hiru zutabeak: apologia, euskararen aitzinatasuna eta perfekzioa frogatzera zihoana, De la antigüedad y universalidad del bascuenze (1728); gramatika, El impossible vencido (1729), euskarak, gainontzeko hizkuntzek bezala, arau eta erregela ordenatu eta perfektuak zituela, frogatuko zuena, hots, ez zela kaotikoa eta Jainkoak sortua zela; azkenik, euskal hiztegia, Diccionario trilingüe (1745) Espainiako Akademiaren hiztegia, hizkuntzaren modernitatearen eredu, euskarara itzultzea posible zela frogatzea bilatzen zuena. Haren obrak, hiztegia batez ere, zedarri izan dira euskal testuetan, autoreengan gaur egungo euskaran ere ikus daitekeen eragin handia izan zutelako.

larramendi_01

Larramendiri erderaz idatzi izana eta euskararen arauak gehiegi bortxatu izana leporatu izan zaio, baina gerora, Urgellen lanei esker batez ere, ikuspegi hori aldatu da. Larramendiren obrak erdaldunei zuzenduak ziren; haiekin eztabaidatzea zuen xede. Bestalde, euskara modernizatzeko saiakera horrek, segur aski, ondoko betse autore franko euskaraz idaztera animatu zituen.

Etxea saihetsetik

Baserria aurkitzea ez da erraza. Herri kaskotik ateratzeko La Salle etorbidea hartuko dugu gora eta Leizotz auzoan sartuko gara. Etxe bat eskuin utzita, eskuinetara sartuko gara lehendabiziko bidegurutzean. Bide hori segitu behar dugu gainontzeko bidegurutze eta seinaleei muzin eginez, eta pare bat kilometro kurrituta aurkituko dugu baserria, parez pare ikuilua duena. Leizotz auzoko 16. zenbakia du.

oroigarria

Aurrealdeak armarri bat du eta oroigarri bat: “JHS / eche onetan 1690ko eguerri egunean jayo zan / aita jesuita done ta jakintsu Manuel Larra- / mendi ta Garagorri, joan dan eunkian fede / ta Euskal-Erri guziaren ta onen izkera, oitur- /on ta zorionerako iñork baño geyago 40 urtean / egiñ zubena. Loyolatik zeruratu zan 1766an”.

Omenaldia

Baserrira ailegatzean Larramendiren jaiotzaren III. mendeurrenean jarri zioten eskultura dago.

Gehiago jakiteko:        


Joan Inazio Iztueta idazle eta dantza-maisuaren sortetxea

Iztueta sortetxea 2

Iztuetaenea edo Kapagindegi / Kanpandegi izenez ezaguna den Zaldibiako etxe honetan jaio zen Joan Inazio Iztueta Etxeberria (Zaldibia, 1767/11/29-Zaldibia, 1845/8/18).

Iztueta sortetxea 1

Oso ezaguna da Gipuzkoako dantzen gainean egindako biltze, irakaste eta arautze lanengatik; gaur egunean bere ekarpenaren eragina nabarmena da horretan. Horrezaz gain, aurreko gaiekin, antropologiarekin eta historiarekin lotutako testuak ere utzi dizkigu, euskaraz gehienak. Famatuena, Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia liburua, 1824an atera zen lehen aldiz. Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia 1847an, hil ondoan atera zen. Horrekin batera, bere eskuizkribu, gutun eta olerkiak ere gorde dira eta gehienak egilea hil ondoan argitaratu izan dira. Olerkirik ezagunena emazte Kontxesiri egindakoa da.

Zaldibian plaza bat du bere izenean eta bertan dagoen oroigarriak hala dio: “Juan Ignacio Iztueta-koari / Zaldibi-ko eŕily: “Times New Roman””>new”>iak bere eriotzaren eun urte / buruan eskeintzen dion oroigaria, leku au / “Plaza Iztueta” izendatuaz. / Zaldibin 1945 garengo uriaren 7an”.

Iztueta plaza_01

Hortik oso gertu dago jaiotetxea. Plaza herria erditik zeharkatzen duen Santa Fe kaleko 88.ean bertan dago. Oroigarri hau gure bizkarrean utzita, plazatxoan sartuko gara errepidea zeharkatuta eta bertan dagoen etxearen atzean justu aurkituko dugu Iztuetaenea.

Etxeak bi oroigarri ditu, fatxada banatan. Batek honakoa dio: “Juan Ignacio iztueta / “Guipuzkoako Dantzak” liburua egin zuanari / 1824-26 Eusko Ikaskuntzak 1929″.

EI Iztueta oroigarria

Sarrera nagusiaren ataburuan, ordea, beste hau dago: Goizaldi / Donostiko / euskal ere / siaren eŕi- / erti taldeak // Iztueta’r / Juan Ignazio’ri / Gipuzkoa’ko / dantzen irakas / le ta eragile // Azaroa’ren 29’an 1767-1967 oroi-omen jaia”.

Iztueta oroigarria 2

Informazio gehiago:


Olaso dorrea. Telesforo Monzon idazlearen sortetxea

Olaso 1

Aurreko sarreran Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Bergara, 1904/12/01-Baiona, 1981/03/09) idazlearen hilobia ekarri genuen: oraingoan bere sortetxea. Familia aristokratiko bateko semea zen eta Olaso deritzon Bergarako dorretxe honetan etorri zen mundura.

 

Olaso 2

XVI. mendean eraiki zen eta gerora moldaketak jasan ditu. Fundazio baten egoitza da eta Georges Lacombe hizkuntzalariaren ondare bibliografikoa jasotzen zuen, Monzonek erosi zuenetik. Euskaltzaindiak ondare hori katalogatu eta Bilboko egoitzara eraman zuen. Berriki Jakiunde akademiaren egoitza ofizial ere izendatu dute.

Olaso 3

Dorretxea Bergarako hiribilduan bertan dago, San Pedro kaleko 2.ean, izen bereko elizaren ondoan eta plazatik oso gertu.

Informazio gehiago:


Telesforo Monzon idazlearen hilobia


Telesforo Monzon hilobia

Bergarako kanposantuan, familiaren panteoian datza ehortzirik Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (Bergara, 1904/12/01-Baiona, 1981/03/09).

Familia aristokratiko batean sortua, horrek hain segur Madrilen ikasteko ateak zabaldu zizkion eta gerora politikan sartzekoak. Bereziki ezaguna da abertzaletasunaren barnean egindako bide politikoagatik. Horrezaz gain, euskalaritzari buruzko blog honetan ere badu lekurik, idazle gisa ere izan baitzuen bere eragina: esango nuke idazkeraren kalitateagatik baino, jorratutako gaiengatik izan zela ezagun. Prosa, poesia eta antzerkia landu zituen eta gai abertzaleko bere poema zenbait biziki ezagunak bilakatu dira, garaiko eta geroko kantariek frankotan abestu baitituzte; hor dira, besteak beste, Itziarren semea, Lepoan hartu eta segi aurrera edo Batasuna. Esango nuke 1947ko Gudarien Egiñak dela bere idazlanik ezagunena. Hizlari eta kazetetan idazle ere ibili zen. 1966an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.

Telesforo Monzon

Esan bezala, hilobia Bergarako hilerrian bertan dago. Matxiategi kaleko aparkalekuan autoa utzita, ekialdera begira dagoen ate nagusitik sartuko gara. Ezkerrera jo eta hegoaldeko murruaren kontra, Boni Laskurain karrikara ematen duena hain zuzen, berehala ikusiko dugu panteoia, familiaren armarria daramana, “Olaso y Monzon” iazkiarekin batera.

Informazio gehiago:


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu