Orain hilabete zenbait euskal filologia, hizkuntzalaritza, literatura eta abarrekin zerikusia duen bloga sortu nuen, Euskofilia alegia. Bigarren pausoa emateko unea iritsi da.

Karreran (Euskal Filologian) ikusten ari naizenez, izen, leku, data eta gisa horretako asko azaltzen zaizkigu, eta askotan ikaskideei izugarri kostatzen zaie horiek buruan sartzea, besterik gabe, begiez sekula ikusi ez dituztelako.

Irudi batek mila hitz baino gehiago balio omen duenez, ikaskideentzako zein turismo kulturala egin nahi duen zeinahirendako, tresna nemotekniko moduko hau sortu dut. Zinez errazagoa izanen da herri bat, pertsona bat edo gertaera bat gogoratzea, irudien bitartez ikusten badugu.

Azkenik eta amaitzeko,  ohar batzuk:

1.- Ez naiz inondik ere argazkilari profesionala (ezta asmorik ere) beraz argazkien kalitatea diskutigarria izanen da askotan, halere, jakin ezazu eta oroit, hau ez dela blog artistiko bat, blog praktikoa baizik, tresna bat.

2.- Hemen plazaratuko ditudan argazkiak guztiz publikoak dira, beraz  libre da erabiltzailea berauek kopiatu, eraldatu, tamainaz eraldatu edota zeinahi lekutan plazaratzeko. Dena den, argazki bat hartzean iturria aipatzea eskertzekoa litzateke. Argazki bat(zuk) nahi izanez gero, argazkiaren sarreran bertan komentario baten bidez eskaria egin eta posta elektronikoz igorriko n(it)u(z)ke. Bestela, zuzenean kopia daiteke blogetik.

3.- Blog hau hasi berri dudanez, hemendik aurrera hartutako argazkien kalitatea hobetzen saiatuko naiz.

4.- Argazkiak atal eta azpiataletan sailkatuko ditut, bilaketak errazteko.

5.- Blogaren akatsak zuzendu edo bere edukiak handitzeko zeinahi ohar ongi etorria izanen da, baina aldaketak justifikatu beharko dira.

EKAITZ SANTAZILIA