Archive for otsaila, 2010

Nicasio Landaren bizitokia

nicasiohil

Iruñeko Alde Zaharreko jauregi eder honetan bizi eta zendu zen Nicasio Landa Álvarez de Carballo (Iruña, 1831/10/11-Iruña, 1891/04/11). Jadanik euskargazkiko bi mezutan aipatu dugu: Asociación Euskara de Navarrako kide izan zen eta Revista Euskaran eta Euskal-Errian idazten zuen, nahiz eta mediku militar moduan atzerrian ere fama lortu zuen, Gurutze Gorriaren sortzaileetarik izanik.

Iruñean, Zapateria kaleko 40.ean dago jauregia. Mutiloa familiak eraiki zuen XVIII. mendean eta barrokoaren erakusgarri garbia da. Gaur egun Iruñeko Udalaren Kultura alorrak du bertan egoitzetarik bat. Deigarria da Nicasioren sortetxea eta hau konparatzea, bizitzan alor ekonomikoan sobera gaizki ez zitzaiola joan ondorioztatzeko.

Informazio gehiago:


Nicasio Landaren sortetxea

nicasiolandasorte

Iruñean, Carmen kaleko 7.ean sortu zen Nicasio Landa Álvarez de Carballo (Iruña, 1831/10/11-Iruña, 1891/04/11). Aurreko mezu batean esaten genuen bezala Asociación Euskara de Navarrako kide izan zen eta Revista Euskaran eta Euskal-Errian idazten zuen, nahiz eta mediku militar moduan atzerrian ere fama lortu zuen.

nicasio

Etxea estu-estua eta umila da nahiz eta berritua egon. Iruñeko Alde Zaharrean dago, Nabarreriako hirian.

(Joxemirentzat. Eutsi goiari!)

Informazio gehiago:


Wentworth Webster euskalariaren bizilekua

wenworetxe
Wentworth Webster (Uxbridge, 1828/06/16(26?)-Sara, 1907-04/02) Bechi-enea izeneko Sarako Lehenbizkai auzoko etxe honetan bizi izan zen. Webster apaiz anglikanoak bere bizitokia Saran ezarri zuen eta euskalaritza eta etnografian ibili zen.  Antoine d’Abbadie, Julien Vinson, Carmelo Etxegarai edo Bonaparte printzearen adiskide izan zen. Euskalaritzaren alorrean, berari zor diogu Altabizkarko kantuaren apokrifotasuna salatzea, edo Urteren gramatikaren argitalpena. Horrezaz gain ipuin bildumak, pastoralen inguruko lanak, euskal poesiari buruzko disertazioak eta abar baditu.

oroiwenwo

Esan bezala, etxea Lehenbizkai auzoan dago. oroigarriak honakoa dio: “Wentworth Webster / eskualdunen adiskide / kartsu eta iakintsuari / 1828 1907 / etche huntan bizi izan zen / hamabi urthe / Krespotegian hil zen”. Sarako plazatik nola joan azalduko dut (autoz joatea komeni da). Frontoia atzean dugularik, Herriko Etxeari aurrez aure begiratuko diogu (eliza eskuin geratuko zaigu). Ezkerretara ateratzen den kalea hartuko dugu. 100 bat metro ibili eta eskuin hartuko dugu, maldan behera. gisa horretan D406 errepidera ailegatuko gara. ezkerretara hartuko dugu errepide hori, Berara bidean. errepidea jaraitu eta kurba itxi bat eginen dugu ezkerretara. Bihurgune horren ostean dago bidegurutzea Lehenbizkaira sartzeko. Bidegurutzea ezkr hartu eta Lehenbizkaira sartuko gara. Handik 200 bat metrotara, ezkerraldean ikusiko dugu etxea.

Informazio gehiago:


Nicasio Landaren hilobia

DSCF0545
Nicasio Landa Álvarez de Carballo (Iruña, 1831/10/11-Iruña, 1891/04/11) Carmen kaleko 7.ean sortu zen eta Iruñeko San José hilerrian, Biritxitun dago ehortzia. Militar eta medikua izan zen eta mundu mailan da ezaguna Gurutze Gorriaren sortzaileetarik bat izan baitzen eta domin, izendapen eta sari asko bildu baitzituen, mediku eta militar gisa. Baina ez da horren ezaguna bere euskaltzaletasuna. Asociación Euskara de Navarrako kide izan zen eta Revista Euskaran eta Euskal-Errian idazten zuen.

                  nicasio
Nicasio Landa (Auñamendi)

Tunba zehazki non den ez dut gogoan, baina sarrera nagusitik sartuta, Sarasateren hilobira (eta Arturo Campionenera) ailegatuko gara. Eskuin joan, eta murru bat ikusiko dugu. Murru horren kontra dago hobia. Honako epigrafe hauek irakur daitezke. Piramide formako harrikoa Nicasioren aitari zuzendua dago (laburduren interpretazioa, nirea): “D.O.M. / RUFINUS. A. LANDA. / ET. ARBIZU. / MEDIC[IN]a. AC. CHIR[URGI]a. / DOCTOR. EXIMIUS. / ANATH[OMI]ae. / ERUDIT[U]s. PROF[ESSOR]*. / PHLAGELLI. PESTIS. / HEROICUS. IMPUGNATOR. / CIV[ITAS]s. POMP[AELU]s. DECURO. / LX. ANNUM. AGENS. / INVICTA. IN. CHRISTUM. / FIDUCIA. PLACIDE. SUM. / ANIMAM. DEO. REDDIDIT. / ANNO. DOM[INI]. MDCCCLXII. / DIE. XI. KAL[ENDA]s. FEBRUARII. R.I.P.”. Bestalde, Nicasiori honakoa dagokio: “El Doctor D. Nicasio Landa y Alvarez de Carballo / Cofundador de Cruz Roja española / 1831-1891 / El E[xcelentissi]mmo Sr. D. Angel Di Pietro Nuncio Apostolico de S[u]. S[antidad]. Leon. XII. Concece 100 dias de indulgencia a todos los fieles que oyeren / una misa u ofecieren la sagrada comunion o rezaren una parte / de rosario en sufragio del alma de dicho señor Landa Que] E[n]. P[az]. D[escanse]. / ofreciendo por los santos fines de la iglesia /.

Informazio gehiago:


Gratien Adema “Zaldubi” eta J. Blaise Ademaren hilobia

zaldubilobi

Senpereko hilerrian dago lurperatua Gratien Adéma Zaldubi (Senpere, 1828/04/12-Senpere, 1907/12/10). Leku askotan 14an sortu zela diote, baina antza bataio agiriak 12a dakar. XIX. mendeko euskal pizkundearen barnean kokatu behar dugu. Baionako kalonge izatera ailegatutako honek euskal kazetaritzaren hastapenekin lotura estua du. Eskualduna bezalakoetan idazten zuen (zuzendari ere izan zen) eta Abadiaren Lore Jokoetan ere parte hartu zuen bere olerkiekin (Zazpi eskual herriek oso ezaguna bilakatu da). Fabulak eta testu erlijiosoak ere idatzi eta itzuli zituen. RIEVen 1908 eta 1909 urteetako aleetan asko argitaratu ziren. Euskaltzain izan zen eta baita Eskualzaleen Biltzarreko buru ere.

adematarrak
Harreman handia zuen haren ilobarekin, J. Blaise Adema eta hau ere hilobian lurperatua dago. Eskualduna aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen osabak utzi ondoren. Gaineko argazkiak, gratien jarrita aulkian eta iloba zutik haren atzean (Iturria: Diario de Navarra)

zaldubibarne

Hilobia aurkitzea oso erraza da. Senpereko hilerrian dago eta gisa hontako panteoi bakarra da. Hilerrian sartu bezain laster ikusten da, gainontzeko tonbak baino garaiagoa baita. Kanpoan hala dio: “SEPVLTVRE /  DE LA / FAMILLE ADEMA // REQUIESCANT IN PACE” eta barneko hilarrian, familiako beste kideen izenen artean, honakoak datoz: “Chanoine Gr. ADÉMA 1828-1907” eta beherago “Monseigneur J. Blaise ADÉMA / 1861-1936”

zaldubialbo

Informazio gehiago:

1 Comment more...

Jean Baptiste Elizanbururen hilobia

elizan

Sarako hilerri zaharrean dago lurperatua Jean Baptiste Elizanburu (Sara, 1828/08/14-Sara, 1892-01-02) idazlea. Lore Jokoen giroan egin zen ezagun bere olerkiekin, nahiz eta Piarres Adame (1888) nobela ere baduen eta militarra izanik, Frantziako errepublikaren aldekoa zen. Euskal letren loraldi berrian aurkitu zuen bere lekua, euskararentzako genero berriak ziren kazetaritza bezalakoen goraldian, besteak beste. Bereak dira geora horren kantatuak izan diren Ikusten duzu goizean, Urrundik ikusten dut, Iragan besta biharamunean eta abar. Kontrako ideologia zuen Mixel Elizanbururen familiakoa zen eta Larresoroko apaiztegian ibili zen Zaldubirekin besteak beste.

elizandetail

Hilobia aurkitzea erraza da, non dagoen jakinez gero. Hilerria ixten duen harresiaren kontra dago, elizara begira. elizako sarrera aurrez aurre dugularik, ezker aldean dago. Honakoa dio hilobiak: “J B Elissambururen /  eta / haren familiaren / ehotz Lekhua // Franzisca Elissamburu / sortzez Eyharaburu / hemen da ehortzia / Uztailaren 6=1891 / J B Elissamburu / hemen da ehortzia / urtharilaren 2=1892. Heriotza datarekin zalantzak daude eta askok 1891an hil zela diote. hilobian 1892ko data dator. Okerra bi lekutarik etor daiteke: Franziscaren heriotza urtearekin konfundituta edo sinesgarriago dena; zebaitek diote Elizanburu abenduaren 31n hil zela; 1891ean beraz, nahiz eta ehorzketa urtarrilaren 2an izan.

Informazio gehiago:


Louis Fabreren hilarria

P1000151

Ainhoako hilerrian dago Louis Marie Hyacinthe Fabre aduanazain idazlearen hilarria (ez dakigu jaiotzari buruz deus ere). Hilarria baino ez dago, beraz akaso tonba kendu eta hura gorde zuten oroigarri. Fabre Bonaparte printzearen kolaboratzaile izan zela esan izan da, baina antza denez, Fabre zen Bonaparterengana hurbildu nahi zuena, arrakasta handirik gabe, ez baitzituzten orduko euskalariek bere obrak sobera estimuko (ikus RIEVeko Lacomberen artikulu hau eta hau).

Hainbat lan idatzi zituen, baina ematen du bere 1870ko Dictionnaire Français-Basque (Ikus hemen) izan zela bere lanik ezagunena (nahiz eta Bonaparterentzako txarra izan) edo behintzat Fabre ezagutarazi zuena, hilarrian berean aipatzen baita bere obra. Argazkiak eta harriaren adinak ez dute ongi irakurtzerik uzten, baina horrelako zerbait dio harriak: “ICI REPOSE / M H L Fabre / R[eceveu]r des Douanes / Auteur du Dictionnaire / Français – Basque / Decedé le 14 Decembre 1**5 / [A l’â]ge de 68 ans / Priez pour lui // Catherine Derratzou / épouse / ***** Fabre / ***** 1886.

Hilarria posizio bertikalean dago, hilerrian, elizaren hegoaldeko murruaren kontra. Aurkitzen erraza da.

Informazio apur bat:

L M H fabre. AUÑAMENDI. Hemen esaten denaren kontra, Fabre ez zen Bonaparteren kolaboratzaile izan eta printzeak ez zion deus ere eskatu.


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu