Archive for apirila, 2011

Rudolf P. G. de Rijk hizkuntzalariaren bizitokia

derijketxea

Amsterdameko etxe honetan bizi izan zen Rudolf Pieter Gerardus de Rijk (Amsterdam, Herbehereak, 1937/03/24-2003/06/15) bere emazte Virginiarekin, hil arte.

                                  derijk
Iturria: Hiru.com

Ezagutu zutenek gizon lotsatitzat zuten, halere euskararenganako zaletasuna agertu zuenetik lagun asko izan zituen Euskal Herrian. Hainbat hizkuntza menperatzen zituen eta Herbeheretan euskararenganako interesa piztu zuen unibertsitatearen bidez.

MITen aurkeztu zuen tesia euskarazko erlatibozko perpausei buruz eta bere bizitza akademiko gehiena Leidengo unibertsitatean egin zuen. Bere lanen artean, aipagarri dira Standard Basque: A Progressive Grammar (2008), edo De Lingua Vasconum: Selected Writings (1998) liburuko artikulu bilduma. Izan ere artikulu ugari argitaratu zituen. Horien artean aipagarri, 1969ko “Is Basque a S.O.V language?” Fontes Linguae Vasconum aldizkarian agertua, “Vowel Interaction in Biscayan Basque” edo “Relative Clauses in Basque: a Guided Tour” 1988ko bilduman agertuak, etab.

Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izandatu zuen eta Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore. Gainera, omenaldi gisa Erramu boneta: Festschrift for Rudolf P. G. de Rijk liburu aurkeztu zen, Xabier Artiagoitia, Patxi Goenaga eta Joseba Lakarraren gidaritzapean.

De Rijken errautsak Urkiolan barreiatu zituzten.

derijkikurrina derikjizena

Etxea Amsterdamen dago, Watergraafsmeer auzoko Newtonstraat-eko (Newton kalea) 69. zenbakian. Oraindik ere ikurrina bat du atean, senar-emaztearen izenekin batera. Mapa bat begiratuta ez da zaila etxea aurkitzea, baina ez dago Amsterdameko erdigune turistikotik edo bederen bisitatu ohi denetik sobera hurbil, beraz, bada puska bat oinez. Mila esker Borja Ariztimuño eta Mikel Fernández bidaideei!

Informazio gehiago:


Justo Garate euskalariaren sortetxea

justo1

Bergarako etxe honetan sortu zen Justo Garate Arriola (Bergara, 1900/08/05-Mendoza (Argentina), 1994-07/02).

Ofizioz medikua bazen ere, euskalaritzari eta euskal kulturari tartea eskaini zien. Gerra Zibilean herbesterako bidea hartu behar izan zuen EAE-ANVko kide izateagatik eta han zendu zen. Ospa egin baino lehen, ikasle garaian Eleizalde, Irigarai eta bestelakoek sortu zioten euskararenganako grina eta Argentinan Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia eta beste ezagutu zituen.

Eusko ikaskuntzako kide izan zen eta euskal unibertsitatea sortzearen aldeko lana egin zuen.

justo garate
Justo Garate. Iturria: Euskomedia

Bere obra itzela da kopuru aldetik, bai liburu bai artikuluetan. 1933an Guillermo de Humboldt: Estudio de sus trabajos sobre Vasconia idatzi zuen, 1935an Ensayos euskarianos, La época de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel 1936an edo El viaje español de Guillermo de Humboldt (1799-1800) 1946an, besteak beste.

Artikuluak Euzkadi egunkarian, Eusko Ikaskuntzaren Deya aldizkarian, Gernikan, Euzko Gogoan, RIEV-en Euskeran, Herriaren Adiskideen Elkarteko Buletinean [BSBAP], Eusko Jakintzan, Eusko Ikaskuntzen Institutu Amerikarraren Buletinean [BIAEV], Príncipe de Vianan, Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnografía de Navarra aldizkarietan, Oñate, Munibe, Vida Vasca, Estudios Vizcaínos, etab. azaldu ziren eta euskarari dagokionez, lexikografian, toponimian eta etimologian ibili zen batik bat. Egindako lanen ondorioz hainbat sari jaso zituen, halaber: Honoris Causa doktorea EHUn, ohorezko euskaltzain, Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako ohorezko kide, eta abar. Bergarako herriak gainera seme kuttun izenatu zuen eta plaza bati bere izena eman.

oroi

Etxea Bergarako Barrenkaleko 27.ean dago eta 1987an ezarritako oroigarriak honakoa dio: “Justo Garate Arriola jauna sendagile-kulturgizon ospetsua etxe honetan jaio zen 1900.go dagonillaren 5ean”.

Informazio gehiago:


Luis Eleizalde euskalariaren sortetxea

eleizalde sortetxea

Bergarako etxe honetan sortu zen Luis [Koldo] Eleizalde Brenosa (Bergara, 1878/06/09-Bilbo, 1923/07/24).

Karlista gaztetan eta gero EAJ-ko kide, euskararen hedatzearen alde egin zuen lan eta bereziki kezkatua agertu zen euskararen galerarekin eta euskarazko eskolen eta unibertsitatearen beharra ikusi zuen, horretarako beharrezkoa zen materiala sortuz. Testuinguru horretan idatzi zituen La lucha por el idioma propio (1919), Metodología para la restauración del euzkera (1919), Morfología de la conjugación vasca sintética (1913), Listas alfabéticas de voces toponomásticas vascas (RIEVen argitaratua), Notas acerca del léxico y de las flexiones simples del P. Mendiburu en su obra “Otoitzgayak (1907), Razas, lengua y nación vasca (1914) edo El problema de la enseñanza en el País Vasco (1919).

eleizalde_01
Iturria: Auñamendi

Horrezaz gain, toponimia lanak egin zituen, literaturgintzan Landibar (1918) eleberria idatzi zuen eta hainbat itzulpen burutu.

Gisa berean, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaindiaren sortzaile izan zen.

eleizalde oroigarria

Etxea Goenkaleko 3.ean dago, Ariznoako San Pedro elizaren ondoan. Eusko ikaskuntzak oroigarri bat jartzea erabaki zuen bere bostgarren kongresua ospatu zenean eta oroigarriak hor dirau. Honakoa dio: “Etxe onetan Eleizalde’tar Koldobika jayo zan. Bere eriaren jakintza-aldezko gogo sutsuari oroimen au eskeintzen dautso Eusko Ikaskuntza’k / En esta casa nac[ió D.] Luis de Eleizalde. A su esfuerzo constante por la cultura del país dedica este recuerdo la Sociedad de Estudios Vascos. 7-IX-1930”. Berezitasun gisa, aipa dezagun etxe honetan oinarritu zirela Bartzelonako El Poble Espanyol museoan dagoen Bergarako etxea eraikitzeko. Bartzelonakoak halere, solairu bat falta du.    

Informazio gehiago:




Sebero Altube euskalari eta idazlearen sortetxea

seber altube

Arrasateko etxe honetan sortu zen Sebero Altube Lertxundi (Arrasate, 1879/11/08-Gernika, 1963/08/08/27).

Polifazetikoa izan zen. Musikaren alorrean dultzaineroa izan zen, musika bandako zuzendari Arrasaten eta Gernikan, Gernikako abesbatzaren sortzaile eta musika eskolaren abiarazle izan zen. Segundo Olaetarekin batera Elai Alai taldea sortu zuen. Politika alorrean EAJ-ko kide izan zen eta Gernikako alkate izatera iritsi zen.

altube

Euskararen munduan, idazle eta hizkuntzalaria izan zen. Euskaltzaindiko kide izan zen eta Euskera aldizkarian hainbat lan kaleratu zituen, horien artean Erderismos lan polemikoa, 1930ean liburu gisa atera zena. Bere lanetan hizkuntzalaritza orokorraren ekarpenak euskarara bihurtzen saiatu zen. Literatur alorrean bere lanik ezagunena Laztantxu eta Betargi da, gerra garaiko bikote baten inguruan mintzo dena.

Etxea Maalako errabaleko 2.ean dago, Arrasateko hiribildutik at eta Esteban Garibairen sortetxearen ondo-ondoan.

Informazio gehiago:


Bergarako udaletxea

udaletxea

XVII. mendearen bigarren erdiko eraikin hau da Bergarako Udaletxea. Lucas de Longa arkitektuak diseinatu zuen eta harlanduzkoa da. Aurrealdean 1727an grabatutako Bibliatik hartutako bi inskripzio daude (En casa del que jura no faltará desventura / O que mucho lo de allá o que poco lo de acá) eta hiru armarri.

Duela urte batzuk osorik eraitsi zuten barnetik eta soilik eskailera bat eta areto nagusia, gaur egungo batzar gela, utzi zituzten bere horretan. Gure alorrerako hain zuzen ere batzar gela hori interesatzen zaigu. Dekorazioari begira, bergarar garrantzitsuen irudiekin apaindutako zenefa bat du sabaiak eta hego Euskal Herriko lau diputazioen armarriak ere ageri ditu.

batzargela

Hona ekarri badugu, halere, euskararekin lotura zuzena duelako da: areto horretan bertan eman zen lehen aldiz, 1764ko irailaren 11n hain zuzen, Peñafloridako kondeak idatzitako El borracho burlado antzerki lan elebiduna.

borracho

Bergarako Udaletxea San Martin Agirre plazaren 1.ean dago. Batzar gelara ikusteko aski da udaltzainei baimensa eskatzea eta beraiek erakutsiko dizuete.  


Esteban Garibai historialariaren sortetxea

garibai sortetxea

Ustez Arrasateko etxe honetan sortu zen Esteban de Garibay y Zamalloa (Arrasate, 1533/03/09-Madril, 1599/1600?).

Familia onekoa, gaztetan Gasteizen eta Oñatin ikasi zuen eta gudarostean ibili zen. Arrasateko alkate ere izan zen. 1571an Los cuarenta libros del Compendio historial de las Chronicas y universal historia de todosreynos de los España lana argitaratu zuen Flandesen eta beranduago, Felipe II.a Espainiako erregearentzat hainbat lan egin ondoren, 1592an erregeak kronista izendatu zuen. Zenbait liburu kaleratu zituen baina “Grandezas de españa” lan mardulak oraindik osorik argitaratu gabe dirau.

garibay2
Iturria: Euskonews

Eusk
araren munduari begira, hain zuzen ere “Grandezas de España” horren barruan datozen memorietan Garibaik dio bi euskal errefrau bilduma egin zituela. Originalak galdu badira ere, Espainiako Biblioteka Nazionalean kopia bat gordetzen da. Errefrauak beranduago argitaratu dira eta badira egiletasunaren gaineko dudak.

Bestalde, bere kroniketan euskarazko eresiak ere tartekatu zituen, halanola, Milia Lasturkorena, Martin Bañezena edo Olasoko kanta.

Etxea Arrasateko harresietatik at dago, errebalean hain zuzen. Lehen Beheko errebalaren 13.a zena, egun Biteri etorbidea 5 da. Eraikina, erabat berritua, Gazte Bulegoaren egoitza da gaur eta inguruko etxeak eraitsita, eraikin modernoago bati atxikia ageri zaigu. Inoiz oroigarririk izan badu ere, gaur egun galdua du.

Informazio gehiago:


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu