Archive for apirila, 2009

Piarres Ibarrart olerkariaren bizitokia

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Piarres Ibarrart (edo Dibarrart) Bettiri (Jatsu, 1838/2/15,13?-Baiona, 1919/5/5) Nafaroako Jatsuko Ithurraldean sortua, zapataria zen ogibidez. Bertsotan ibilia, Lore Jokoetan ere parte hartu zuen. Baigorrin elizako xantre ibili zen, hots, koruko bakarlari, 44 urtez, gaitzak hartua Baionan zendu zen arte. Baigorriko bizitoki, etxe hau izan zuen.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Oroitarriak dio: Bettiri Dibarrart Baigoriko chantreari Eskualzaleen Biltzarrak 1948. Etxea aise da aurkitzen. Elizako plazatik, errepide nagusitik (karrika Handia) frontoiko plazara bidean jarriko gara, eliza ezker utzita, Harispe Mariskalaren sortetxea pasako dugu. Errepide horretan bertan, ezkerraldean aurkituko dugu etxea, ibaia zeharkatzen duten zubietara ailegatu baino lehen.

 

Piarres Ibarrart (Lafitte)
Piarres Ibarrart (Wikipedia)
Piarres Ibarrart (Literaturaren Zubitegia)


Alexander Tapia Perurena poetaren hilobia

tapiaperurena

Alexander Tapia Perurena (Iruña, 1892/8/11-11?/5/1957) olerkaria Iruñeko San José hilerrian, Biritxitun, dago  lurperatua familiaren panteoian. Gerra aurreko poetetarik bat dugu. Bere heriotza data ez omen dago argi, hilobian maiatzaren 5a heldu da baina besteetan 11 edo 21a ageri da.

Tunba aurkitzen erraza da. Hilerriko sarrera nagusitik sartu, ekiladetik beraz, eta ezker egin behar dugu, hegoaldeko paretaren kontra tupust egin arte. Pareta ezkerrean dugula, ekialdetik mendebaldera doan bidea jarraituko dugu eta halako batean gure eskuinetara izanen dugu hobia.

*OHARRA: Familiaren intimitatea gorde nahian gainontzeko lurperatuen izenak ezabatu egin ditugu.

Alexander Tapia Perurena
Alexander Tapia Perurena BIDEGILEAK (PDF)


Irigarai Familiaren hilobia


irigarai

Iruñeko San Jose hilerrian, Biritxitun, euskal estiloko tunba honetan daude ehortzirik Fermin Irigarai Goizueta Larreko (Auritz, 1869/1/25-Iruña, 1949/9/3) euskal idazlea, eta haren semea, Aingeru Irigarai Irigarai A. Apat Etxebarne (Bera, 1899/3/1-Donostia, 1983/11/28) euskaltzale eta euskalaria.

Lehenak euskal kazetaritzari bultzada ederra eman zion eta Iparraldeko literatura ongi ezagutzen zuen. Euskaltzaindiaren sorreran ere parte hartu zuen. Bigarrenak euskal testu zaharrak bilatzen eta Nafarroako euskararen egoeraz kezkaturik egin zuen lan, orduko euskalariekin harreman handia izanik.

Familia euskaltzale honen pausoak lehenaren biloba eta bigarrenaren seme den Jose Angel Irigaraik jarraitzen du egun.

irigarai2

Tunbak honakoa dio: Au da Irigaraitarren il-obia. yainkoa baitan beude 1934garren urtean. Oroit iltzeaz zuhur baduzu. Tunba ezustean aurkitu nuen, eta ez nuke jakinen zehazki non dagoen esaten. Gogoan dut ekialdera begira dagoela. Aurkitzeko, sarrera nagusitik (ekialdetik) sartu eta hilerria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen bide nagusiarekiko elkartzut den bide batean dago. Argazkian ikus daitekeenez, atzean nitxoak ditu.

Fermin irigarai Larreko BIDEGILEAK (PDF)
Aingeru Irigaray Irigaray BIDEGILEAK (PDF)

Aingeru Irigaray HAINBAT ARTIKULU


Arturo Campionen hilobia

DSCF0521

Iruñeko San Jose hilerrian, Biritxitun, familiaren panteoian dago lurperatua Arturo Campión (Iruñea 1854ko maiatzaren 7a-Donostia 1937ko abuztuaren 18a?) euskalari, politikari eta idazle ezaguna.

DSCF0522

Antza, bere heriotza datarekin gorabeherak daude, izan ere, gaztelaniazko Wikipedian 1937ko abuztuaren 18an zendu zela esaten zaigu, Bidegileak bilduman (PDF) eta euskarazko Wikipedian urte bereko irailaren 5ean, eta hilarrian 1938ko abuztuaren 18ko data heldu da.

DSCF0525

Hilobia aurkitzea oso erraza da, hilerria handixe izanik ere. Ekialdetik sartu behar da, aparkalekutik. Ekialdean hainbat sarrera dago, erraustegiarena (eraikin berria) alde batera utzita, Etxe bat ikusiko dugu: hori da sarrera zaharra (burdinezko ateduna) eta hori bera hautatuko dugu sartzeko. Bidea zuzen segituz, Sarasate musikari ezagunaren mausoleora ailegatuko gara eta horren ondoan, zuhaitz baten atzean, dago hilobia, gaineko argazkiak erakutsi bezala.

Arturo Campion (PDF Bidegileak)

Euskofilia: Arturo Campionen sortetxea (2007-01-12)


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu