Bilboko Plaza Barrian dago, 15.ean, leku pribilegiatu batean. Bertan dago Azkue biblioteka ere. 1985 aldera estrenatu zuen Euskaltzaindiak egoitza hau, Arbieto kalean zegoen behin behinekoa eta akademiaren lehen egoitza izan zen Erribera kalekoa utziz.
Archive for otsaila, 2007
Blas de Oteroren sortetxea
Poeta Bilboko Hurtado Ametzaga kaleko 28. zenbakian jaio zen 1916ko martxoaren 15ean. Bere obra gaztelaniaz idatzi bazuen ere, azken garaietan, poesia existentzialaren eta batez ere sozialaren garaian, eragin handia izan zuen euskal gizartean, esate baterako, Arestirengan.
Sabin etxea
Bilboko Ibáñez de Bilbao kaleko 16.ean dago, Albiako lorategien parean hain zuzen. Gaur egungo Sabin etxea dagoen tokian zegoen Sabino Aranaren sortetxea, bere aitak 1857an eraikia. Frankistek suntsitu zuten, eta jeltzaleek gaur egungo eraikina altxatu zuten 90. hamarkadaren hasieran.
Sabino Arana bere ekintza politikoengatik ezaguna bada ere, guri atal linguistikoa interesatzen zaigu, nahiz eta ideologo honengan biak bereiztea sobera erraza ez den. Bera da hainbeste gatazka piztu zituen euskara garbizalearen sortzaile eta bultzatzailea eta Azkue eta Unamuno lehiakide zituela Bizkaiko Aldundiak atera zuen Bilboko Instituturako euskara katedrarako hautagai ere izan zen 1887an.
Sabin Etxea
Sabino Arana (alor politikoa soilik, linguistikoaz luze mintzatzen denik ez dut topatu).
Unamunoren sortetxea
Bilboko Alde Zaharrean dagoen Erronda kaleko 16. zenbakian jaio zen 1864. urtean Migel de Unamuno y Jugo pentsalaria, etxe honetan alegia.
“La Cava” etxeak
Bilbon, Deustuko Unibertsitateen etorbideko 10.ean, Deustoko Unibertsitatearen eskuinaldean justu daude La Cava etxeak, ezkerretik eskuinera, Ibarra eta Villalongakoa. Bizkaiko burgesiaren erakusgarri dira eta 1869. urtean eraiki zituen Gabriel María Ibarrak. Etxeak eraiki eta bi urte beranduago, 1871an, Villalongakoan, hots, eskuinekoan, bere biloba jaio zen: Julio-Gabriel Ospin-Urkixo Ibarra Goikoetxea Aranbarri, guretzat Julio Urkixo euskalari ezaguna. Alboko etxean, Ibarran, Rafaela Ibarra bizi izan zen, Julioren izeba, 1984an beatifikatua eta kanonizatze bidean. Gaur egun etxe horiek monjen esku daude eta eskuinekoa nesken ikasle-egoitza da; noski, atean dagoen oroigarriak soilik Rafaela Ibarra aipatzen du, inolaz ere ez Julio Urkixo.
Gabriel Arestiren sortetxea
Bilboko etxe honetan sortu zen 1933an Gabriel Aresti Segurola poeta, Barroeta Aldamar kaleko 2 zenbakian, 6. pisuan dauden ganbaretan hain zuzen ere. Ez du horren inolako oroigarririk. Udaletxea ikusten da etxe honetatik, ibaiaren bestaldean.
Lazarragaren dorretxea
Larrea herriko dorretxe honetan sortu zen Joan Perez de Lazarraga XVI. mendearen azken herenean, eta eta bertan hil 1605ean. Gazte zelarik idatzi zuen gaur altxor kontsideratzen dugun gai ez erligiosoko eskuizkribua, ustez Arabako euskararen lekuko dena.
Etxea ikustea sobera zaila ez bada ere, bertaraino ailegatzen jakin behar da: Elizaren kanpandorre ondotik abiatzen den errepidea hartuta, segituan zuzen jarraitzeko edo eskuinera jotzeko aukera izanen dugu. Bada, eskuinetara egin beharko dugu. Bide honek 180ºtako bira egiten du eta etxearen atzealdea ikusiko dugu segituan. Aurrealdea ikusteko bidea jarraituko dugu, bertan bukatzen delarik. Gaur egun dorretxeak baserria du itsasirik, eta alboko ateak 1 zenbakia du.