Archive for azaroa, 2007

Jose Ariztimuño “Aitzol”en hilobia

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Jose Ariztimuño Olaso “Aitzol apaiza Tolosan jaio zen 1896ko martxoaren 18an eta Hernanin hil 1936ko urriaren 18an. Tropa frankistek Hernaniko hilerriaren murruaren kontra fusilatu zuten, Lapurdiko erbestetik bueltan Galerna untzian harrapatu zutenean.

Aitzol gerra aurreko abertzaletasunaren habeetako bat da, baina guk bereziki Euskal Pizkundea deitutako garaiaren sustatzaile izan zelako ekarri dugu hona.  Lizardi (PDF) edo Lauaxetak euskal poesiari ekaritako loraldiaren abiapuntu da Aitzol.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Fusilatu guztiak hilerriaren murruetatik kanpo zulo batean lurperatu zituzten. Gaur egun leku horri gela bat egin zaio, eta bertan dago Aitzol beste fusilatuekin batera. Gela horretarako sarbidea hilerriaren barnetik egiten da, ate nagusitik sartuta, hilerri osoa zeharkatu behar dugu, eta amaieran eskaileratxo batzuk aurkituko ditugu, gela horretara garamatzatenak.

Jose Ariztimuño “Aitzol” (PDF)

1 Comment more...

Euskargazkik urtebete egin du

Oharkabean pasatu zait! Hil honen 5ean Euskargazkik urtebete egin zuen. Denbora gehiago daramalako sentsazioa dut halere. Urtebetean zenbat gauza sartzeko aukera izan dudan! Euskal Herriko herrialde guztietako argazkiak daude jada; Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Xiberokoak.

Jakina, oraindik asko falta dira eta gehien bat Euskal Herriko ekialdeko argazkiak daude momentuz, bertan ibiltzen bainaiz gehien. Dena den, askotan esan dudan bezala, ongi etorriak dira zuen aportazioak!

Oraingoz 50 leku inguru agertzen dira Euskargazkin, ea hurrengo urterako ehun diren!

Asko gozatzen ari naiz blog hau egiten, espero dut zuek ere gustura hartzea hemen agertzen direnak.

 


Agustin Kardaberazen sortetxea

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Hernaniko etxe honetan sortu zen Agustin Kardaberaz Elgorriaga idazlea 1703ko abenduaren 29an, eta Italiako Bolonian, Castel San Giovannin hil 1770ko urriaren 18an. Bertan lurperatu bazuten ere, 1908tik Loiolako santutegian dago.

Kardaberaz Jesusen Lagundiko apaiza izan zen eta teologia irakaslea ere bai. Loiolan Larramendirekin bizi izan zen eta lagundia kanporatu zutenean Italiara joan zen. Bere garaiko korronteen haritik, apologista izan zen eta dozena liburutik gora idatzi zituen, erlijiosoak gehienak, itzulpenak batzuk baina esan bezala apologiak eta euskararen ingurukoak ere bai. Berezitasuan zera da: euskaraz idatzi zuela bere obra.

Etxea gaur egungo Kardaberaz kaleko 25.ean dago, Hernaniko Alde Zaharrean, aurkitzen erraza da beraz. Honako oroigarria dakar gainera: “Aita Agustin Kardaberaz (1703-1770) etxe honetan jaio zen”.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Agustin Kardaberaz


  • Kategoriak

  • Copyright © 1996-2010 Euskargazki. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu