Archive for abendua, 2010

Urte berri on

Copia de felicitacion

“Auxe dok bizitza modu:
Neska zarrok danza egin da mutillok dirua pagadu.
Ibini bidi, Alkate Jauna, ibini bidi legea:
Mutilak libre, neskatxak eurak paga dezela danzea.”

P. I. Barrutia: Acto Para la Nochebuena. s. XVIII. mendea
Feliz


Astarloa anaien sortetxea (zena)

astarloaplaz

Durangoko Zeharkalearen eta Artekalearen izkinean dagoen plazan, Udaletxearen parean, egon zen Pedro Jose Patrizio Astarloa Agirre (Durango, 1751-Bilbo 1821) eta Pablo Pedro Astarloa Agirre (Durango, 1952/06/29-Madril, 1806/06/02) idazle eta euskalariaren sortetxea. Eraikina Durangoko Bonbardaketan izan zen eraitsia (1937).

Familia onekoak, Pedro Josek Urteco Domeca gustijetaraco verbaldi icasbidecuac, ceinzubetan azalduten dan Erromaco Catecismua liburu ezaguna idatzi zuen.

Baina dudarik gabe, anaia Pablo Pedro apologilaria da ezagunena euskararen alorrean. Humboldt-en aholkulari izan zen eta euskararen aitzinatasun eta perfekzioaren defentsari ekin zion, liskar eta eztabaidetan sartzeari utzi gabe. Emandako argudioak gaur egungo ikuspegitik urrun geratzen zaizkigu, baina eragin handikoak izan ziren ondorengo euskararen defentsan. Euskararen gramatikan aurrerapen nabarmenak egin zituen aditz eta izen flexioaren alorretan batez ere.

astarloaoroi

2002 urtean oroigarri bat ezarri zen etxea zegoen tokian: “Fray Pedro Astarloa (1751-1821) eta Pablo Pedro Astarloa (1752-1806) anaia euskaltzaleen gomutaz, euren jaiotetxea egoen tokian. 2001/XII/6. 36. Euskal Liburu eta Disko Azoka”

Informazio gehiago:


Ebaristo Bustintza “Kirikiño” idazlearen sortetxea

kirikiñosort

Ebaristo Bustintza Lasuen “Kirikiño (Mañaria 1866/10/26-1939/1/31) idazlea Etxanoa izeneko Mañariako etxe honetan sortu zen.

Hari buruz gehiago jakiteko:

Euskargazki: Ebaristo Bustintza “Kirikiño” eta Errose Bustintza “Mañariko” idazleen bizilekua

kirikiñoroih

Etxea Mañariako kale nagusian dago, Urkiolatik jeisten ezker aldean, bere bizitoki izandako Zumelaga etxearen metro eskas batzuetara. Oroigarriak zera dio: “Bustintza’tar Ebaista (“Kirikiño”) “Etxanoa” etxion 1866-10-26’gn. jayo zan. E[uzko]. G[gaztedi]’k 1931-2-1’an.” Oroigarriak hori esan arren, nabarmena da etxea berria dela, hots, egiazko sortetxearen gainean eraikia. Nonbait oroigarria eta etxearen izena atxikiko zuten.

Informazio gehiago:


Henrike Knörr euskalariaren hilobia

knorrobi

Gasteizko Santa Isabel hilerrian datza Henrike Knörr Borràs (Tarragona, 1947/03/02-Gasteiz, 2008/04/30) euskalaria. Familia ezagun bateko kide, berak euskararen ildoa jarraitu zuen.

                   knorr_01
Iturria: Plazaberri

Apaiz bidea hartu zuen lehenik baina Filosofiara pasa zen gero eta Euskal Filologian izan zen doktore. Euskara irakasle izan zen Gernikan eta Gasteizen. Koldo Mitxelenaren eskutik Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzaileetarik dugu eta horri estuki loturik ibili zen zendu zen arte, irakasle gogotsu eta kudeatzaile moduan. Berandu euskaldundu bazen ere, euskararen alde langile nekaezina izan da eta mordoka artikulu eta liburu plazaratu ditu horren harira, hizkuntzalaritzaz (bereziki onomastikaz) gain, baita literaturan eta etnografian ere. Merezimenduz izendatu zuten Euskaltzain oso eta Euskaltzaindian zein beste erakude askotan ere kargu andana bete zituen.

Zuzenean ezagutzeko zortea izan nuen eta bereziki markatu ninduen. Kutsakorrak dira bere dohainak: nekaezina, polifazetikoa, alaia, eskuzabala, bromazalea, kaotikoa! topikoak dirudite, baina aise datorkit burura adjetibo bakoitzari bikain dagokion anekdota eta bizipena. Tamalez batzuek joan zen arte ez zituzten ezaugarriok ikusten jakin edo ez zituzten ordura arte goraipatu.
knoraitzinknorgibel

Hilobia, esan bezala, Gasteizko Santa Elisabet hilerrian dago, Tomas Zumarraga dohatsuaren kalearen erdialdera. Kale hori hilerriaren amaieran dago, iparreko aldean: Zaramaga kalearen paraleloa da, Arriagako atea kalearen izkinean.

Informazio gehiago:


Luis Jauregi “Jautarkol” idazlearen sortetxea

jautarkoletxe
Errenteriako etxe honetan sortu zen Luis Ramon Jauregi Etxenagusia “Jautarkol” (Errenteria, 1896/06/21-Zarautz, 1971/02/02) idazlea eta apaiza. Comillasen egin zituen ikasketak eta bertan ezagutu zuen besteak beste”Orixe“. Berak sortu zion euskaraz idazteko zaletasuna.

              jautarkol
Iturria: uztarria.com

Euzkadi, Euskal-Erria, Irugarrengo Prantzizkotarra, Rentería, Euskal Esnalea edo Zeruko Argia bezalako kazetetan argitaratu zituen bere olerki eta artikuluak. Ipuinak ere idatzi zituen, baina Biozkadak olerki liburuak emanen dio ospearen bidea.

“Euskel Olerti jaietan” maiz aritu zen eta bertan elkartzen ziren orduko poeta ezagunak (Lizardi, Aitzol, Zaitegi, Loramendi etab.), “Euskal Pizkundea” deitu den horretan murgildurik. Gerrak ordea, isilaldi luze xamarra ekarri zion, bere olerkiak erbestean argitaratzen hasi ziren arte. Saiakerak eta itzulpenak ere egin zituen euskararen gorazarre, eta geroaz kezkaturik. Euskara batuaren beharra antzeman zuen eta euskaltzain urgazle izan zen.

jautarkoloroi

Etxea herriaren alde zaharrean, edi-erdian dago; Beheko Kaleko 2. zenbakian dago, Herriko Plazaren izkinean, elizatik hurbil. Oroigarriak hala dio: “Etxe honetan jaio zen Jauregi’tar Koldobika. Jautarkol olerkaria (1896-VI-21-1971-II-2) Errenteriako herriak jaiotzaren mendeurrenean esker onez (1996-VI-21)”

Informazio gehiago:
Hiru.com
Bidegileak (PDF)
Auñamendi
Literaturaren Zubitegia
Euskal Literaturaren hiztegia


Frantzisko Petriarena “Xenpelar” bertsolariaren bizitokia

xenpeetxe

Errenteriako etxe honetan bizi eta zendu zen Frantzisko Petriarena Berrondo Xenpelar bertsolaria (Errenteria, 1835/01/13-Errenteria, 1869/12/08). Gaur da bere heriotzaren urteurrena.

                         xenpelar
Iturria: Euskonews

Gazte-gazterik hasi zen bertsolaritzan eta ahozko bertsoez gain, bertsopaperak ere egin zituen. bereak dira, besteak beste, Pasaiako herritik edo Ia guriak egin du bertso ezagunak.

xenpearmarri

Xenpelarren iloba zen Josefa Antonia Aranberri Petriarena bertsolaria ere etxe horretan sortu zen

xenpeeusk

Etxe dotore hau Madalena kaleko 32.ean dago, Errenteriako alde zaharrean eta gaur egun Xenpelar kultur etxea dago bertan.

kulturetx

Informazio gehiago
:


Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren sortetxea

mitxelenasort
Errenteriako etxe honetan sortu zen Koldo Mitxelena edo Luis Michelena Elissalt (Errenteria, 1915/08/20-Donostia, 1987/10/11).

Aurkezpen beharrik izan ez arren eta berari buruz labur mintzatzea zail bada ere, saiatuko gara. Hizkuntzalari gisa aurkeztu arren, alor gehiago landu zituen: literatur kritika, zinema, eta abar. Bizitza osoa euskarari eskaini bazion ere, kultura handiko gizona izan zen eta hizkuntzalaritza zein literatura orokorrari buruz ere izan zuen zer esan.

mitxe
Iturria: Auñamendi

Ideologia abertzalekoa, gartzela bitan ezagutu zuen eta bertan pasatako denboraldiek estudiatzeko grina piztu zioten. Horrela Salamancako Unibertsitateko irakasle izan zen, Sorbonan ere ibili zen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen sortzaileetarik bat da.

Baina dudarik gabe, euskal hizkuntzalaritzan gailendu zen. Euskal Filologia eta hizkuntzalaritzaren sustatzaile sendoena izanik, berari zor zaizkio aportaziorik ugarien eta sakonenak (Onomastikan, hizkuntzalaritza historikoan, hiztegigintzan, fonologian etab.) eta gaur egin oraindik mugarri ezin utzizkoa da. Liburu eta artikulu mordoa argitaratu zituen eta asko dira jaso zituen izendapen eta sariak. Euskaltzain oso izendatu zuten eta euskara batuaren sorreran partehartzaile garrantzitsua izan zen.

miltxeloroi

Etxea Errenteriako alde zaharrean dago, plazatik oso oso hurbil eta elizaren parean, Goiko kaleko 6. zenbakian hain zuzen. Bertan dagoen oroigarriak hala dio: “1915-1987 Hemen jaio eta bizi izan zen Koldo Mitxelena jauna, hizkuntzalari ospetsua izan zena eta Errenteria hiriko seme kuttuna. Errenteria 1988ko urriaren 11an”

Informazio gehiago:


Txirrita bertsolariaren bizitokia

txirrita

Errenteriako Txirrita baserrian bizi izan zen Jose Manuel Lujanbio bertsolaria (Ereñozu (Hernani), 1860/08/14-Altza (Donostia), 1936-07-03) eta harek eman zion izengoitia. Hala ere, jaio Ereñozuko Latze (Zar) baserrian jaio zen eta Altzako Gazteluenean hil.

800px-Txirrita_eta_Saiburu
Argazkia: Wikipedia

Tabernetako bertsolaria izan zen, alfabetatu gabea, baina berari zor zaio, beste batzuekin batera, bertsolaritza tabernetatik atera eta goreneranzko bidean ezarri izana, 1935ko bertsolari txapelketa nagusian txapeldunorde geratu ondoren, 1936an garaile suertatu baitzen. Bere bertsoak, bertso-paperen bidez, ezagunak zaizkigu gaur egun oraindik.

Txirrita baserria Errenteriako Txirrita-Maleo industriagunearen ondo-ondoan dago Txirrita bekoa kalean. Aldapa txiki bat igo behar da, baina bertan dago, lantegien ondo-ondoan. Aspaldi dago dokumentatua Txirrita toponimoa.

Informazio gehiago:


Jose Agerre euskaltzalearen hilobia

joseagerre2

Jose Agerre Santesteban (Iruña, 1889/12/29-1962/10/19) politikari, kazetari idazle eta euskaltzalea Agoizko hilerrian datza ehortzirik bere emaztearen familiaren hobian hain zuzen. EAJren barnean Napar Buru Batzarrean ibili izan zen politikari, baina blog honi dagokionez, ikus dezagun bere euskararekiko lotura:

Iruñean euskara irakaslea izan zen eta kazetari moduan ehundaka artikulu idatzi zituen euskarari buruz, honakoetan: Diario de Navarra, Napartarra, La Voz de Navarra, Amayur, Pregón, Olerti, Euzko Gogoa, Egan, Gure Herria eta abar. Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren eta geroko Euskaltzaindiaren sorrerako biltzarraren ondotik, 1919an euskaltzain oso izendatua izan zen, baina kargua utzi behar izan zuen Sevillara lanera joateko. Itzuli zenean Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako ordezkari izan zen. Beste erakundeetan ere ibili zen, halanola “Euskaltzaleak” edo “Euskeraren Adiskideak“.

joseagerre1

Hilobia aurkitzea oso erraza da. Agoizko hilerrira ailegatu eta bi ate ikuisko ditugu: hilerri berrira doana eta hilerri zaharrekoa. Azken horretatik sartu bezain laster ezkerretara paretaren kontra dago hilarria, emaztearen familiaren (Celaya Esparza) hobiarekin batera. Horrela dio: “1889 AG[E]RRE’tar JOSEBA 1962 G[oian] B[ego]”.

Jose Agerre
Argazkiaren iturria: Auñamendi

Informazio gehiago:

Bidegileak: Jose Agerre (PDF)
Wikipedia: José Aguerre
Ze Berri: Jose Agerre Santesteban
Boletín Instituto Gerónimo de Uztáriz: Jose Agerre (PDF)

Auñamendi: Jose Agerre Santesteban
Literaturaren Zubitegia: Jose Agerre
Euskera Agerkaria: Jose Agerre (PDF)


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu